Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gure ingurumen-inpaktua murrizteko?

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gure ingurumen-inpaktua murrizteko?

4 min.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan gure ingurumen-inpaktua murrizteko?

2010etik 2019ra arteko hamarkada inoiz erregistratutako beroena izan zen, eta hamarkadako azken urtea, berriz, garai guztietako beroenetatik bigarrena. Urte horretantxe, 2019an, atmosferako karbono dioxidoko (CO2) isuriak eta berotegi-efektuko beste gas batzuen isuriak, zeinen kopurua ia % 50 handitu baitzen 1990etik, errekor-mailetara iritsi ziren. Klimaren gaineko ondorioak begi-bistakoak dira: 1880 eta 2012 bitartean, planetako batez besteko tenperatura 0,85 gradu igo zen eta, XX. mendean zehar, itsasoaren batez besteko maila ia 20 zentimetro hazi zen. 

Airea kutsatzen ari da, ozeanoak berotzen ari dira, izotza eta elurra murrizten ari dira, itsasoa hazten ari da: gizateriak klima-aldaketa geldiarazteko neurriak har ditzala behar du munduak. Nazio Batuetako adituek nabarmendu dute ezen, LABORAL Kutxak hitzartutako garapen jasangarrirako helburuak (GJHak) betetzen badira, sor daitekeen egoera txarrena saihestu daitekeela eta munduko batez besteko tenperaturaren igoera 2 gradu zentigradura mugatu daitekeela, industrialdiaren aurreko zenbakietatik abiatuta.

LABORAL Kutxan hori lortzeko lan egiten ari gara eta, 2023ko gure egutegian, uztaila aukeratu dugu, urteko hilabete beroenetako bat, gure ingurumen-inpaktua murrizteko egiten ari garena argitzeko. Jarraian garrantzitsuena kontatuko dizugu: gure nazioarteko aliantzak, gure jasangarritasun-politikaren ardatzak, finantza jasangarrien aldeko gure apustua, gure ingurumen-politikan ezarri ditugun mugarriak, gure bezeroei haiek ere beren ingurumen-inpaktua murriztu ahal izateko ematen dizkiegun zerbitzuak eta ingurumenarekin lotuta egiten ditugun beste ekimen batzuk.

Finantza jasangarrien eremuan entitate aitzindaria gara

2006an, munduko 130 herrialdetako beste milaka enpresa eta erakunde bezala, enpresaren gizarte-erantzukizunaren arloko munduko ekimen boluntario handienari atxiki gintzaizkion eta konpromiso publikoa hartu genuen Munduko Itunaren 10 printzipioak onartzeko. Printzipio horiek, besteak beste, giza eskubideak, lan-arloko arauak, ingurumena eta ustelkeriaren aurkako borroka hartzen dituzte barne. Orduz geroztik, ekimen global garrantzitsuenetan parte hartu dugu ekonomia jasangarriagoa eta bidezkoagoa lortzeko.

2018an, garapen jasangarrirako helburuekin bat egin genuen eta EthSI ziurtagiria lortu genuen, gure aseguru etiko eta solidarioak aintzatetsita. Eta, 2019ko irailean, beste urrats bat egin genuen nazioarteko aliantzen gure politikan, Nazio Batuetako banka arduratsuaren printzipioak sortu zituzten 130 entitateetako bat izan baikinen. Printzipio horien helburua da banku-sistema jasangarri bat lortzeko nazioarteko esparrua ezartzea, GJHekin eta klima-aldaketari buruzko Parisko akordioekin bat etorriz.

Ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin lotutako irizpideak (ESG irizpideak) kontuan hartzen ditugu

Nazio Batuek ezarritako ereduari jarraitzen diogu eta entitate aitzindaria gara finantza jasangarrien eremuan. Alderdi sozialetan aitzindariak gara, baita ingurumen-alderdi batzuetan ere.

Klima-aldaketa eta jasangarritasuna arriskuen balorazioan txertatu ditugu. Gaingiroki, horrek esan nahi du gure entitatera jotzen duten enpresen ondare-egoera eta finantza-egoera baloratzeaz gain beste irizpide batzuk gehitu ditugula, adibidez, zer egiten duten enpresek beren isuriak murrizteko, nola kudeatzen dituzten osasuna eta segurtasuna lan-ingurunean, zer ordainsari-politika daukaten eta zenbat emakume dauden zuzendaritza-postuetan. Hau da, ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernantzarekin lotutako irizpideak (ESG irizpideak, ingelesezko siglengatik), zeinak gure jarduera guztietan orobat aplikatzen baititugu.

Badira 20 urte LABORAL Kutxak ISO 14001 ingurumen-ziurtagiria daukala; horrek bermatzen du ingurumena zaintzen duen enpresa garela eta gure jardueraren ingurumen-inpaktua murrizteko lan egiten dugula.

Nazioarteko printzipio hauek betetzen dituen jasangarritasun-estrategia bat daukagu

Bai ingurumena kudeatzeko gure politika, bai horretatik abiatuta prestatu dugun jasangarritasun-estrategia, bat datoz GJHek, Parisko Akordioak, Aseguruaren Printzipio Jasangarriek, Europako Itun Berdeak eta Europako Batzordearen Finantza Jasangarrietarako Ekintza Planak aldarrikatutako printzipioekin.

Hona hemen gure lehentasunezko jarduketa-ildoetako batzuk:

  • Gure plantilla aktiboki inplikatzea ingurumenarekin arduratsuak diren praktiketan, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren
  • Sortzen ditugun hondakinak minimizatzea.
  • Baliabide naturalen gure kontsumoak murriztea.
  • Gure interes-taldeekin elkarlanean aritzea, hornitzaileekin eta azpikontratistekin dugun harremanean ingurumenaren arloko arauak eta irizpideak txertatuz.

Ingurumena errespetatzen duen eta planetako jasangarritasunarekin konprometituta dagoen entitatea izan nahi dugu eta horrek esan nahi du finantza jasangarrien estrategia integral baten alde egin behar dugula.

Finantza jasangarrien alde egiten dugu

2020an, gure historian lehenengo aldiz, jasangarritasunari buruzko analisi bat egin genuen klima-aldaketarekin lotutako arrisku fisikoak eta trantsizio-arriskuak aztertzeko. Horretarako, TCFD (Task Force On Climate-related Financial Disclosures) lantaldearen gomendioak bete genituen; lantalde hori, hain zuzen ere, Finantza Egonkortasun Kontseiluan (FSB) dago, zeina 2009ko krisiaren ondoren sortu baitzen enpresei finantza-eredu jasangarri bat lortzeko bidean laguntzeko. 

2021ean, diagnostiko horren ondorioei jarraituz, jasangarritasunaren aldeko urrats handiak egin genituen: klima-aldaketaren ondoriozko arriskuen eta aukeren analisia egin genuen, gure gobernantza-politika berrikusi genuen, datuaren gobernantza-plan bat egin genuen, gure plantillari finantza jasangarriei buruzko prestakuntza emateko jarduketak egin genituen eta finantza jasangarriei buruzko estrategia bat proposatu genuen.

A kalifikazioko egoitza zentrala, finantza-sistema osoko lehenengoa

2018an, gure erakundea finantza-sistema osoko lehenengoa izan zen egoitza zentraleko eraikinetan A kalifikazioa lortzen, eraberritze integral bati esker. Bertan, gasoliozko galdara zaharraren ordez geotermia-instalazio bat jarri zen, eta hozte-dorrearen ordez, berriz, biomasa-instalazio bat, tindurik eta bernizik gabeko tokiko zur-ezpalez bakarrik elikatzen dena. Gainera, LED argiak instalatu ziren, leihoetan emisibitate baxuko beirak jarri ziren eta klimatizazioaren eta argiztapenaren efizientzia areagotzeko makinak jarri ziren abian. Aldaketon helburua zen energia fosilen erabilera saihestea eta CO2-ko isuriak murriztea eta, horri esker, % 50 inguru aurreztu genuen gure energia-kontsumoan. Horrek independentzia handiagoa ematen digu erregaien prezioen eboluzioari dagokionez.

Gure elektrizitate guztia energia berriztagarrietatik dator

2020an, finantza-sektorearen jasangarritasun-politiketan mugarri bat markatu zuen eraberritze handinahi hori burutu eta bi urte geroago, beste mugarri bat lortu genuen enpresa jasangarri gisa dugun historian; izan ere, gure karbono-aztarna, berotze globalaren eragile nagusia, % 83 murriztu genuen. Beherakada horren arrazoia da kontsumitzen dugun elektrizitate guztia iturri berriztagarrietatik hartzen hasi ginela.

2023an, LABORAL Kutxak Leintz Gatzagako Ekiola proiektuaren alde egin du, elektrizitate-autokontsumoan eta 0 kilometroko sorketan aurrera egiteko helburuarekin. Proiektu hori Fagor Taldeak eta Arrasateko Udalak ere babesten dute eta eskualdeko ehunka familia beren kabuz energia berriztagarriz hornitzea ahalbidetzen du.

Urtez urte, gero eta ur eta paper gutxiago kontsumitzen dugu

Gure kontsumo elektrikoaz eta erregai fosilen kontsumoaz gain, urtez urte ur-kontsumoa nabarmen murrizten joan gara. 2016 eta 2018 bitartean bakarrik, funtsezko baliabide natural horretatik 3.700 m3 gutxiago kontsumitzea lortu genuen.

Urteak joan ahala, gure lehengai nagusia ere murrizten joan gara, papera, alegia. 2020an, gure kontsumoa % 18,5 jaitsi zen eta aurrezpen horrek gutxi gorabehera 1.150 zuhaitz ez moztea ekarri zuen.

Banka jasangarria, banka lokala

LABORAL Kutxan banka lokalaren alde egiten dugu. Presentzia daukagun tokietan eskuratzen ditugu ondasun eta zerbitzu gehienak, tokiko negozioak eta enpresak babesteko eta gure karbono-aztarna ahalik eta gehien murrizteko. 2021ean, eskuratu genituen ondasunen eta zerbitzuen % 94,2 tokiko enpresetatik etorri ziren eta % 43 gure zerbitzu zentraletatik 100 kilometro baino gutxiagora zeuden.

Planetaren Orduarekin eta Izaiterekin elkarlanean dihardugu

Badira urteak LABORAL Kutxak Planetaren Orduarekin elkarlanean diharduela; borondatezko itzalaldi elektriko hori martxoaren azken larunbatean egiten da, etxeei eta enpresei argiak ordubetez itzaltzeko eskatuz. Gainera, IZAITE Iraunkortasunaren Aldeko Euskal Enpresen Elkarteko kide gara. Irabazi-asmorik gabeko elkarte hori garapen jasangarriarekiko eta gizarte-erantzukizun korporatiboarekiko konpromisoa duten enpresa pribatuen talde batez osatuta dago.

EKIAN parke fotovoltaikoan parte hartzen dugu

Gainera, eredu jasangarriago bateranzko energia-trantsizioan laguntzeko gure estrategiaren barruan, LABORAL Kutxak EKIAN parkean parte hartzen du. Euskadiko parke fotovoltaiko handiena da, 55 hektareako azalera, 24 MW-ko potentzia eta urteko 40.000 MWh-ko ekoizpen zenbatetsia baitauzka. Energiaren Euskal Erakundearen eta MONDRAGON Korporazioko KREAN Taldearen ekimena da EKIAN eta 15 urte baino gehiagoko esperientzia dauka proiektu berriztagarrien egituraketan.

Auzotarren erkidegoei etxebizitzak birgaitzen laguntzeko zerbitzu bat daukagu

Baina jasangarriak izateko etxe barruan egiten duguna ez da nahikoa. Gure bezeroei ere beren etxebizitzen ingurumen-inpaktua murrizten laguntzen diegu.

Etxe isolatuak erosoagoak dira eta energia eta dirua aurreztea ahalbidetzen dute. Hori dela eta, MONDRAGON korporazioko ingeniaritzaren eta eraikingintzaren arloko punta-puntako enpresekin aliatu gara etxebizitzen birgaitze efizientearen zerbitzua eskaintzeko, jasangarritasuna, energia-efizientzia eta inbertsioen errentagarritasuna lehenetsiz. Auzotarren erkidegoentzako zerbitzua integrala da eta alderdi guztiak barne hartzen ditu, aurretiazko azterketatik proiektuaren amaierara arte.


Zein da zure erreakzioa?