IoT: nola eduki etxe adimendun segurua

IoT: nola eduki etxe adimendun segurua

2 min.

IoT: nola eduki etxe adimendun segurua

Azken urteotan teknologian egin den aurrerapen esanguratsuenetako bat Gauzen Interneta (IoT) da. IoT terminoak (Internet of Things, ingelesezko sigletan) gailu fisikoen Internet bidezko interkonexioari egiten dio erreferentzia, datuak bildu eta partekatzeko aukera emanez, lan egiteko, komunikatzeko eta bizitzeko modua erabat eraldatuz.

 

Zer gailu sartzen dira kategoria horretan?

Wearableetatik (jantzi daitekeen teknologia, erlojuak edo eraztun adimendunak) gure etxean aurkitzen ditugun gailuetara (hozkailuak, segurtasun-kamerak edo argiztapen-sistemak), gailuen digitalizazioak konektibitate- eta funtzionaltasun-aro berri bati eman dio bide.

IoTari esker, eguneroko objektuak, hala nola etxetresna elektrikoak, ibilgailuak eta segurtasun-gailuak, orain datuak bildu, elkarren artean komunikatu eta urrunetik kontrola daitezke. Horrek gure bizitzetan eraginkortasuna eta erosotasuna hobetzeaz gain, aukera berriak irekitzen ditu hainbat arlotan, hala nola etxearen automatizazioan, osasunean eta hiri adimendunetan.

Hala ere, IoT gailuen erabilerak erronka berriak ere baditu zibersegurtasunaren arloan. Etxe adimenduna babestea ez da soilik teknologiaz gozatzea, baizik eta gure bizitza digitalak eta fisikoak salbu mantentzea. IoT gailuak segurtasunik gabe erabiltzeak honako hauek eragin ditzake:

  • Baimendu gabeko sarbideak: IoT gailuak ez badira behar bezala konfiguratzen, ziberdelitugileentzako sarbide izan daitezke.
  • Informazioa lapurtzea: ziberdelitugileak gure gailuetara sartzen badira, bertan gordetako informazioarekin ez ezik, sare berera konektatutako gainerako gailuetan gordeta dagoen informazioarekin ere egin daitezke.
  • Ransomwarea instalatzea: gailu horiek malwarez infektatu daitezke, datu pertsonalak edo finantzarioak edo gailuaren kontrola galtzea eraginez.

 

IoT gailuak zibereraso posibleetarako sarrera-bektore bat izan ez daitezen, segurtasun-neurri hauei jarraitzea komeni da:

  1. Aldatu pasahitz lehenetsiak: ziurtatu gailuen pasahitzak aldatzen dituzula etxean instalatzen dituzunean, betiere pasahitz sendoak eta bakarrak erabiliz, ziberdelitugileei sarbidea oztopatzen dietenak.
  2. Desaktibatu beharrezkoak ez diren funtzioak: gailu batek erabiltzen ez dituen ezaugarriak baditu (entzute aktiboa, adibidez), hobe da desaktibatzea segurtasun-arrakalak saihesteko.
  3. Ezabatu erregistro zaharrak: informazio-ihesik gerta ez dadin, ezabatu aldian-aldian erabili behar ez dituzun datu-erregistroak. Horrela, informazio-ihes horietan ager daitekeen informazio-kantitatea mugatuko duzu.
  4. Eguneratu aldian-aldian firmwarea eta erabili suebaki on bat: horrela, gailuak eta konektatzen diren sarea balizko zibererasoetatik babestuko dituzu.
  5. Aktibatu faktore anitzeko autentifikazioa: gailuak ahalbidetzen badu, funtzio hori gaituz gero, baimenik gabeko sarbideak saihestuko dira.
  6. Segmentatu sareak: ahal izanez gero, azter ezazu IoT gailuentzat sare bereizi bat sortzea, eta, beraz, segurtasun-arrakala badago, ez da zure sare nagusia arriskuan jarriko.

 

Jardunbide egoki horiei jarraituz, etxe adimendun batez gozatu ahal izango duzu balizko zibererasoetatik aldenduz. Gogoratu beti erne egotea eta zure informazioa babestea.


Zein da zure erreakzioa?