«Jendeak ikusten ez dituen hainbat ofizio daude liburu batean atzean»

«Jendeak ikusten ez dituen hainbat ofizio daude liburu batean atzean»

«Jendeak ikusten ez dituen hainbat ofizio daude liburu batean atzean»

Hemen ere entzun dezakezu

Harkaitz Cano, idazlea

14 urterekin bazekien idazle profesionala izan nahi zuela, 19rekin argitaratu zuen bere lehen poema liburua, Kea behelainopean bezala. Ordutik profesional askorekin egin du lan eta era guztietako proiektu profesionaletan parte hartu du. Hirutan izan da Euskadi Sariaren irabazle, eta beste hiru aldiz lortu du Espainiako Kritikaren Saria. Idazle moduan gauza asko egin ditu: gidoiak, eleberriak, poesia liburuak, hainbat proiektu kolaboratibo, eta lan sailkaezin batzuk, zinean, telebistan, literaturan, irratian, proiektu handi eta txikietan, kolektiboetan zein pertsonalagoetan. Hala ere egin duen gauza bakarra idaztea izan da, beti modu berberean: profesionaltasunez. 30 urte joan dira Arantxa Iturbe eta Jaime Otamendirekin Euskadi Irratian kolaboratzen hasi zenetik eta nekez aurki daiteke gaur egun euskal literaturan Harkaitz Cano baino idazle profesionalagorik.

 

Entzun gure podcasta eta egin haren harpidedun Apple Podcastsen, Google Podcastsen, Spotifyn edo gogokoena duzun podcast-plataforman. Kapituluaren transkripzioa aurkituko duzu post honetan, irakurgarri izan dakizun editatua.

 

HARKAITZ CANO. Enkarguetan hori da polita, eskaintzen dizute gauza bat, zuk ematen duzu eskatu dizutena ustez baina saiatzen zara beste zerbait ere, oso zurea dena, proiektu horretan jartzen. Ez bazara benetan enkarguen egikaritzaile, ejekutore hutsa. Badago hori, eta uste dut enkargua egiten dizunak ere benetan horregatik egin dizula. jakinaren gainean bion artean iritsiko garela leku ezberdin eta ustekabeko batera.

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). 90ko hamarkadaren hasieran, irratian ametsak kontatu…

 

HARKAITZ. Etorri hona goizero jeiki berria izan bazina bezala eta kontatu gaur izan duzun ametsa. Noski, bezperan idatzitako amets bat izaten zen baina bazen oso ariketa polita eta baita ere beraien, Jaime eta Arantxaren kontrastea neukan berehala. Joan nintzen ikasten irratiko testu bat ez dela testu idatzi bat, ez dela egunkariko testu bat, ze nabardura, ze desberdintasun, nola errepikatzeak eta erritmo jakin batean irakurtzeak baduen bere garrantzia eta beste hainbat kontu, ez?

 

IRATI (LK). Nerabezarotik Donostian bizi den arren, Harkaitz Cano Lasarte-Orian jaio zen, 1975ean, eta Zuzenbidea ikasi zuen, bere ogibidea idaztea izan den arren. Idazle izatearen ametsa zeukanean, Lubaki Bandako kide zen.

 

HARKAITZ. Norberak etxean idazten zuena ekarri eta denon artean beste zerbait bihurtzen saiatu. Emanaldiak egiten genituen han eta hemen, maketa bat grabatu genuen, almanake bat atera genuen, Arantzazuko kalendarioaren modukoa, baina zita literarioekin. Hori Joxerra Garziaren enkargu bat izan zen, bera garai hartan idazleen elkarteko lehendakaria zen eta berak enkargatu zigun.

 

IRATI (LK): Maketa eskuz egin zuten, 400 kasete erosi eta grabatuta. Almanakea ere bai, fotokopiak, guraizeak, eta aurrera. Bere lehen artefaktu literario jostari izan zen, literaturari bizitza emateko, literatura errealitatean modu berritzaile batean sartzeko bere lehen ahalegina.

 

HARKAITZ. Ze literaturak behar du errealitatearekin harremanen bat. Lotuagoa. Egutegi bata hori da, egunero egunero baduzu zure dosi literarioa. Ba, pentsa aterako bagenu jatetxe txinatar horietan atera dituzten zera horiek, zitak edo batizinioak. Beti euki dugu fantasia hori nire arrebak eta biok. Hori Leireren ideia da. Nola zergatik ez azukarilloen ordez edo txokolatetxoaren ordez, galetatxo bat euskal herrian eta barruan egon dadila zita bat edo euskal poeta baten lerrotxo bat.

 

IRATI (LK). Eta ez bazaizu gustatzen poeta beti daukazu gaileta.

 

Literatura errealitatera, kalera, gizartera, bizirik dagoen jendearengana eramateko gogo, bulkada, obsesio hori beti euki du gure gonbidatuak. Eta alderantziz. Errealitatea begiratu eta Harkaitz Canok beti topatu du horrenbeste maite duen literatura.

 

HARKAITZ. Uste dut gure lanaren parterik politenetakoa hori dela. Kalean zoazela derrepente zerbaitek egiten du horrela eta esaten duzu, a, literatura. Ez dakit zer den hori. Hau niretzako. Edo hau ipuin baten hasiera da. Edo hau koadernora doa, ez? Kalean zoaz eta entzuten dituzu bi emakume hizketan ari dira eta batek esaten dio besteari “y entonces yo le dije al médico traigo al niño para que me lo arregle” eta zuk esaten duzu a, hau da.

 

IRATI (LK).. Ya está. Ipuina.

 

HARKAITZ. Eta askotan horrela da. Horrela sortzen dira.

 

IRATI (LK). Dozena bat hizkuntzatara itzulitako idazlea eta idazle saritua da Cano. Ezagunena den bere eleberriarekin, Twist-ekin, 2012an, lortu zuen Euskadi Saria, bere bigarrena. Lehena, 2005an etorri zen, Belarraren ahoa eleberri laburrarekin. Ordurako bere ipuinek lortuak zituzten Donostia Hiria eta Ignacio Aldecoa sariak, eta gazteagotan hainbat aldiz irabazi zuen Urruzuno Literatur Lehiaketa. Fakirraren ahotsak, bere azken nobelak, 111 Akademiako irakurleen eta Espainiako Kritikaren sariak lortu ditu. Canoren literaturak izen ona dauka kritikoen eta irakurleen artean. Baina horiez gain baditu idazle baten beharrean zegoen jendearekin, enkarguz egindako proiektu asko eta horiekin asko ikasi duela dio.

 

HARKAITZ. Zu zeure kaxa iritsiko ez zinatekeen lekuetara heltzen zarela horrela. Pixka bat zure buruari arauak jar ahal dizkiozu lan bat egiteko orduan. Bueno, egingo dut poema liburu bat soneto formatoan. Ados. Araua jarrita dago. Baina beste norbaitek jartzen dizuenean araua, azkenean beste norbait horrekin afinidade bat badago, ez baldin bada erabat arrotza zaizun enkargu bat, beti zure burua estutuz iritsn zara leku nire ustez interesgarri batera. Egia da enkargu-enkargu-enkargu, enkarguen segida bat bihurtzen bada zure lana iristen dela momentu bat horrelako ansiedade bat sortzen dela eta zuk berez fabrikatik kontatu nahi zenuen hori berreskuratzeko gogoa etortzen dela. Oreka bat bilatzea da kontua.

 

IRATI (LK). Malgutu, zabaldu burua

 

HARKAITZ. Azkenean zure obsesioa besteen obsesioekin kutsatzen da eta obsesio berri eta zabalago bat eta beharbada sanoago bat sortu dezakezu.

 

IRATI (LK).. LABORAL Kutxan sarri esaten dugu badagoela beste modu bat, taldelanean eta kooperazioan oinarritutako beste modu bat. Eta geuk ere uste dugu sanoagoa izan daitekeela. Horrek ez du esan nahi, jakina, tarteka ez daudenik norberak bakarrik egin beharreko lanak baina horiek ere behar izan dute talde ahaleginen bat. Liburuak, esate baterako, ez dira kontakizuna idatzi duen pertsonarenak soilik.

 

HARKAITZ. Idazlen lana badirudi, nobelista baten lana, bakartia dela eta bada, baina behin nobela entregatzen duzularik prozesua hasi baino ez da egin, komatxoen artean. Hor badago zuzentzaile bat, badago editore bat, badago maketatzaile bat, badago norbait erabakitzen duena lerro arteko taimana zein izango den, papera aukeratzen duena, badago inprentorea, badago banatzaile bat, jendeak ikusten ez dituen hainbat ofizio daude liburu batean atzean. Liburuak ikusi eta jendeak pentsatzen dute egilearengan. Egilea bai, baina bederatzi, hamar pertsona badaude hor atzean.

 

IRATI (LK). Sorkuntza artistikoan parte hartzen duten guztien lana ikusaraztea eta aitortzea erreibindikatzen du Canok ahal duen guztietan. Bere izena, berriz, gero eta gehiago gustatzen zaio lehen lerroan ez egotea, edo are, ikusezina izatea.

 

HARKAITZ. Ze horiek dira bisibilidadearen kontrakoak. Hau da inbisibilidadea. Bizi gara ikusgarritasunaren gizartean. Baina ni benetan erakartzen nauena ikusezintasuna da. Ez zure lana gutxietsia edo baztertua edo ez konsideratua izan delako baizik eta egiten duzun horrek duelako relebantzia gehiago zuk baino eta relebantzia hori erradarraren azpian mugitzen den zerbait delako.

 

IRATI (LK). Proiektu horietako bat, bere karrerako bitxiena beharbada, sukaldaritza liburu bat da. Edo bestiario bat. Edo fikziozko lan bat. Edo guzti hori. 2006an, Andoni Luis Aduriz sukaldariaren Mugaritz jatetxeko plateretako haragi eta arrainak fikziozko piztiak zirela imajinatu zuten Adurizek berak eta Santos Bregaña artistak. Pizti horiek marraztu egin zituen Jose Belmonte ilustradoreak eta haiei buruzko ipuinak idatzi zituen Harkaitz Canok Bestiarium Gastronomicae liburuan. Horrekin aski ez eta lana Adurizekin aurkeztu zutenean okurritu zitzaien esatea ipuin horiek ez zituela Harkaitz Canok idatzi.

 

HARKAITZ. Ipuin hauek, esan dezagun egia, badakigu topatu ditugula Mugaritzeko inguruetan zegoen baserri abandonatu bateko ganbara batean eta berez idatzi zituela Julia Mardaras izeneko antropologo batek. Eta ze deskubrimendu handia Julia Mardaras euskal lurretan barrena. Humboldt bailitzan

 

IRATI (LK). Hori da, Humboldt izango balitz bezala.

 

HARKAITZ. Orduan horrela aurkeztu genuen. Gyula Madarâsz-en liburu bat. Liburu hori ni hor agertzen nintzen itzultzaile bezala. Alegia, bazegoen itzultzaile bat hungariera-gaztelania. Eta orduan…eta nik gaztelania-euskara…

 

IRATI (LK). Hau zen edo kazetariak liluratzeko edo erotzeko egindako esperimentu bat.

 

HARKAITZ. Aurkeztu genuen liburu bat esanez liburu horretako piztietan oinarrituta Andonik egin zituela urte horretako platerak. Horrela zirkulu guztia osatzen zen. Eta erakusketa bat egin zen Koldo Mitxelenean, non bitrina batean jartzen genuen eskuizkribu bat hungariarez jakina eta… non truko guztia kontatzen genuen.

 

IRATI (LK). Hungariarez jakina.

 

HARKAITZ. Hungariarez jakina. Orain, egia zer zen? Hungarieraz jarrita zegoen erakusketaren hasieran. Zuk hungarieraz ez badakizu ez dan nire errua. Esan nahi dut…

 

IRATI (LK). Baina nork ez daki gaur egun…hungariera [Barreak].

 

HARKAITZ. Pixka bat igo behar da gure kultur maila.

 

IRATI (LK). Pettiren kantu honetako letran, poesian, narratiban, Harkaitz Canok idazteko estilo propioa du, identifikagarria, oso, eta era berean apur bat ikusezina, bikaintasunaren azken froga ahalegina ez nabaritzea baita. Teknikoki abila, oso elegantea, prosa karismatikoa dauka Canok eta era askotako artistekin lan egitea erraztu dion sentiberatasun artistikoa. 2016an, Itzal zaunka egin zuen, Jexusmari Lopetegi musikoarekin eta Antton Olariaga ilustradorearekin. Olariagaren marrazkietatik istorio bat ateratzea zen erronka. Marrazki horietan txakur bat agertzen, txakur suizida bat.

 

HARKAITZ. Jarri genituen arau batzuk. Bi irudi amaitu gabe zeuden eta berak koadro batean jarri zuen nik nahi nuena marrazteko aukera. Orduan hau da irudia baina prerrogatiba bezala zuk eska dezakezu zure istorioari ondo doakion zerbait. Eta gero konprometitzen zen istorioa borobiltzeko bi irudi estra egiteko. Arau horrekin nik idatzi nuen testua eta sortu zen liburua

 

IRATI (LK). Gero musika…

 

HARKAITZ. Gero musika, Jexus Mari Lopetegiri eman genion enkargua horrek iradokitzen zizkion kantuak egiteko. Ez dute zerikusi zuzena diskoarekin badira diskoaren hedapen bat. Bada beste proiektu bat radarraren azpikoa. Oso gutxi saldu. Ikusezina izan zen. Baina klaro liburu ilustratu bat, zakur suizida bati buruzkoa, existentzialista…horrela saltzeko bezain burugabeak izan ginen, e, uf, jada prentsaurrekoan bertan dakizu ez dela ‘best-seller’ bat izango…

 

IRATI (LK)Itzal zaunkan ezezik beste hainbatetan ere kolaboratu du gure gonbidatuak musikariekin eta musika taldeekin. Melodientzako letrak proposatuz edo melodiei letrak jarriz. Igor Calzadarekin hasi zen lan horretan. Lan konplikatu horretan.

 

HARKAITZ. Hor badago ikasketa prozesu bat. Hor hasi nintzen. Jarraitzen dut pentsatzen letragile ertaina naizela. Letraren arima eskapatzen zait. Oso-oso zaila da kantu letra biribil bat egitea. non … ez dakit… Martin larralde, melodia eta hitza elkar hartuta doazenak baina maila atomikoak, jada ezin dute elkar berezi. Hori lortzea oso-oso konplikatua da, ematen duena baino konplikatuagoa. Ze azkenean 150 hitz dauzkazu edo gutxiago eta hor ebazten da dena eta alkimia oso berezia da eta ondo ateratzen denean hauskortasun horretan oso ederra da.

 

IRATI (LK). Mursego, Oskorri, Sorkun, Ken Zazpi… era askotako musikariekin egin du lan Canok eta era askotako diskoetan. Hala ere harritu zen Petti gitarrajole nafarrak esan zionean: hartu nahi zituela Noam Chomskyren ustez manipulazio politikorako erabiltzen diren 10 estrategia nagusiak eta bakoitzarekin kantu bat egin nahi zuela, disko bat osatu arte.

 

HARKAITZ. Bai, Petti da esan zidana. Aizu, manipulazio estrategiak, hemen Chomskyren dekalogo hau dago… Eta nik esan nion “joe, Petti, Chomskyren habil… ostras, e, proiektu hau ezinezkoa da…”

 

IRATI (LK). Puro rock and roll…

HARKAITZ. Proiektu hau ezinezkoa da. Beraz, bai, bai, noski egingo dugula. Eta bai gauza bera izan zen, destilazio prozesu bat eta hartu destilazio prozesu bat egitea eta hartu ideologiaz blaituta jositako 10 puntu eta horiek kantagarri egin. Eta oso ondo pasa nuen. Ze lanaren zati handi bat eginda zegoen. Zer kontatu nahi genuen Chomskyrekin ados geunden. Lan bakarra zen hori euskaraz modu literario eta jostari baten kontatzea. Izugarri ondo geratu zen. Berez nik hor egin nuen medium lana ez zen oso konplikatua izan.

 

IRATI (LK). Enkarguz egindako lan sailkaezin, maiz kooperatiboen zerrenda luzea dauka Canok. Hor daude, besteak beste, Joserra Senperera [entzun LABORAL Irratiak egin zion elkarrizketa ] musikoarekin eta Dora Salazar artistarekin egindako Cuentos para adultos, katalogo-artefaktu-almanake surrealista bat; Oh, luna! Santos Bregañarekin batera egin zuen porzelanazko liburua; Kintsugi, Goiener energia-banatzaileak eskatutako ipuin utopikoa; Gararekin publikatu zen Izozteko adina atalkako nobela distopikoa; eta Fermin Muguruzak [entzun LABORAL Irratiak egin zion elkarrizketa ]proposatu zioenean inoiz ez zela egingo pentsatu zuen pelikula eta komikia, Black is beltza.

 

HARKAITZ. A, bai, hori oso bitxia izan zen, ze izan zen Ferminek zeukan folio bat eta folio horretan zegoen albiste bat eta zen Iruñeako erraldoiei ez diete utzi desfilatzen 1968-67 urtean. Orduan hemendik abiatuta egin behar dugu pelikula bat. Eta hor lana izan zen akordeoia desplegatzea eta gero lana izan zen akordeoia ixtea. Ze Fermin hain bolkanikoa da, zaila baita gidoi, paper sorta baten gainean jartzea berak buruan daukan guztia. Eta nire lana hori izan zen ia-ia bulkanologoarena gehiago, gidoilariarena baino. Lehenbizi atera zen komikia, Jorge Alderetek egin zuena, eta gero pelikula, hor gidoilari gehiago ere baziren. Eta orain jarraitzen du prozesuak , laster etorriko da Ainhoa, Black is Beltza 2 eta aurrekoan bezala prozesuaren lehen zatian lagundu diot eta gero Isa Campo gidoilaria sartu da eta Susana Campo marrazkilaria eta beste

 

IRATI (LK). Eta komikia zen pelikula aurreko lana? Ze, hasieran pelikula izan behar zen, ez?

 

HARKAITZ. Bai. Nik konbentzitu nuen komikia egiteko. Ze nik benetan uste nuen pelikula ez zela egingo.

 

IRATI (LK). Ez zenuen posible ikusten.

 

HARKAITZ. Gero konturatu nintzen Fermin tartean badago ezin dela pentsatu zerbait ez denik egingo. Bera oso seguru zegoen. Eta esan nion, bueno, Fermin, oso ongi, baina zergatik ez dugu komikia egiten. Eta pelikula egiten bada, ondo. Eta bestela, komikia daukagu. Eta berak esan zuen, “bueno, bueno, bale, komikia egingo dugu baina pelikula ere bai”. Film animatua, ez? Eta film animatua egin genuenean berak esan zuen, “bueno, baina nik uste dut orain badakidala gehiago film animatuak nola egingo diren, beraz, egingo dugu bigarren zatia”… eta esan nion jada ez nintzen ausartu esatera ezinezkoa zela…

 

IRATI (LK). Ezagutzen zenuen…

 

HARKAITZ. Beraz, aurrera doa proiektua. Eta nahiko aurreratua dago.

 

IRATI (LK). Elkarlanerako gogoa galdu ez duen seinale, bere azken proiektua. Teatroan lanean aritu da Ximun eta Manex Fuchs anaiekin, oso modu berezian

 

HARKAITZ. Ez naiz idazten ari obra bat haientzat, baizik eta haiekin idazten ari naiz. Orduan horrek esan nahi du pauta batzuk ematen direla, gidoilariak pentsatzen dituela egoera batzuk. Baina gero askotan inprobisatzen da oholtza gainean. Hori dena grabatu egiten da bideoz, ensaioak grabatzen dira eta grabatutakoa berrikusi eta berriro hasten da prozesua. Berriro idazketa prozesu bat… eszena bat proposatu, beharbada oraingoan dialogatuxeagoa, haiekin ensaiatu eta buelta. Eta joan etorri horiekin iritsiko da momentu bat non esango duen norbaitek bi aste falta dira estreinatzeko eta…

 

IRATI. Honaino.

 

HARKAITZ. Eta hori izango da antzeslana.

 

IRATI (LK). Beste lan batzuk ere egin ditu teatrorako. Azkena, Sisiforen paperak, Egunkaria auzian oinarritutako antzeslan gogoangarria. Itxiera baten kontrako kronika, hasiera baten aldeko aldarri bihurtu zuen Canok, harria mendian gora behin eta berriz eraman behar zuen Sisiforen mitoa modu positiboan berrinterpretatuz.

 

HARKAITZ. Egia da, ez nuen inoiz horrela pentsatu baina agian zerikusia du lehen esaten nizunarekin. Ensaioaren edertasuna gorestea da. Gaur ensaiatu dugu, gustatu zaigu, bai, baina hobeto egin dezakegu. Eta bihar beste bat, eta beste bat eta beti dira desberdinak. eta atzokoa memorian dago, baina memoria ere tranpatia da. Eta berriro eta berriro. Rafa Berrioren kantu horretako letra hori bezala. Sentitzen dut bizi izan dudana simulakro bat bezala. Sekula egin ez den funtzio baten saiakera batean ari banintz bezala. Gero etorriko den beste bizitza baten funtzioan parte hartzekotan ensaiatzen ari bagina bezala baina gero ez dago besterik.

 

IRATI (LK). Egongo dira idazle batzuk, sortzaile batzuk nahiago izango dutenak proiektuak hasi eta buka, libertate artistiko osoarekin egin eta era horretako proiektuak ere behar izaten dira, baina taldekideekin arau batzuk ezarrita lan egiteak jolasaren libertatea dakar gogora, haurrek ere arauekin jolasten baitute.

 

HARKAITZ. Nik uste dut hori dela guztiaren ernamuina, hori da ez? Ume batek arau batzuen arabera, ume talde batek jolas bat jolasten badu harrapatzen zaitudanean kartzelara zoaz, ados, hori da araua. Eta momentu batean norbaiti okurritzen zaio, klix klax, etxean nago. Eta orduan beste umea geratzen da, “ostras, transgresioa”, orain arau berri bat dago, orain etxe bat dago. A. Bale. Eta hori da jolasaren seriotasuna. Eta hori da guztiaren jatorria. Arau batzuk. Arauaren transgresioa, onartzea transgresio hori edo ez. Eta hurrengo, hurrengo ensaiora.

 

IRATI (LK). Bokazio goiztiarra, ofizio eta bizitza osorako pasio bihurtu du Canok. Sortzea, ibiltzea, egitea, idaztea, zorion hori bilatzea hobetsi du bere karreran, ahalik eta modu profesionalean jokatuz, baina azken emaitzaren garrantzia erlatibizatuz. Azken baten, huts egiteak ezinbestekoak dira eta Txalorik ez, mesedez saiakera idatzi zuen idazleak ondo dakienez, kanpotik datozen sariak eta aitortzak ez dira hain inportanteak. Idazteak zoriontsu egiten duelako da Harkaitz Cano idazle eta zorioneko idazlea da, Ramon Saizarbitoriak euskarazko lehen nobela modernoaren tituluan jarri zuen bezala, beretzat zorion hori egunero hasten delako.


Zein da zure erreakzioa?