Zer egiten dugu LABORAL Kutxan jasangarritasunerako eta garapen erkiderako berrikuntza sustatzeko?

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan jasangarritasunerako eta garapen erkiderako berrikuntza sustatzeko?

4 min.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan jasangarritasunerako eta garapen erkiderako berrikuntza sustatzeko?

Planetak eta bertan bizi garenok aurrekaririk gabeko klima- eta ingurumen-krisialdi bati aurre egin behar diogun honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa dugu berrikuntza. Erronken dimentsioak, eta erronka horien urgentziak eta garrantziak irtenbide kreatibo, iraunkor eta, batez ere, berritzaileak eskatzen dituzte.

Hori horrela, berrikuntza sustatzea dugu Nazio Batuek bere 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetako bat. Zehazki, NBEk bere 9. helburuan eskatzen die administrazioei, gobernuei, erakundeei eta LABORAL Kutxa bezala bere estrategiarekin lerrokatzeko konprometituta gauden enpresei azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio jasangarria bultzatzea eta berrikuntza sustatzea.

Gure erakundean eta gure erantzukizunaren esparruan kreditu-kooperatiba gisa zer egiten dugun kontatuko dizugu, hain garrantzitsua den helburu hori lortzeko, zeinak apirileko hilabetea inspiratzen duen 2023ko gure egutegian. Helburu horren asmoa da industria-sare jasangarri bat sortzea, berrikuntzaren aldeko apustua egitea eta azpiegiturak hobetzea enplegua sortzen laguntzeko, aurrerapen soziala bultzatzea eta baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzeko aukera ahalbidetzea.

Erakunde gisa Garapen Jasangarrirako 9. Helburua betetzeko zer egiten dugun kontatuko dizugu.

Biomasa, geotermia eta energia berriztagarriak: soluzio berritzaileak gure jardueraren inpaktua minimizatzeko.

Ingurumenean gure karbono-aztarna eta gure inpaktua murrizteko soluzio albait efiziente, jasangarri eta berritzaileenak aplikatzen ditugu gure eguneroko jardunean. Izan ere, duela 20 urte lortu zuen LABORAL Kutxak ISO 14001 ingurumen-ziurtagiria, hau da, ingurumena zaintzen duen eta gure jardueraren zuzeneko inpaktua murrizteko lan egiten duen enpresa bat garela bermatzen duen ziurtagiria.

Bere egoitza nagusirako A kalifikazioa lortu zuen lehenengo bankua izan ginen 2018an. Anbizio handiko zaharberritze-plan bati esker lortu genuen: urteko hilabete beroenetan LABORAL Kutxaren eraikin nagusiak klimatizatzeko geotermia instalatzearen eta hilabete hotzenetan eraikinaren bero-premiak beteko zituen biomasa-instalazio bat eraikitzearen aldeko apustua egin genuen.

Gainera, zaharberritze-lanak egin genituen isolamenduetan emisio txikiko beirak instalatuz, LED instalazioak jarri ziren argi-puntu guztien ordez, betiere ongi erregulatuak argi gehiago emateko gehien behar denean, eta makina bereziak jarri ziren klimatizazioaren eta argiztapenaren efizientzia gehitzeko. Guztia energia fosilen erabilera saihesteko.

Gainera, urtez urte murriztu egin ditugu gure kontsumo elektrikoak, erregai fosilenak eta baita paperarenak ere, hau da, gure lehengai nagusiarena. 2020an adibidez, paper-kontsumoa % 18,5 jaitsi zen, eta murriztapen horrekin, 1.150 bat zuhaitz ez moztea eta 17 milioi litro ur baino gehiago aurreztea lortu zen. Eta urte horretan bertan mugarri bat markatu genuen gure historian enpresa jasangarri gisa, CO2-ko gure emisioak % 83 murriztean. Jaitsiera handi horren arrazoi nagusia da orain kontsumitzen dugun elektrizitate guztia iturri berriztagarrietatik datorrela. Elektrizitate jasangarri hori entitatean lan egiten duten pertsonen autoetara ere iristen da, gure garajeetan ibilgailuen karga elektrikorako zutoinak egoteko konpromisoa dugulako.

Erakundearen eraldaketa digitala

Gure ingurumen-inpaktua energia fosilen ordez energia berriztagarriak baliatuz murrizteaz gain, berrikuntzaren aldeko apustua ere egiten dugu erakunde gisa eraldatu gaitezen, informazioaren teknologiek eskaintzen dituzten posibilitateak aprobetxatuz. Bulegoek eta harreman pertsonalak jarraitzen dute izaten gure zerbitzuekin fidatzen diren pertsonekin harremanak izateko dugun modu nagusia, baina gure sistemak egokitu ditugu eta gure plantilla prestatu dugu bezeroekin hobeto komunikatzeko, eta bezero horien finantzen eta aseguruen gestioa errazteko. Horrela, kanal berriak hazten ari dira etengabe eta harremanetarako beste modu bat bihurtu dira jada.

Gero eta pertsona gehiagok erabiltzen dituzte gure hainbat zerbitzu, hala nola Postamail, LK-Pay, Online Banka, Telebanka eta Banka Mugikorra, baita gure WhatsAppeko kanala –zeinak 49.438 kontsulta jaso baitzituen 2021ean– eta Online Bankako gure txata ere, zeinak 44.136 kontsulta jaso baitzituen 2020. urtearen amaieran martxan jarri ondoren.

Gure jasangarritasun-estrategian integratu dugu zibersegurtasuna

Eraldaketa digitalak zibersegurtasunarekin diziplina isolatu bezala pentsatzeari utzi eta jasangarritasun-estrategia baten zati bihurtzea eskatzen digu, zibererasoen arazoari aurre egiteko, horixe baita negozio askok gaur egun aurre egin beharreko arazo larrienetako bat. Mehatxu horien aurrean, zibersegurtasunaren kudeaketa arriskuen enpresa-kudeaketarekin lerrokatzen duen bide-orria definitu dugu, alderdi interesdun guztien parte-hartzea ere integratuz.

Besteak beste, erakundea patroi gaizto ezezagunetatik babesteko antimalware estrategia oso bat diseinatu dugu, eta neurriak hartu ditugu datua babesteko, phising simulazioak eginez eta hacking etikoko programa bat martxan jarriz segurtasun-probak egiteko hainbat sistematan. Gorabeherei erantzuteko gure plana ere indartu dugu, urteko egun guztietan eta eguneko 24 orduetan etengabe anomaliak aztertu eta haiei aurre egiteko jarduten duen lantalde espezializatu bat ezarriz. Gure plantilla prestatzeko zibersegurtasunari buruzko programa espezifikoak ditugu, eta gero eta eskatuagoak diren hodei-zerbitzuak betiere banku-negozioak eskatzen dituen segurtasun-berme guztiekin erabili ahal izatea bermatzeko ari gara lanean.

Gainera, eta erakundetik kanpo, zibersegurtasunarekin lotutako edukiak sortzeari ekin diogu, eta gure kanal digitaletan argitaratu ditugu eta ‘stakeholderrekin’ (gure erakundearen intereseko publiko guztiak) partekatu, iruzur digitalak albait gehien saihesten lagunduko duen segurtasunaren kultura bat sustatzeko.

Berme-akordioak Europako Inbertsio Bankuarekin enpresen finantzaketarako sarbidea hobetzeko.

Garapen Jasangarrirako 9. Helburuaren xedeetan industria txikiek eta bestelako industriek finantza-zerbitzuak baliatzeko duten posibilitatea gehitzeko premiaz hitz egiten du NBEk, eta horixe izan da eta da oraindik ere LABORAL Kutxaren lehentasun historikoetako bat banka kooperatibo gisa

Ildo horretan, garrantzi bereziko ekintza-lerroa dugu Europako Inbertsio Bankuko EIF-European Investment Fund funtsarekin ezarritako lankidetza. Gure erakundeak zenbait akordio ditu ezarrita EIFekin, eta arriskuaren zati bat bermatzean, hitzarmenetan barne hartutako enpresa haientzako aldekoagoak diren prezio-baldintzak eta bermeak eskaintzea ahalbidetzen digu horrek.

Enplegua sortzeko EaSI Enplegu eta Gizarte Berrikuntzarako Europar Batasunaren Programan parte hartzen dugu lankidetza horri esker; gehienez 50.000 euroko mikrokredituak ematea ahalbidetzen du programak, ekintzailetzan laguntzeko. 130 milioi euroko funtsak dauzka guztira programak eta 2023ra arte berritu da.

EIFekin dugun akordioak InnovFin SME Guarantee Facility programan parte hartuko dugula adierazten du, ETEetan, eta kapitalizazio txiki eta ertaineko enpresetan berrikuntza errazteko programan, hain zuzen ere. Gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko 50 milioi euroko zenbatekoarekin hornitutako EaSI programa espezifiko bat da, milioi bat eurorainoko eragiketak finantzatzea ahalbidetzen duena.

Gainera, LABORAL Kutxak hitzarmenak ditu EBS Elkarren Bermerako Sozietateekin ETEen eta enpresa-arloko eta gizarte-ekonomiako erakundeen finantzaketa errazteko, hala nola CEBEC eta ANEL erakundeen kasuan, baita administrazio publiko guztiekin ere finantzaketa-lineak zabaltzeko lehentasunezko baldintzetan ekintzaileentzat, autonomoentzat eta enpresentzat, autoenplegua edo enpresa berrien promozioa sustatzeko, edo gizarte-ekonomiako enpresentzat.

Sozialki arduratsuak diren inbertsio-ereduak babesten ditugu.

LABORAL Kutxan, Nazio Batuen banka arduratsuaren printzipioak betez, prozedurak ezarri ditugu gure jardueran gizarte-arloko eta gobernu oneko ingurumen-irizpideak aplikatzeko.

2021ean finantza jasangarrien politika bat diseinatu genuen, non, besteak beste, klima-aldaketa eta jasangarritasuna integratzen diren arriskuen balorazioan. Horrek esan nahi du enpresetan egiten ditugun inbertsioei lotutako arriskuak balioesten ditugunean ez ditugula soilik ondare-egoera edo finantza-egoera bezalako balio tradizionalak kontuan hartzen. IGG irizpideak deitutakoak ere kontuan hartzen ditugu, hau da, arduratu egiten gara enpresek negutegi-efektuko gas-emisioak murrizteko zer egiten duten jakiteko –Ingurumen-irizpidea–, haurren esplotazio-egoerak edo bortxazko lanak gertatzen ez direla ziurtatzeko zer politika konkretu dituzten jakiteko –Gizarte-irizpidea–, edo zer ordainsari-politika duten jakiteko–Gobernantza-irizpidea–.

Finantza Etikoen Behatokiak Seguros Lagun Aro-ri ziurtagiria eman dio EthSI zigiluarekin. Bertan, aseguru-sektorean gardentasuna eskaintzeko eta aseguru etikoen garapena sustatzeko irizpide batzuk onartu dira.

MONDRAGON, munduko Gizarte Berrikuntzako Kooperazio Sistema handiena

MONDRAGON Korporazioko kide da LABORAL Kutxa, betiere berrikuntzara lotuta egon den esperientzia eta berrikuntzaren alde egiten jarraitzen duen taldea osatzen duten erakundeen arrakastaren funtsezko zati gisa. Izan ere, ezagutza da, industriarekin, finantzekin –LABORAL Kutxa buru dela– eta banaketarekin batera, MONDRAGON Taldeak bere jarduera banatzeko antolatutako lau arlotako bat.

Berez, lehenengo kooperatiboetako langileak bertan prestatu ziren lanbide-eskola bati lotuta sortu zen MONDRAGON, eta eskola hori izan zen gaur egungo Mondragon Unibertsitatearen hazia. Urtero 5.000 ikasle baino gehiago prestatzen dituen eta profesionalentzako prestakuntza-ikasketak eta graduondokoak, 4 doktorego-programa, 19 unibertsitate-master, eta 18 gradu-ikasketa dituen unibertsitatea. Ikasketa horien artean dugu Lidertza Ekintzaileko eta Berrikuntzako gradu ofiziala, non esperientziarekin ikasten duten ikasleek, produktu eta zerbitzuak diseinatuz, eta bezeroekin egiazko inguruneetan lan eginez.

Gaur egun, Goi-mailako Eskola Politeknikoak, Enpresagintza Enpresa Zientzien Fakultateak, HUHEZI Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta munduan bakarra den Gastronomia Zientzien Fakultate batek, Basque Culinary Center ikastegiak, osatzen dute Mondragon Unibertsitatea. Gainera, MUk zerbitzuen eta ikerketa-programen katalogo zabal bat dauka, etorkizuneko ikertzaileen gaikuntzara zein jarduera berritzailera bideratutakoa, eta prestakuntza dualeko eredu propio bat garatu du eredu horrekin aldi berean lan egiteko eta ikasteko, zeina erreferentzia bihurtu den Euskadin zein Espainian.

Unibertsitateaz haratago, M4FUTURE garatu du MONDRAGON Korporazioak, Berrikuntza, Sustapen eta Ezagutzako sistema integratu bat, zeinean unibertsitateak berak, gaur egun korporazioan integratuta dauden ikerketako 14 zentroak eta Sustapen Korporatiboko Zentroak, hau da, ekintzailetza, dibertsifikazioa eta enpresa-jarduera berrien sorkuntza bultzatzea egitekotzat dituen plataforma kooperatiboak, parte hartzen duten. Horretarako, 9 milioi euroko funts bat jarri dugu start-up-etan inbertsioak egiteko. Funts horren helburu nagusia ez da epe laburreko errentagarritasuna, baizik eta proiektu berritzaileei eta ikaskuntzari laguntzea.

Baina enpresa eta erakundeen multzo berritzaile bat baino zerbait gehiago da MONDRAGON. Ahalegin berritzaile hori guztiari eta MONDRAGONEK kalitatezko enpleguaren, laneko segurtasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-eraldaketarako palanka gisa baliatutako berrikuntzaren alde egindako apustuari esker, munduko Gizarte Berrikuntzako Ekosistema Kooperatibo handiena dela esan dezakegu. Horregatik sartu zuen Fortune aldizkariak korporazioa bere Change the world 2020” rankingean, non enpresek gizartearen egungo erronka handiei egindako ekarpenak onesten diren.

Ezagutza, hezkuntza eta berrikuntzaren sustapena betidanik egon dira MONDRAGONEN zein LABORAL Kutxan, jasangarritasunarekin konprometitutako erakundea garelako, betiere gauzak egiteko beste modu jasangarriago eta berritzaileago bat dagoela uste izan duen erakundea, hain zuzen ere.

 


Zein da zure erreakzioa?