
Inoren konturako langile naizenez, zein gastu desgraba ditzaket?
2015-03-23
Inoren konturako langile naizenez, zein gastu desgraba ditzaket?
Inoiz autonomo izan bagara edo erregimen horretan dagoen lagunen bat badugu, jakingo dugu jarduera profesionalarekin lotutako hainbat gastu kengarriak direla, eta horretarako tiketak gorde beharra dagoela, bezeroekin egindako otorduetakoak edo taxi-bidaietakoak, adibidez, eta baita laneko gastuen fakturak ere. Baina, zer gertatzen da inoren konturako langileekin antzeko gastuak egiten dituztenean?
Esaterako, enpresa bateko langileak desgraba al dezake bilera batera joateko bere automobilean egin duen gasolina-gastua? Edo, lekualdaketak direla-eta, hotela edo dietak ordaindu behar baditu? Ezezkoa da erantzun laburra. Luzeago azalduz, gastu mota hori enpresak langileari nominan ordaintzen dio "dietak” dioen kontzeptuan. Beraz, zergei dagokienez enpresaren gastuak dira, ez langilearenak.
Orduan, ba al da gasturen bat inoren konturako langileak desgraba dezakeena? Estatu mailan badago horrelakoren bat, baina oso gutxi, egia esanda:
- Gizarte Segurantzako kotizazioak, funtzionarioen derrigorrezko mutualitate orokorrei ordaindutakoak, eskubide pasiboen murrizketak eta umezurtzen ikastetxeei edo antzeko erakundeei kotizatutako zenbatekoak.
- Sindikatuen eta lanbide-elkargoen kuotak. Lanbide-elkargoen kasuan, kuotak kengarriak izango dira elkargoko kide izatea nahitaezkoa denean jarduera aurrera eramateko (abokatuak, medikuak edo arkitektoak, adibidez). Desgrabazio-oinarria gehienez urteko 500 eurokoa izango da. Sindikatu edo lanbide-elkargo bateko kide bagara, garrantzitsua da kontuan hartzea aukera hori normalean ez dela azaltzen aitorpen-zirriborroan. Hortaz, kuota horiek PFEZn kengarri gisa aurkezteko, erakunde horiei tributazio-egiaztagiria eskatu beharko diegu eta, aitorpena guk egiten badugu, zenbateko horiek dagokien laukian adierazi.
- Defentsa juridikoko gastuak, zergadunaren eta soldata ematen dionaren arteko auziekin lotura zuzena dutenak. Gastu kengarri horiek gehienez 300 eurokoak izango dira urtean; kaleratzeek, kontratu-amaierek edo soldata edo kalte-ordainen erreklamazioek sorrarazitako egoerei dagozkie.
- Gizarte Segurantzari edo funtzionarioen derrigorrezko mutualitate orokorrei egindako kotizazioak, eskubide pasiboengatiko murrizketak eta umezurtzen ikastetxe edo antzeko erakundeei egindako kotizazioak, bai eta zergadunek erakunde edo instituzioei ordaindutako zenbatekoak ere, horiek, indarrean dagoen arautegiarekin bat, Gizarte Segurantzari dagozkion kontingentzia jakin batzuen prestazioa bereganatu badute.
- Herri-hautapeneko kargu politikoek eta izendapen askeko kargu politikoek euren erakunde politikoari nahitaez emandako zenbatekoak.
- Zenbateko horien muga lanpostu hori betez lortutako etekin osoen % 25 izango da, betiere etekin horiek zergadunaren errenta-iturri nagusia baldin badira.
Zein da zure erreakzioa?