Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gizarte justu, baketsu eta inklusiboak sustatzeko?

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gizarte justu, baketsu eta inklusiboak sustatzeko?

6 min.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gizarte justu, baketsu eta inklusiboak sustatzeko?

Gatazkak, segurtasunik eza, erakunde publikoen ahulezia eta justizia baliatzeko posibilitate mugatua mehatxu larria dira garapen jasangarrirako mundu osoko hainbat eta hainbat herrialdetan. Datuak etsigarriak dira.  2018an 70 miloi pertsonak baino gehiagok ihes egin zuten gerretatik, jazarpenetatik eta gaztaketatik, eta horixe da ACNUR Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Goi Komisarioak ia 70 urtean jasotako desplazatuen zifrarik handiena. 2019an, giza eskubideen defendatzaileen, kazetarien eta sindikalisten 357 hilketa eta 30 desagertze izan ziren mundu osoko 40 herrialdetan baino gehiagotan. Gaur egun, lau pertsonatatik bat ez da jaiotzean erregistratzen, eta mugatua du bere bizitza osoan justizia eta gizarte-zerbitzuak baliatzeko posibilitatea. 

Horregatik, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 16. helburua eta LABORAL Kutxaren 2023ko egutegiko otsaileko ilustrazioa inspiratu duen indarra gizarte justuagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak sortzea da. Indarkeria, tratu txarrak, giza salmenta, tortura eta haurren esplotazioa gutxituko dituzten gizarteak; pertsona guztiei justizia baliatzeko berdintasuna bermatuko dutenak, eta ustelkeriaren, eroskeriaren eta antolatutako delinkuentziaren aurka borrokatuko direnak, baita legez kontrako diru-fluxuen aurka ere.

Nazio Batuek helburu konkretu batzuk ezarri dituzte eta LABORAL Kutxak bere jardueraren esparruan eta xede horretan laguntzeko 2030 Agendarekin konprometitutako erakunde gisa zer egiten duen kontatu nahi dizugu.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan ustelkeria murrizteko?

Lizuna eta legez kontrakoa izateaz gain, gizarte-berdintasunaren eta gizarte-justiziaren printzipioetarako mehatxu izugarria ere bada ustelkeria. NBEk kalkulatzen duenez, ustelkeriak, eroskeriak, lapurretak eta zerga-ordainketaren saihesteak 1,26 bilioi dolar inguruko kostua eragiten dute, eta diru-kopuru horrekin munduan egunean 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsona guztiei 6 urtez lagundu ahalko litzaieke.

Praktika horiek amaitzeak, horrenbestez, jasangarritasuna bultzatzen du, hitz horren zentzu zabal eta humanoenean, eta LABORAL Kutxan gure erantzukizunaren esparruan gure ahaleginaren ekarpena egiteko konpromiso irmoa dugu.

Horregatik, 2021eko Jasangarritasunari buruzko Memorian azaltzen den bezala, zigor-arloa betetzeko politika bat, eta zenbait araudi eta jokabideari buruzko zenbait kode ditu gure erakundeak: Kode Etiko eta Jokabide Profesionalekoa, Jardunbide Egokiaren eta Sekretu Profesionalaren Gida, eta balore-merkaturako Jokabideari buruzko Barne Araudi espezifikoa. Gainera, Etika Batzorde bat dugu zigor-arloko prebentzio-organo gisa funtzionatzen duena, egitekotzat erakundearen portaera etikoa sustatzea duena eta Salaketen Kanalean planteatzen diren gaiak bideratzen dituena. Barne Auditoretza departamentu bat eta Araudi Betetze departamentu bat ere baditugu, irregulartasunak saihestu, eta arauak eta prozedurak betetzen direla zaintzeko.

Gainera, Espainiako Bankuaren ikuskapenak gainditzearekin batera, urtero aztertzen ditugu gure negozio-unitateak ustelkeria-gorabeherarik gertatzen ez dela bermatzeko. 2021ean, 90 negozio-unitate baino gehiago aztertu genituen presentzialki eta % 100 online, eta ez da ustelkeria-gorabeherarik izan.

Zer egiten dugu... kapitalen zuriketaren aurka borrokatzeko?

Ustelkeriazko praktikei eta eroskeriei aurre egin behar zaienean, LABORAL Kutxaren kudeaketa-politikek arrisku handienak identifikatu dituzte kapital-zuriketaren eta terrorismoaren finantzaketaren aurkako borrokan.

Arrisku horiei aurre egin eta prebenitzeko Barne Kontroleko Organo bat du gure erakundeak, eta organo hori arduratzen da gure “Kapital Zuriketa eta Terrorismoaren Finantzaketa Prebenitzeko Eskuliburua" betearazteaz. Gure plantillako kideek bezeroak onartzeko kontuan hartu beharreko politikak ezartzen ditu eskuliburu horrek, eta delituzko jatorria duten funtsak LABORAL Kutxaren bitartez bideratzea saihesteko jarduketa-arau eta kontrol- eta komunikazio-sistema egokiak ezartzea du helburutzat.

Gainera, kanpo-adituek egiten duten urteroko ebaluazio bat gainditu behar dute barne-kontroleko gure prozedurek. Horrela, gure prebentzio-politikak eraginkorrak izatea eta politika horiek kapital-zuriketarekin eta terrorismoaren finantzaketarekin lotutako arriskuekiko esposizioa gutxitzen lagungarria den etengabeko hobekuntza-prozesu batean egotea ziurtatzen dugu. 2021ean Pricewaterhouse Coopers Auditores SL sozietatearen zerbitzu profesionalak kontratatu genituen.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan... erakunde eraginkor eta gardenak sortzeko, eta erabaki inklusiboak, partizipatiboak eta adierazgarriak hartuko direla bermatzeko?

Hori da NBEk betetzea eskatzen duen helburuetako bat Garapen Jasangarrirako 16. helburua lortzeko eta 2030 Agenda betetzeko. Izan ere, gizakiek osatutako gizarteak justuagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak dira gizarte horiek gobernatzen dituzten, ordezkatzen dituzten eta gizarte horien zati diren erakundeak zenbat eta gardenagoak, demokratikoagoak eta errepresentatiboagoak izan. Horrela izan da beti eta horrela jarraituko du izaten LABORAL Kutxak, 1959an kooperatiba gisa sortutako eta 60 urte baino gehiago igaro ondoren demokraziaren, lankidetzaren, berdintasunaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarritutako banka egiteko modu baten aldeko apustua egiten jarraitzen duen erakundea.

2.200 bazkide baino gehiago gara burtsan kotizatzen ez duen eta bere mozkinen % 25 lankidetzarekin, kulturarekin, kirolarekin, prestakuntzarekin eta ikerketarekin lotutako proiektuetan inbertitzen duen kreditu-erakunde kooperatibo batean lanean, zeinaren erabaki-organo gorena Batzar Orokor bat den, non erabakiak modu partizipatibo eta demokratikoan hartzen diren, bazkide bakoitzak boto-eskubidea duelarik.

NBEk proposatutako  Banka Arduratsuaren 6 Printzipioak sinatu zituzten munduko lehenengo banku-erakundeen artean egon ginen, EthSI ziurtagiria lortu dugu gure aseguru etiko eta solidarioen errekonozimendu gisa eta finantza-sektorean Ingurumen Kudeaketako Sistema bat izan zuen lehenengo erakundea izan ginen, AENOR elkarteak ziurtatutakoa.

Banka egiteko beste modu bat dagoela uste dugu, eta egunero egiten dugulako uste dugu.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan… lege eta politika ez-diskriminatzaileak sustatzeko eta aplikatzeko?

1997an, LABORAL Kutxa izan zen Emakunderen Erakunde Laguntzaile izatearen ziurtapena lortu zuen lehenengo euskal enpresa, eta mugarri bat izan zen hori gure historian, eta ingurune sozio-laboraleko politiken eta euskal finantza-sektorearen historian. Berdintasun egiazko eta ez soilik legezko baterantz aurrera egitea gure nortasunaren oinarrian dago, eta beste mugarri batzuk lortzera ere eraman gaitu horrek, hala nola gure Kontseilu Errektorea Espainiako banku-sistema osoan erabat paritarioa den lehenengoa eta bakarra izatea. Hau da, gure zuzendaritza-organo nagusia gizonek eta emakumeek osatzen dute % 50ean, eta IBEX-35aren batezbestekoa, aldiz, emakumeen % 33,5 da. Azken batean, gure plantillaren isla da hori, emakumezko bazkideak gizonezkoak baino gehiago baitira, emakumeak % 51,86 direnez. Oraindik ere gizonen eta emakumeen arteko % 12,2ko soldata-arrakala dago (estatu espainoleko batezbestekoa % 29,3 da), gizonek erantzukizun handiagoko lanpustuetan orain ere presentzia handiagoa izatearen ondorioz, arrakala urtetik urtera gutxitzen ari bada ere.

Baina genero-berdintasuna ez da kezkatzen gaituen berdintasun bakarra. Bere zentzurik zabalenean ulertzen dugu berdintasuna eta horregatik daukagu enpresa solidario gisa dugun gure egitekoa eta gizarte justuago bat lortzen laguntzeko gure nahia islatzen duen ordainsari-politika bat. Horrela, LABORAL Kutxan gehien kobratzen duen pertsonari plantillaren batez besteko ordainsaria halako 4,76ko zenbatekoa dagokio. Horrekin alderatuta, IBEX-35aren enpresak ditugu, gehien kobratzen duen pertsonari plantillaren batez besteko ordainsaria halako 118ko zenbatekoa baitagokio enpresa horietan.

LABORAL Kutxan harrotasunez begiratzen diogu erakunde inklusibo, partizipatibo eta demokratiko bat izateko egin dugunari, NBEk ere etorkizuneko gizarteak horrelakoak izatea nahi duenez, eta 2030 gainean dugula eta jasangarritasunarekin konprometitutako pertsona, erakunde, instituzio eta gobernuei gizarte justuagoak, baketsuagoak eta inklusiboagoak lortzeko oraindik egiteko asko geratzen zaigula dakienaren apaltasunarekin esaten dugu hori.


Zein da zure erreakzioa?