Osasun-plan integrala dugu LABORAL Kutxan lan egiten duten pertsonentzat: Zainduz
2020-06-25
Osasun-plan integrala dugu LABORAL Kutxan lan egiten duten pertsonentzat: Zainduz
Taldean lan eginez lortzen dira emaitzarik onenak, hori uste dugu LABORAL Kutxan. Eta ziur gaude talderik onenak misioa, ikuspegia eta balioak partekatzen dituzten pertsonak elkartuta lortzen direla, langileen garapen profesionala, ongizatea eta osasuna zaintzen duten enpresa iraunkorretan lan egiten duten pertsonak elkartuta. Horregatik jarri dugu abian Zainduz, LABORAL Kutxa egiten dugun 2.200 pertsona baino gehiagorentzako plana, osasunaren hobekuntza integrala sustatzen duena, bai lantokian, bai kanpoan.
Bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko plana
Garrantzitsua da bizi-ohitura osasungarriak hartzea elikaduran, ariketa fisikoari dagokionez eta lan-ohituretan, besteak beste, funtsezko arloak baitira. Horren inguruan gure plantilla sentsibilizatzeko eta langileen osasun fisikoa eta emozionala hobetzen laguntzeko hasi ziren Zainduz plana garatzen 2018an. Ordutik, ildo horretan lanean dihardu entitateko zenbait profesionalek osatzen duten diziplina anitzeko lantaldea.Lehenengo neurria: kristalezko botilak langile guztientzat
Entitatean lan egiten dugun pertsona guztiei kristalezko botila bana bidaltzea izan zen Zainduzen lehen ekintza. Ingurumenarekiko sentsibilitatea adierazten duen keinu horrekin eman zen jakitera Zainduz plana martxan zela. Era berean, plastikorik ez erabiltzearen eta gorputza modu osasungarrian hidratatzearen garrantzia gogorarazi ziguten. Plastikoa gutxitzeaz gain, ekintzak beste ondorio on bat ere ekarri zuen, botilen kostuaren zati bat errefuxiatuei laguntzera bideratu baitzen tokiko GKE baten bidez.Osasunaren inguruan sentsibilizatzea
Sentsibilizatzea eta informazioa ematea dira Zainduzen zutabeetako bi. Horregatik, aldian behin, osasunarekin lotutako gaiei buruzko solasaldiak eta hitzaldiak antolatzen dira. Hitzordu horietako batean, adibidez, Euskal Telebistako A Bocados saioko Gabriela Uriarte eta Ander Gonzalez bisitan etorri zitzaizkigun LABORAL Kutxaren Zerbitzu Zentraletako jangelara, Arrasatera. Elikadura osasungarriari buruzko ideiak partekatu zituzten gurekin eta jaki gozo batzuk prestatzen erakutsi ziguten. Parte-hartze handienetakoa duen beste ekintzetako bat «Galdera+Mitoa+Erronka» jokoa da, zozketaz betea. Hilero, nutrizioari, ariketa fisikoari, sedentarismoari, hidratazioari eta abarri buruzko galderak erantzuteko gonbita egiten zaie langileei.Elikadura zaintzen dugu
Elikadura giza osasunaren funtsezko alderdietako bat izanik, Zainduzen ardatzetako bat da. Plana abian jarri zenetik, nutrizioaren aldetik aldaketak egin ditugu jantokiko eskaintzan, nutrizionista baten gidaritzapean. Nutrizionista horrek plater guztiak aztertzen ditu eta egunean eskaintzen direnen artean aukerarik osasungarriena proposatzen du.Jantokian egindako hobekuntzen osagarri, hilabete hauetan hobetu egin dugu Arrasateko Zerbitzu Zentraletako vending-makinetako jakien eskaintza: kafearen eta edari beroen makinetan programazioa aldatu da eta orain ez zaie automatikoki azukrerik eransten edariei, erabiltzaileak berak egin behar du hori, nahi badu. Hala, ekintza txiki hortaz konturatuko da eta poliki-poliki azukrearen kontsumoa gutxituko du. Gainera, makina horietatik kendu egin ditugu ultraprozesatutako jakiak, eta planetaren osasuna ere Zainduzen helburuen artean dagoenez, makina guztietako edalontziak biodegradagarriak dira orain, ez plastikozkoak.
Are gehiago: Gabonetan, gehiegikerietarako sasoi aproposa den horretan, Gabonetako menu osasungarriaren proposamena egin zitzaien langileei eta frutaz betetako 40 otarre banatu ziren plantillako kideen artean.
Sedentarismoari aurre egitea, gorputz-jarrera egokiak barneratzea eta lan-mugikortasuna hobetzea
Informazio- eta prestakuntza-ekintzen bidez, elikadura-arloko hobekuntzez gain, jarrera fisiko osasungarriak bultzatu nahi ditu Zainduzek LABORAL Kutxako langile guztion artean. Era berean, sedentarismoari aurre egin diezaiogun eta gehiago mugitu gaitezen sustatu nahi du.2020an Orbearekin batera jardungo dugu, lanerako joan-etorriak bizikleta elektrikoz egiteko plana eskaintzeko. Horretarako, bulegoak egokitu egingo ditugu bizikletak gorde ahal izateko, eta deskontuak eta finantzaketa berezia eskainiko diegu etxetik lanera bizikletaz joan nahi dutenei, MONDRAGON taldeko zenbait kooperatibatan egin duten moduan, ULMA Taldean eta Fagor Industrialen, esaterako.
Datozen ekintzak: emozioak kudeatzeko tresnak eta loaren kalitatea
Finantzen sektorean ere, beste askotan bezala, garrantzitsua da estresa eta lan-kargak gestionatzen ikastea. Zainduzek alderdi horri ere heldu nahi dio, eta arreta jarri gure plantillaren osasun emozional eta psikologikoan. Ildo horretan, datozen hilabeteetarako ekintzei dagokienez, emozioak kudeatzeko tresnak eskaintzeko asmoa dugu, adibidez, mindfulness teknikaren bidez eskura daitezkeenak.Halaber, Gasteizko Santiago ospitaleko Loaren Unitatearekin elkarlanean, loaren kalitatea hobetzeko lan egin nahi dugu, entitateko pertsonen ongizate emozionalaren onerako izan dadin.
Ikusten duzunez, LABORAL Kutxan konpromiso sendoa dugu entitatea osatzen duten pertsonen garapen profesionalarekin. Gure langileek bizimodu zoriontsua eta osasungarria izan dezaten nahi dugu. Zainduzek konfiantza-giroa sortzen lagunduko digulakoan gaude, berrikuntza, talde-lana, konpromisoa eta pertsonen partaidetza aktiboa sustatuko duen giroa. Guretzat ez ezik, onuragarria izango da gure bezeroei zerbitzu hobea emateko eta gizarte osoarentzat baliagarriagoak izan gaitezen, ziur gaude.
Zein da zure erreakzioa?