LABORAL Kutxaren konpromisoa finantza jasangarriekin

LABORAL Kutxaren konpromisoa finantza jasangarriekin

6 min.

LABORAL Kutxaren konpromisoa finantza jasangarriekin

Jasangarritasunarekin inplikatutako erakundea gara eta  klima-aldaketaren aurkako borrokan buru diren nazioarteko erakundeek markatutako bideari jarraitzeko lerrokatu dugu gure estrategia.

Urte erabakigarriak dira gizateriarentzat. Planetaren egoera kritikoa da eta adostasun zientifikoa erabatekoa. Gure gizarteak jasangarriagoak izateko aldatzen ez badira, Lurra izango da aldatuko dena, modu iragarrezinean, dramatikoan eta beharbada itzulezinean. Atzeratu ezin daitekeen erronka da jasangarritasuna, eta guztiok erantzun behar diogu, hau da, gizarte zibilak, gizarte-erakundeek, komunikabideek eta enpresek. Guztiak behar du eraldaketa, eta finantza-sektorea ezin daiteke atzean geratu. Finantzak ere jasangarriak izateko garaia da, eta LABORAL Kutxan hori lortzeko konprometituta gaude.

Zertaz ari gara finantza jasangarriez hitz egiten dugunean?

Diru-fluxuak aztertzen eta administratzen dituen ekonomiaren adarrari deitzen diogu finantzak. LABORAL Kutxa arduratzen da adibidez jarduera horretaz, guk osatzen baitugu finantza-sektorea eta gu arduratzen baikara diru-fluxu horiekin lotutako guztiaz, aurrezkia bideratzearekin hasi eta finantzaketa, aseguruak, maileguak edo hipotekak eskaintzea ere barnean hartuz. Finantza jasangarrien helburua gauza bera egitea da, baina ingurumenarekin, gizartearekin eta gobernu onarekin lotutako elementuak sartuz, enpresa-kudeaketan zein inbertsio-erabakiak hartzeko garaian.

Zertan oinarritzen da finantza jasangarrien gure estrategia?

Mundu osoko erakundeek eta administrazioek lan egiten dute finantza-sistema jasangarriago bat lortzeko. LABORAL Kutxan gure ahalegina funtsezko helburu horri gehitzeko egin dugun lehenengo gauza zera izan da, norabide berean goazela ziurtatzea. Horregatik gure estrategia Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordioarekin eta Banka Arduratsuaren Printzipioekin lerrokatu dugu, eta Nazio Batuek enpresentzat, gizarte-eragileentzat eta mundu osoko herritarrentzat ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuekin. Europako esparruan gauza bera egin dugu Europako Itun Berdearekin, hau da, EBk diseinatutako estrategiarekin eredu ekonomiko eta sozial jasangarriago baterantz abiatzeko.

Zehazkiago, eta 2020an onartu zenetik, kontuan dugu halaber Finantza Jasangarrien Europako Batzordearen Ekintza Plana, anbizio handiko neurrien pakete bat, pakete horren emaitzak 2023an ezagutuko direlarik, eta pakete horren bidez nahi du, hain zuzen ere, Europar Batasunak finantza-sektorearen ekarpena hobetu klima-aldaketaren borrokaren aurka eta, horrekin batera, sistemaren erresilientzia gehitu jasangarritasunarekin lotutako arriskuekiko, eta ETEei eta finantza-sistemari lagundu jasangarritasunerako bidean.

Zer konpromiso hartu ditugu jasangarritasunaren esparruan?

Finantzentzako atal bat gordetzen duen jasangarritasun-politika diseinatu dugu LABORAL Kutxan. Lortu nahi ditugun helburuak, burutzea pentsatu dugun zereginak eta esparru horretan ditugun gure konpromiso nagusiak ezartzen ditu, garrantzitsuenetik hasita: kontsiderazio etiko, ingurumen-arloko eta sozialak gure jarduera osoan sartzea. Jasangarritasuna gure negozio-erabaki guztietan kontuan hartu beharreko irizpide bat izatea nahi dugu, eta kontuan hartu dadila gure produktu, zerbitzu eta eragiketekin zerikusia duen guztia, inpaktu negatiboak murrizteko eta positiboak maximizatzeko.

Konpromisoa hartzen dugu, halaber, gobernantza oneko gure jardunbideekin jarraitzeko eta, besteak beste, ingurumen-kontserbazioaren, berdintasunaren edo finantzen esparruetan lan egiten dugun interes-taldeen jasangarritasuna eta heziketa sustatzeko.

Gainera, eta eredu jasangarriago baterako trantsizioan sortu daitezkeen aukerak ikusita, aukera horiek aprobetxatzea ahalbidetzen duten gizarte- eta ingurumen-produktuen garapenean aurrera egiteko konpromisoa ere hartu dugu. Eta klima-larrialdiak dakartzan arriskuei aurre egiteko, blog honetan bertan aipatu dizkizugun ingurumen- eta gizarte-arriskuen protokolo bat diseinatu dugu LABORAL Kutxan, non arrisku horiek identifikatzeko, kuantifikatzeko eta kudeatzeko prozedurak, adierazleak eta erremintak ezartzen diren.

Zer gauza konkretu egin ditugu finantza jasangarrien esparruan?

Hemen bertan kontatu genizun 2020an gure jardueraren azterketa bat egin genuela Task Force On Climate-related Financial Disclosures TFCDren gomendioei jarraikiz. Enpresek finantza-agenteei klima-aldaketarekin lotutako arriskuak ebaluatzen eta finkatzen laguntzeko ezagutarazi beharko lituzketen arrisku fisikoak eta trantsiziokoak aztertzeko helburua duen lantaldea dugu TFCD.

Azterketa horrek, TFCDren gomendioei jarraikiz egiten genuen lehenengoak, lan egin beharreko esparruak eta ekin beharreko zeregin nagusiak identifikatzera eraman gintuen. Garrantzitsuenen artean klima-aldaketaren arrisku eta aukeren azterketa egitea, gure gobernantza-politika jasangarritasun-irizpideekin berrikustea, finantza jasangarrien estrategia bat planteatzea eta datuaren gobernantza-plan bat daude. Gainera, gure plantillari finantza jasangarriari buruzko prestakuntza ematea erabaki genuen, ezinbestekoa erakundearen estrategia inplementatzeko, eta iaz hasi ginen hori egiten finantza jasangarrietako hamar orduko lehen prestakuntza batekin.

Noren mende dago LABORAL Kutxaren jasangarritasun-estrategia?

Kontseilu Errektoreak du jasangarritasun-estrategia bultzatzeko ardura. LABORAL Kutxaren zuzendaritza-organo gorenak bere eginkizunen artean du estrategia bat ezartzea eta helburu hori burutzeko diseinatu du Jasangarritasun Batzordea, eta batzorde hori arduratuko da estrategia egikaritzeaz eta Kontseilu Errektorean finkatzen diren kudeaketa-planak burutzeaz.

LABORAL Kutxaren Jasangarritasun Bulegoan lan egiten duten pertsonek osatzen dute, baita Zuzendaritza Batzordea osatzen duten guztiek ere. Gainera, uneren batean edo bestean jasangarritasunarekin lotutako gaien zuzeneko kudeaketan inplikatuta dauden erakundeko pertsona guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.

Nola jakinarazten dizkiogu gizarteari guk egindako aurrerapausoak?

LABORAL Kutxan urtero lantzen dugu gure webgune korporatiboan argitaratzen den Jasangarritasun Memoria bat, Aenor erakundeak egiaztatua, non bermatu egiten den zorrotz betetzen ditugula jasangarritasunari buruz informatzeko GRI estandarrak, nazioartean zorrotzenak eta mundu osoan gehien erabiltzen direnak. 

Aurreko ekitaldian esparru horretan izan dugun jarduketaren berri ematen diegu gure bezeroei eta gizarteari, eta ekitaldi bakoitzerako ezarritako helburuak lortzeko zer egin den jakinarazten dugu, eta finantza jasangarrien esparruan egin ditugun aurrerapausoen berri ere ematen dugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza kudeaketa