Zer egiten dugu LABORAL Kutxan lan duina eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko?

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan lan duina eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko?

4 min.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan lan duina eta hazkunde ekonomikoa bultzatzeko?

Hazkunde ekonomiko inklusiboa eta jasangarria, enplegua eta lan duina sustatzea guztiontzat. Hori da NBEren 2030 Agenda osatzen duten Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako (GJH) zortzigarrena eta Iñaki Pardos artista inspiratu duena gure 2023ko egutegian maiatzeko ilustrazioa sortzeko, tradizionalki langileen eskubideei lotutako hilabetea baita maiatza. LABORAL Kutxarentzat funtsezko kontua da hori; izan ere, 60 urtez baino gehiagoz, kreditu-kooperatiba gisa gure helburu nagusia izan da, finantza-jardueratik abiatuta, enplegua eta aberastasuna sortzen laguntzea eta gure ingurunearentzat eta gure gizartearentzat modu zuzen eta bidezkoan aurrerapena bultzatzea.

Inork ezin du zalantzan jarri helburu horren garrantzia: 2020an, ia 500 milioi lagunek ez zuten enplegu nahikoa edo ondo ordaindua, 188 milioi inguru langabe zeuden eta beste 165 milioik enplegua bazuten, baina ordaindutako ordu gehiago lan egin nahi zuten (Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, LANE).

Hala, maiatza aprobetxatuko dugu kontatzeko LABORAL Kutxan zer egiten dugun ekoizpen-jarduerei laguntzeko, ekintzailetza sustatzeko, enpresa txiki eta ertainen hazkundea bultzatzeko, lan-eskubideak babesteko eta banku-, finantza- eta aseguru-zerbitzuetarako sarbidea zabaltzeko, hau da, Nazio Batuen 8. GJHan jasotako helmuga espezifikoetan aurrera egiteko.

GURE INGURUAN

MONDRAGONETIK mundura

MONDRAGON Korporazioaren barruan sortu ginen eta gure sorrerako konpromisoetako bat da korporazioko kooperatibek lana, enplegua eta aberastasuna sortzeko egiten duten ahalegina bultzatzea. Urtero, gure emaitzen % 25 gizartera itzultzen dugu zuzenean, eta zati handi bat MONDRAGON Korporazioari laguntzera bideratzen da, Korporazio berdingabea munduan; izan ere, 2020an hamaikagarren lekua lortu zuen munduko enpresa eraldatzaileenen “Change the world” rankingean.

Banatu daitekeen etekinaren ia erdia gizarte-ekonomian eta kooperatibismoari ematen zaion laguntzan inbertitzen dugu, hainbat tresna eta proiekturen bidez, hala nola Kooperatiben Hezkuntza eta Sustapenerako Funtsa (KHSF-FEPI) eta Zentro Korporatiboari egiten zaion ekarpen ekonomikoa. Gure azken Jasangarritasun Memorian ikus ditzakezu xehetasunak.

Korporazioaren barruan, kooperatiba bat da LABORAL Kutxa, besteak bezalaxe, baina, aldi berean, kooperatiba bat baino zerbait gehiago ere bagara. MONDRAGON Korporazioaren enpresa- eta industria-proiektuak finantzatzen dituen kreditu-erakunde gisa, funtsezko pieza gara kooperatiba-esperientzia industrial handiena eta munduko berrikuntza sozialeko ekosistema kooperatibo handiena den hori garatzeko. Hala adierazi dute berriki New York Times egunkari eta New Yorker aldizkari ospetsuek.

Krisiaren aurkako txertoa: ekonomia sozialeko enpresak

LABORAL Kutxan gurea bezalako kooperatibei eta ekonomia sozialeko enpresei ere laguntzen diegu, finantzaketa-lerro berezien bidez eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeekin lankidetza-hitzermenak eginez. Horien artean daude, besteak beste, Berriup enpresa-azeleratzailea, Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresa Konfederazioa (CEPES), harekin 2016az geroztik elkarlanean ari gara ekonomia sozialeko enpresei finantzaketa errazteko eta haien hazkundea sustatzeko, edo Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkartea (ANEL), harekin iaz berritu genuen gure lankidetza, finantzaketa eta Next Generation funtsak eskuratzen jarraitzeko.

Espainiako estatuan ekonomia sozialeko 40.000 erakunde baino gehiago daude, BPGd-ren % 10 inguru eragiten dutenak, eta 2 milioi laguni baino gehiagori ematen diete lana, zuzenean edo zeharka. Gainera, partaidetzan, lankidetzan, konpromisoan, kudeaketa demokratikoan eta lurraldearekiko loturan oinarritutako enpresa-eredu honek erakutsi du erresilienteagoa dela krisi ekonomikoen aurrean.  

Startupak, ekintzaileak, ETEak, autonomoak: negozioak sendotzeko edo bultzatzeko finantzaketa berezia.

Gainera, aurrerapen kolektiboarekin eta gure herrialdearen garapen ekonomiko eta soziokulturalarekin konprometitutako kreditu-kooperatiba den aldetik, LABORAL Kutxak hainbat hamarkada daramatza lanean NBEren 8. GJHan jasotako helburuetako bat betetzeko: mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen formalizazioa eta hazkundea sustatzea.

Horretarako, LABORAL Kutxan EaSI finantzaketa-lerroa dugu, LABORAL Kutxaren eta Europako Inbertsio Funtsaren arteko hitzarmenaren emaitza, pertsona ekintzaileen, startupen, autonomoen eta enpresa txikien etorkizuna bultzatzeko. Haien eskura jartzen dugu finantzaketa baldintza berezietan, beren negozioak sortu edo finka ditzaten.

Elkarlanean ari gara, halaber, beren negozioak hobetu, zabaldu edo berritu nahi dituzten autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei laguntzeko Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako planekin. AFA programa, autonomoentzat eta gehienez 5 langile dituzten enpresentzat, eta AFIPYME programa, plantillan 6 eta 100 langile bitarte dituzten enpresentzat.

 Gure Gaztenpresa Fundazioak sortzen lagundutako enpleguak eta negozioak

Finantzaketa-lerro berezi horiez gain, ezin dugu aipatu gabe utzi Gaztenpresa Fundazioak egiten duen lana, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua, LABORAL Kutxaren gizarte-lanaren arlokoa. Haren helburua da enplegua sortzen eta finkatzen lagunduko duten ekimenak babestea eta ekintzak garatzea. 2021ean, Gaztenpresak 278 negozio eta enpresa sortzen lagundu zuen, eta 547 lanpostu sortu zituzten haiek.

Aholkularitzan, prestakuntzan, akonpainamenduan eta finantzazioa baldintza egokietan ematen egin duen lanari esker, Gaztenpresak lagundu du milaka enpresa-proiekturen arrakasta-aukerak handitzen, kultura ekintzailea eta enplegurik gabeko pertsonak lan-merkatuan sartzea bultzatu du, eta sare sozioekonomiko bideragarria, bidezkoa eta berdintasunezkoa indartzen lagundu du. Duela 30 urte baino gehiago sortu zenetik, Gaztenpresak 6.200 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du, eta 11.400 lanpostu baino gehiago sortu dituzte enpresa horiek.

Emekin programa: negozio-ideiak dituzten emakumeak ahalduntzea

Gure bezeroei behar dituzten finantza-tresnak eskaintzeaz gain, elkarlanean dihardugu garapen ekonomikoaren eta gizarte-aurrerapenaren alde egiten duten erakundeekin eta entitateekin.

Duela 15 urtetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearekin elkarlanean ari gara Emekin programan. Programa horren helburua da enplegua sustatzea negozio-ideiak enpresa-proiektu bihurtu nahi dituzten emakume ekintzaileentzatEmekin programak dozenaka enpresa martxan jartzen lagundu du, emakume ekintzaileei era guztietako tresnak eskainiz, hala nola laguntza integral pertsonalizatua genero ikuspegia aintzat hartuta, ekintzailetzari buruzko tailerrak, enpresa-gaitasunei buruzko prestakuntza, bakoitzaren beharretara egokitutako finantzaketa edo bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko zerbitzuak.

Hori guztia azaldu zuen Inma Ramosek, Gaztenpresako zuzendariak, Laboral Irratia Enpresan egin genion elkarrizketan:

 

GURE ERAKUNDEAN

Bidezko eta berdintasunezko soldata, IBEX-35eko batez bestekoa hausten duena

Soldata da LABORAL Kutxa eta MONDRAGON Korporazioko gainerako enpresak eta erakundeak bereizten dituen gauzetako bat. Inoiz galdetu badiozu zeure buruari gainerako langileek baino zenbat gehiago kobratzen duten lanpostu exekutiboetan ari diren pertsonek, argi eta garbi erantzun nahi dizugu: LABORAL Kutxan gehien kobratzen duenak plantillaren batez besteko soldata halako 4,76 jasotzen du. IBEX-35eko enpresetan, gehien irabazten dutenen soldata 118 aldiz handiagoa da gutxien irabazten dutenena baino. 118 lagunek adina irabazten du pertsona bakar batek. Bidezko eta berdintasunezko ordainsaria da, zalantzarik gabe, gure ezaugarrietako bat, bai LABORAL Kutxan, bai MONDRAGON Korporazioan.

Ahalegina egiten dugu generoaren araberako soldata-arrakala murrizteko

Generoagatiko diskriminazioa da munduko hazkunde ekonomiko inklusibo eta jasangarria geldiarazten duten oztopo handietako bat. NBEren kalkuluen arabera, berdintasuna lortzeko bidean urrats erabakigarriak egiteko neurriak hartzen ez badira, ia 70 urte beharko dira gaur egun gizonak eta emakumeak bereizten dituen % 23ko generoko soldata-arrakala desagerrarazteko.

Diskriminazio hori amaitzeko, LABORAL Kutxan hainbat berdintasun-plan egin ditugu, arlo horretan aurrera egin ahal izateko. Une honetan emakume bazkide gehiago gara gizon bazkide baino (% 51,86 eta % 48,14, hurrenez hurren) eta, lanpostu berdinean soldata berdina dugu erakundeko pertsona guztiek. Hori bai, % 12,2ko generoko soldata-arrakala  dago oraindik ere, eta zuzendaritza-postuetan gizonek presentzia handiagoa dutelako gertatzen da hori.

Hain zuzen ere, emakumeak erakundeko zuzendaritzan sartzeko, duela urte batzuk Jabekuntza Eskola jarri genuen abian, eta eman ditu bere emaitzak: kudeaketa-organo gorena erabat parekidea duen Espainiako finantza-sistemako erakunde bakarra gara.Gure Kontseilu Errektorea gizonek eta emakumeek kopuru berean osatuta egoteak alde handia ezartzen du IBEX-35eko batez bestekoarekin, haietan % 33,5ekoa baita emakumeen batez bestekoa administrazio-kontseiluetan.

Segurtasun eta Osasun Batzordea dugu, denon segurtasuna zaintzen duena

Honako hauek dira LABORAL Kutxan gure langileen osasuna eta segurtasuna zaintzeko ditugun tresna nagusiak: Segurtasun eta Osasun Batzordea, Prebentzio Plana, Laneko Segurtasun eta Osasun Politika eta Zainduz Osasun Plana.

Segurtasun eta Osasun Batzordea da erakundean lan egiten dugun pertsona guztion segurtasuna eta osasuna zaintzen dituen organoa. Haren betekizuna da laneko arriskuekin loturiko eginkizunak dituzten langile guztiek prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta gaitasun profesionalaren alorretan dituzten beharrak identifikatzea. Gainera, 2022tik, gaixotasun psikosozialak kudeatzeko metodologia berria aplikatzeaz ere arduratzen da batzorde hori, hau da, erakunde baten barruan gertatzen ari diren disfuntzionalitateak kudeatzeaz, enpresaren funtzionamenduari eta, bereziki, langileen ongizateari eragiten dietenak.

Auditoriak ere egiten ditugu aldian-aldian. Horiek laguntzen digute gure lana etengabe ikuskatzen eta funtsezkotzat hartzen dugun alor horretan hobetzen, hertsiki loturik baitago kooperatiba gisa dugun nortasunarekin eta banka egiteko beste modu bat dagoela erakusteko dugun konpromisoarekin. Ahalegin horren guztiaren ondorioz, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko OHSAS 18001 ziurtagiria lortu dugu.

Osasuna, segurtasuna eta ongizatea babestea: horixe da gure prebentzio-planaren helburua

Laneko segurtasuna eta osasuna prebenitzeko plana da LABORAL Kutxak duen tresna enpresa-kudeaketan prebentzio-jarduera integratzeko, eta hartan ezarria dago Laneko Segurtasun eta Osasun Politika. Planaren helburu nagusiak dira langile guztien osasuna, segurtasuna eta ongizatea zaintzea eta lantokiaren jasangarritasuna bultzatzea, bai eta lanpostuak gero eta leku seguruago eta erosoago bihurtzea ere.

Gainera, Osarten elkarteko Prebentzio Zerbitzu Mankomunatuko kidea da LABORAL Kutxa, eta Laneko Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeko Sistemaren OHSAS ziurtagiria du.

Guztion erantzukizunean oinarritutako Laneko Segurtasun eta Osasun Politika

LABORAL Kutxan konfiantza dugu erakundea osatzen dugun pertsona guztien profesionaltasunean, eta badakigu guztion erantzukizuna dela plantillaren segurtasuna eta osasuna zaintzea eta gure jarduerak zein arrisku dakartzan ezagutzea.

Printzipio horri jarraiki, erakundearen Zuzendaritza Nagusiak du sistema gidatzeko eta beteko dela zaintzeko eginbeharra, eta honako konpromiso hauek ditu ezarrita:

  • Lanari lotutako arriskuak identifikatzea, ebaluatzea eta kontrolatzea, prebentzio-jardueraren plangintza eta jarraipena egitea.
  • Bizimodu osasungarriak sustatzea.
  • Langile guztiei informazioa eta prestakuntza ematea lan-arriskuei buruz eta arriskuei aurrea hartzeko moduei buruz.
  • Kooperatibaren jardueran laneko segurtasun- eta osasun-irizpideak txertatzea.
  • Horretarako behar diren baliabideak jartzea.
  • Sistema aldian-aldian berrikustea, kanpoko eta barruko auditorien bidez.
  • Arlo honetan aplikatzekoak diren legezko baldintzak betetzea eta betearaztea.

Zainduz Osasun Plana

Gure langileen osasuna zaintzeko, duela urte batzuk Zainduz jarri genuen martxan, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko plana. Plan horrek, besteak beste, balio izan du gure bulegoetako vending-makinetatik elikagai ultraprozesatuak kentzeko, osasunari buruzko hitzaldiak eta prestakuntza eskaintzeko, edo Laboral by bike abian jartzeko, bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzeko programa. Programa horren bidez egunean euro bana ematen zaie lanera joateko autoaren ordez bizikleta aukeratzen dutenei.

Gizarte- eta ingurumen-irizpideak kontuan hartzen dituzten enpresekin egiten dugu lan

LABORAL Kutxan balio, printzipio, estandar eta jokabide-arau batzuen arabera bideratzen dugu gure jarduera, eta gurekin lan egiten duten enpresei eta pertsonei ere aplikatzen dizkiegu balio, printzipio, estandar eta arau horiek. Gizarte- eta ingurumen-irizpideak aintzat hartzen dituzten kontratatzeko prozedurak eta sistemak diseinatu ditugu enpresa hornitzaileekin.

Sariak, lehiaketak eta aintzatespenak, sortzen den leku horretan talentua bultzatzeko

Azkenik, LABORAL Kutxan gure laguntza ematen diegu negozio txikiak babesten eta ideia berritzaileak dituzten gazteak animatzen dituzten, edo gizartearen aurrerabidea bultzatzen duten era guztietako ekimen sozialei, lehiaketei eta sariei.

Behar gaituzten eta ekarpena egin dezakegun toki horretan egotea gustatzen zaigu. Horregatik, hainbat ekimen bultzatzen ditugu urtero, hala nola Schola Fundazioak Valladolideko Unibertsitateko ikasleen konpromiso soziala aintzatesteko antolatzen dituen Unibertsitatearekiko Konpromisoaren Sariak, edo Nafarroako Merkataritza Ganberak ematen dituen Sustainable Company sariak, Nafarroako enpresek jasangarritasunaren arloan egiten duten apustua aintzatesteko.

Gure laguntza dute, halaber, AMPEA sariek: Arabako lurralde historikoan aitzindari diren emakumeen talentua eta bikaintasun profesionala aitortzen dituzte horiek, edo Lorra sariek: izaera tekniko eta profesionalagatik nabarmentzen diren Bizkaiko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak saritzen dituztenak, bai eta Nazioarteko Elkartasunaren Nafarroa Sariak ere, pertsona, GKE edo erakunde nabarmenak aintzatestea izanik helburu.


Zein da zure erreakzioa?