Kontsultatu 2020ko errentaren aitorpena egiteko berritasunak
2021-04-19
Kontsultatu 2020ko errentaren aitorpena egiteko berritasunak
Udaberria iritsi dela adierazten digun gauzetako bat Ogasunarekin urtero izaten dugun hitzorduarekiko gertutasuna da. Eta, duela urtebete bezala, zergadun askok berriz ere gure gaitasun digitalak probatu beharko ditugu errentaren aitorpena modu telematikoan egiteko, gutxienez Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan bizi garenok. Izan ere, errentaren kanpainak aurten Bizkaiko zergadunei dakarkien berritasunetako bat da, lehenengoz, denek aitorpena eginda jasoko dutela beren etxeetan, baita norbere kontura lan egiten dutenek ere. Jarraian, lurralde historiko bakoitzean eta Foru Erkidegoan jarraitu beharreko izapideak azalduko dizkizugu.
Aitorpenaren berritasunak Bizkaian
Hasieran adierazi dizugun moduan, honako hau da Bizkaiko errenta-kanpainaren berritasun nagusia: zergadun guztiek, baita autonomoek ere, aitorpena eginda jasoko dute lehenengoz, eta Foru Ogasunak ezagutzen ez dituen datu batzuekin osatu beharko dute, besterik gabe. Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako eredu berriari esker, aitorpen-proposamen bat prestatu ahal izango da zergadun guztientzat (orain arte % 55ek bakarrik jasotzen zuten). Bizkaiko Lurralde Historikoan errentaren aitorpena online egiteko ezinbestekoa da Aldundiak aitortutako identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoren batean alta ematea, eta pertsona bakoitzak bere etxean jasotzen duen errenta-gakoa izatea. Apirilaren 6tik aurrera, zergadun bakoitzak gutun bat jasoko du etxean, eta bertan, honako informazio hau jasoko da: aitorpen-zirriborroa, Bak gakoa aktibatzeko kodea eta zure aitorpena aurkezten laguntzeko ordezkaritza-gakoa. Dena zuzena bada, aurkeztu baino ez du egin beharko; informazioa okerra bada edo informazio guztia ez badago, datuak ezabatu, editatu edo datu berriak gehitu ahal izango ditu. Daturik falta ez bada eta aitorpenaren emaitza itzultzekoa bada, Aldundiak aurkeztutzat joko du, automatikoki, ekainaren 11n. Bizkaiko Ogasunak 94 608 3000 telefonoa du zalantzak argitzeko, eta kanpainari buruzko informazio guztia eskainiko du bere apparen bidez.
Nola egin aitorpena Gipuzkoan?
Joan den urtean bezala, kanpaina honetan ere Gipuzkoako Ogasunak errentaren autolikidazioa egingo die lurraldeko zergadunen erdiei baino gehiagori, martxoaren 30etik aurrera beren aitorpena berrikus dezaten eta, hala badagokio, apirilaren 12tik aurrera onar dezaten. Online aitorpena Zergabidea zerbitzuan aurkez daiteke erabiltzaile ahul gisa (errentaren aitorpena bakarrik), edo gako operatiboa, BakQ, BAK edo Ziurtagiria duen erabiltzaile gisa (errenta eta ondarea) . Zalantzaren bat izanez gero, Gipuzkoako Foru Ogasunak aldez aurretiko hitzorduaren zerbitzua gaitu du errenta mekanizatua deiturikoa eskuz egiteko, ordenagailuaren bitartez. Kanpainari buruzko informazio guztia esteka honetan dago.
Errentaren aitorpena Araban
Arabako Ogasunak errentaren aitorpena egiteko modalitateak mantenduko ditu aurtengo kanpainarako, baina berritasun batzuekin:
- RentaFácil. Modalitate honen bidez, Foru Ogasunak aitorpen-proposamen bat bidaliko du zergadunaren etxera, apirilaren 7tik uztailaren 16ra. Oraingoan, RentaFácil duten zergadunen kolektiboak alokairuan bizi diren pertsonak hartuko ditu barne, baita etxebizitza bat errentan ematen dutenak ere. FentaFácil zerbitzuaren erabiltzaileek Aldundiaren jakinarazpena jasotzen dutenean, Aldundiaren webgunean sartu ahal izango dute etxebizitzari buruzko datuak osatzeko, hau da, alokairuaren etekinak edo kenkariak adierazteko. Gainera, beste ekitaldi batzuetan ez bezala, aurten, Aldundiak ez du etxera bidaliko aitorpen-zirriborro osoa, jakinarazpen bat eta azken emaitza baizik; gero, zergadunak hura onartu edo kontsultatu ahal izango du bere ordenagailuaren edo gailu elektronikoaren bidez.
- RentaRed. Modalitate honek laguntza-programa bat du aitorpena Internet bidez egiteko. Programa hori apirilaren 6tik aurrera egongo da eskuragarri, eta partikularrek nahiz finantza-erakunde, gestoria eta aholkularitzek erabili ahal izango dute. Horretarako, zergadunak identifikatu egin beharko du BAK gakoen bidez edo beste ziurtagiri digital baten bidez, aitorpenaren zirriborro osoa ikusteko eta alokairuko etxebizitzari buruzko datuak sartzeko. Gako hori ez dutenei izapidea errazteko, Foru Ogasunak gako horiek aktibatzeko kodea txertatuko du zergadunen etxeetara bidaliko duen jakinarazpen-gutunean.
- Aurrez aurrekoa. Modalitate hori Foru Ogasunaren Gasteizko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan egin ahal izango da.
Errentaren online aurkezpena Nafarroan
Nafarroako Foru Ogasunaren kasuan, aitorpena online aurkezteko epea apirilaren 7an hasi eta ekainaren 25ean amaituko da. Foru Gobernuak ez die aitorpen-proposamena bidaliko zergadunei; izan ere, zergadunek Ziurtagiri Digital bat eskuratu edo NAN elektronikoa erabili beharko dute beren zirriborroa webgunearen bidez egiaztatu ahal izateko. Aitorpena prestatzeko telefono bidezko laguntza behar dutenek maiatzaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute, eta hitzorduak maiatzaren 6tik aurrera ematen hasiko dira. Aurrez aurreko hitzorduak maiatzaren 27tik aurrera egin ahal izango dira. Nafarroan, errentaren kanpainarako arreta-telefonoa 948 106 106 da, eta posta elektronikoa, berriz, hacienda.navarra@navarra.es. Edonola ere, gogoratu LABORAL Kutxako zure kudeatzailearekin harremanetan jar zaitezkeela zure errentaren aitorpenarekin zerikusia duen guztiari buruzko laguntza pertsonalizatua lortzeko. Adibidez:
- Ogasunak bidalitako autolikidazioa edo zirriborroa berrikusi eta balioztatu ahal izango duzu.
- Zure aitorpenari buruzko zalantzak argitu ahal izango dituzu.
- Aholkularitza pertsonalizatua jasoko duzu, zerga-kenkariak lortzeko eta, hala, zure hurrengo aitorpenaren emaitza optimizatzeko.
Gai horiei edo beste batzuei buruzko laguntza behar baduzu, jarri harremanetan zure kudeatzailearekin, zure Online Bankako «Kontaktua» atalaren bidez. Hortxe izango gaituzu.
Zein da zure erreakzioa?