Kontsultatu abiadura-mugen aldaketak eta zigor berriak, berriro gidatu aurretik

Kontsultatu abiadura-mugen aldaketak eta zigor berriak, berriro gidatu aurretik

3 min.

Kontsultatu abiadura-mugen aldaketak eta zigor berriak, berriro gidatu aurretik

Azkenean, pandemia arintzen hasi zaigu eta, poliki bada ere, pixkanaka normaltasunera itzultzen ari gara, batik bat mugikortasunari dagokionez. Joan-etorrien gorakada errepideetan ere ikusten da: jende asko hasi da autoa berriro erabiltzen asteburuetan planen bat egiteko.  Izan ere, joan-etorriak pandemiaren aurreko mailetara itzuli dira, eta hiri batzuetan % 50 inguru hazi dira.

Trafiko-arau eta zehapen berriak maiatzetik aurrera

Bada xehetasun bat oso kontuan hartu behar duzuna, gidatzen ari zarenean: maiatzaren 11n trafikoko arau berrietako batzuk indarrean jarri ziren, eta, lehengoekin alderatuta, aldaketak daude. Neurri berrietan, zenbait aldaketa daude abiadura-mugetan, zigor berriak mugak gainditzeagatik eta gidariek bete beharreko hainbat arau ere jasotzen dira. Hona hemen horietako batzuk:

  • Abiadura-muga berriak. Hiritik edo herri barruko bideetatik zirkulatzen duzun bakoitzean, zer bide-mota den hartu beharko duzu kontuan zure abiadura doitzeko.
  • Plataforma bakarreko bide batetik zirkulatzen baduzu, hau da, galtzada eta espaloia maila berean badaude, gehieneko muga 20 km/h da.
  • Noranzko bakoitzeko errei bakarra duen bide bat erabiltzen baduzu, gehienez 30 km/h-ko abiaduran zirkulatu ahal izango duzu. Muga hori Bilbon indarrean dago, jadanik, 2020ko irailetik.
  • Errepideak bi errei edo gehiago baditu noranzko bakoitzeko, gehieneko muga 50 km/h-koa izango da.
  • Zigor berriak. Garrantzitsua da abiadura-muga berriak gogoan izatea, ez betetzeak zigor ekonomiko handiak dakartzalako berekin. Zehazki, isunik arinenak 100 €-koak izango dira, eta larrienak 600 €-koak, gidabaimeneko 6 puntu kentzeaz gain. Bi mutur horien artean, zehapenak gogorragoak dira, arau-haustearen larritasuna handitu ahala: 300 euro eta 2 puntu, 400 euro eta 4 puntu, eta 500 euro eta 6 puntu. Gainera, kontuan izan behar duzu hiri-inguruneko abiadura-mugak 20 km/h-ra eta 30 km/h-ra murriztu direla; beraz, oso erraza da huts egitea eta isuna jasotzea. Esate baterako, plataforma bakarreko bidean 21 eta 40 km/h artean zirkulatzen baduzu, edo autobidean 121 km/h eta 150 km/h arteko abiadura hartzen baduzu, 100 euroko isuna ordaindu beharko duzu.
  • Gehieneko aurreratze-abiadura. Beste neurri berri bat errepide arruntetan aurreratzeko gehieneko abiadurarekin lotuta dago. Araudi berriak bertan behera uzten du autoarekin zein motozikletarekin aurreratzeko orain arteko 20 km/h-ko tartea, eta egoera guztietan gehienezko mugak errespetatzera behartzen du.
  • Erregaia hartzeko, itzali irratia eta mugikorra. Trafikoari buruzko ordenantza berriaren arabera, ibilgailuko sistema elektriko guztiak, irratia eta telefono mugikorra barne, itzali behar dira erregaia hartzerakoan. Aurreko ordenantzaren arabera, nahikoa zen argiak eta motorra itzaltzea.
  • Mugikorra erabiliz gero, puntu gehiago kenduko dira. Hemendik aurrera, gidabaimeneko sei puntu kendu eta 200 euroko isuna jarriko da gidatzerakoan mugikorra erabiltzeagatik. Zigor ekonomikoaren zenbatekoa aldaketaren aurreko berbera da, baina erretiratutako puntu-kopurua bikoitza.
  • Lau puntu gutxiago gerrikoa ez erabiltzeagatik. Araudi berriaren ondorioz, segurtasun-uhala, haurren aulkiak edo kaskoa ez erabiltzeagatik gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira, eta ez 3, orain arte bezala.

Horiek dira Trafiko Araudi berriarekin indarrean sartu diren arau nagusiak, baina denak ezagutu nahi badituzu, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsulta ditzakezu. Gainera, ez ahaztu ibilgailu motordun guztiek erantzukizun zibileko estaldura duen aseguru bat izan behar dutela kontratatuta, kalte pertsonal eta materialei aurre egiteko.  Zure auto-aseguruaren prezioa LABORAL Kutxan kalkulatu nahi baduzu, gure simulagailuan datu erraz batzuk sartu eta berehala lortuko duzu.


Zein da zure erreakzioa?