«Lehen araua ni neu ez aspertzea da, eta bigarrena irakurlea ez aspertzea»

«Lehen araua ni neu ez aspertzea da, eta bigarrena irakurlea ez aspertzea»

12 min.

«Lehen araua ni neu ez aspertzea da, eta bigarrena irakurlea ez aspertzea»

Mikel Santiago, idazlea

Mikel Santiago idazlea (Portugalete, 1975) dugu mintzalagun. Hainbat liburu arrakastatsu idatzi ditu, hala nola La última noche en Tremore Beach, El mal camino, El mentiroso eta, berriena, La última noche. Guzti-guztiak misterioz eta suspensez beteriko thrillerrak dira, eta haien bidez irakurle mordo bat bereganatu du.

Mikelek dioenez, txikitan istorioak asmatu ohi zituen bere lankideei adarra jotzeko edo beldurra emateko. Urte batzuk geroago, Dublinera joan zen, zenbait taldetan musikari gisa egindako ibilbidea atzean utzita. Bertan konturatu zen umearen irudimen joria lagungarri izan zezakeela fikziozko istorioak idazteko eta bere buruarekin hitz egiteko. Izan ere, ez zuen askoz jende gehiagorekin hitz egiterik. Gaur egun gauza bera egiten jarraitzen du, baina, hori bai, kolaboratzaile-talde batek lagunduta. Anaia da lehena.

Entzun gure podcasta, Apple Podcasts, Google Podcasts, Spotify edo gogokoen duzun podcast-plataforman, eta harpidetu. Post honetan, atalaren transkripzioa aurkituko duzu, irakurtzeko moduan editatua.

 

MIKEL SANTIAGO. Argitaletxeek badakite arrakasta eraikitzea ezinezkoa dela. Kalitatearen bidea aski ezaguna da: lana. Lana, zuzenketa, irakurketa, prestaketa. Testu on bat idazteko bidea zailena da, ahalegin handia eskatzen baitu. Baina testutik arrakastara doan bidea inork ez du ezagutzen. Lainoz estalita dago.

 

IRATI JIMENEZ (LABORAL Kutxa). Gehien saltzen diren liburuek jendartean duten arrakasta gaitzetsi egiten dute batzuek. Haien ustez, ez dago bestseller bat egitea baino gauza errazagorik. Nahikoa omen da hiru edo lau truku erraz ezagutzea hori lortzeko. Hala ere, inork ez du azaldu zergatik ez duten idazle gehiagok erabiltzen formula hori, finantza-koltxoi bat lortzeko eta, ondoren, nahi dutena idazteko besterik ez bada ere. Dena den, ideia hori barra-barra errepikatzen da, eta, azkenean, gaitzesten duen gauza bera bihurtu da; izan ere, hainbeste hedatu da uste oker hori, non bestsellertzat ere har genezake. Gai horiek guztiak izan ditugu hizketagai Mikel Santiagorekin, abuztuko astelehen batean: nola eraiki daitekeen milioika lagunengan sekulako jakin-mina sorrarazten duen thriller bat, istorio baten hasiera onak eta amaiera hobeak, eta idazleak bere zeregin bakartia aurrera eramateko behar duen laguntzaile-taldea. Erruz saldu diren sei eleberri idatzi ditu Mikelek, eta, zazpi urtean baino pixka bat gehiagoan, jarraitzaile asko eta asko bereganatu ditu. Eta egin daitekeen modu bakarrean lortu du hori: lan asko eginda.

 

MIKEL. Argitaletxeek errusiar erruletan jokatzen dute. Batzuetan, proiektuak egiten dituzte. Alkimistetara jokatzen ere saiatzen dira. Urrea sortzen ahalegintzen dira. Zerbait modan badago, esaten dizute: «Idatzi zerbait horren inguruan, ea zer moduz ateratzen den». Baina, egia esan, apustu-panel handia dute. Sistema horren arabera, liburu baten sustapenean egindako inbertsioa kontuan hartuta liburua ondo funtzionatzen ari dela ikusten badute, argi dute: «Jendeak atsegin du liburu hau; hortaz, gehiago emango diogu». Hau da, sustapen handiagoa egingo diote liburuari. Brokerrak bezalakoak dira. Palanka magikoari eragiten diote, nik esaten dudan bezala. Dena den, frogatuta dago inork ere ez duela arrakastarako bidea ezagutzen. Idazleen lana guztiz gogorra da. Izan ere, idatzi nahi duzuna, egizu ondo-ondo, baina azkenean inoiz ez dakizu zer gertatuko den zure liburuarekin.

 

Nik neure anaia Javiri kontatzen diot liburuaren premisa, eta berak esaten dit: «Bai, idatzi hori, oso ona da». Ez du gehiago jakin nahi. Ez du ezer jakin nahi pertsonaiez eta garapenaz. Premisa handien detektibe ona da. Badaki zerk lotuko duen irakurlea. Nire lehen iragazkia da Javi.

 

IRATI (LK). Filmari argi berdea ematen dio.

 

MIKEL. Nolabait ere, horixe da: «Bai, atsegin dut, harrapatu egiten nau, irakurri egin nahi dut». Ondoren, trama, pertsonaiak eta familia-profilen set up-a prestatzen ari naizenean, gerta liteke une jakin batean oztopo bat aurkitzea. Nola gaindituko dugu hori? Bada, Ainhoa nire bikotekidea dut horretarako. Berarekin hitz egiten dut gauero-gauero. Tira, orain pixka bat gutxiago, alaba biki jaioberriak ditugulako. Nolanahi ere, elkarrizketak garrantzi handia du gure familia-bizitzan, niretzat teknika ona da nire ideiarik onenak garatzeko. Elkarrizketa. Eleberria ahozko bihurtzea. Jendeari kontatzea.

 

IRATI (LK). Erraz bistaratzen diren eleberriak dira, josturak ondo ezkutatzen dituztenak, irakurleak etengabe bilatzen dituztenak, agertoki txiki, konplexu eta oso populatuetan kokatuak. Mikel Santiagoren liburuak azkar mugitzen diren mekanismo konplexuak dira, ondo planteatutako intrigak. Horietan agerikoa da egilearen beraren trebetasuna, baita horiek idazteko inguruan dituen espezialistena ere. Familiari ez ezik, abokatuei, forentseei, medikuei eta baita poliziei ere eskatzen die laguntza gure gonbidatuak.

 

MIKEL. Polizia-etxera joaten naiz, sartzera gonbidatzen naute, sartzen naiz, galdetu egiten diet, haiekin hitz egiten dut. Esan beharra dago jendeak asko laguntzen didala nobelekin. Lehengo egunean ziega batean sartu eta itxi egin ninduten. Barre egiten dute zutaz, eta zurekin. Lagundu egiten dizute. Horrelako planteamenduak egin ditzakezu, ideia-jasa bat da ia-ia. Esan dezakezu: «Begira, horrelako morroi batek, hori egiten badu eta polizia etortzen bada…». Eta haiek: «Ez, ez, kasu horretan ez». Jendea elkartu egiten da, hizketan hasten zara… Lagun abokatu bat ere badut, mundu penalean esperientzia handia duena.

 

IRATI (LK). Alderdi teknikoak diseinatzen eta gainbegiratzen laguntzen duten espezialistei, gainera, Ediciones B argitaletxeko Carmen Romero editoreak eta Maia Granero zuzentzaileak egiten duten lana erantsi behar zaie. Dena dela, bere sormen-prozesua argitaletxetik ahalik eta urrunen garatu nahi duela aitortu digu gonbidatuak.

 

MIKEL. Une jakin batean, badator argitaletxea bere artilleria guztiarekin. Hor hasten gara zifra, datu eta marketineko kontuez hitz egiten. Bileretara joaten hasten zara eta, orduan, enpresaren mundu hori etortzen zaizu gogora, dagoeneko zure mundua ez den hori. Orduan, tirabirak hasten dira. Zuk esango zenuke: «Begira, hartu liburua eta ni hurrengoarekin hasiko naiz». Alabaina, ezin duzu hori egin, ezin zara alde batera gelditu, sustapenak hasi behar duelako. Une horretan «kapelaz aldatu» behar duzu, ingelesek esango luketen bezala. Ordura arte, halako ermitau jostalari bat bezalakoa izan zara. Ondo pasatzen duzu idazten, gero idazmakina utzi eta supermerkatuan zaudenean gogoetari eusten diozu: «Ez, ez diot utziko horrela hil dezan». Eta, bat-batean, irratiaren eta komunikazioaren munduan sartzen zara. Nik eleberri bat ateratzen dut urtero, eta inoiz ez diot herdoilduta gelditzeari uzten. Hau da, urtero-urtero sartu behar dut joko horretan, nolabait ere. Baina sormenaren munduarekin batere zerikusirik ez duen mundua da.

 

IRATI (LK). Sormenaren mundu horretan sentitzen da erosoen gure gonbidatua, bera bakarrik, fikziozko unibertsoak planteatzen dizkion literatura-arazoekin. Izan ere, lanbideari ekin zionean, bere bakarkako sormen-prozesuaren babesle kartsua zela esan digu, nahiz eta, bere kolaboratzaileei buruz esandakoa entzunda, hori sinestea nahiko zaila izan.

 

MIKEL. Gero konturatzen zara ezetz, elkarlaneko prozesua dela, pertsona gehiagok parte hartzen dutela prozesuan, nahiz eta horien zeregina sortzailea ez izan. Beraz, funtsezko kontzeptua ideien garapena da, tramaren bilakaera, eleberria osatzen duen sistema konplexua, eta gero beste pertsona batzuek modu askotan lagun diezazukete horretan. Ez alderdi sortzailean, baizik eta galderak eginez. Kontatzen duzunaren aurrean besteek dituzten erreakzioak aztertzeko aukera emango dizuten gauzak gogoratuz. Zentzu horretan, irekiagoa naiz gaur egun. Ez nahiz hain otso bakartia, konfiantza handiagoa dut besteengan eta irekiagoa naiz, baina ez asko, e?

 

IRATI (LK). LABORAL Kutxan badakigu zerbait besteengan konfiantza izateaz helburu handiagoak lortzeko, elkarlanean jarduteaz emaitza hobeak lortzeko. Hala ere, hunkigarria da jakitea literaturari bakarrik aurre egiten dion idazle batek beste pertsona batzuekin lan egiteko duen gaitasunaz ere baliatzen dela.

MIKEL. Bai, elkarlaneko zeregina da. Nik hainbat gauza uztartu eta kohesiona ditzaket, pertsonaia, trama eta abar, baina gero beste pertsona askoren laguntza baliatzen dut xehetasunetarako, istorioari zentzua eta koherentzia emateko.

 

IRATI (LK). Hasi ere, bakar samarrik hasi zinen literaturan. Bakarrik eta metodorik gabe, zoro bat basamortuan bezala, zuk zeuk azaldu duzunez.

 

MIKEL. Hasieran, burura etortzen zitzaidana idazten nuen, ez nuen ezer pentsatuta. Blokeoak ere izaten nituen, eta orduan krisia etortzen zen, dena leihotik behera bota nahi izaten nuen. Gero blokeoa konpondu eta aurrera jarraitzen nuen. Bi eleberri idatzi nituen horrela. Nire lehen bi eleberriak modu erabat espontaneoan idatzita daude. Gauzak, pertsonaiak, agertu egiten ziren, mamuak bidean bezala, eta nik jaso egiten nituen.

 

IRATI (LK). Horrela, metodorik gabe, idatzi omen zituen Mikel Santiagok lehen bi eleberriak, La última noche en Tremore Beach eta El mal camino. Garai hartan ez zuen teklatutik kanpo asmatzeko gaitasunik, idazten zuen bitartean konpondu behar izaten zuen dena. Orain, berriz, arazo batzuk modu abstraktuan konpontzen saiatzen da, arbelaren aurrean.

 

MIKEL. Ez da guztiz perfektua… idaztea da fluxu absolutua. Horixe da une magikoa. Hortxe zabaltzen dira ate guztiak. Hala ere, arbelaren aurrean ere zerbait egitea lortu dut. Horretan sistema oso konplexua sortzen dut: trama dut, amaiera dut, testuingurua dut, konexio batzuen txinparta pizten da, eta horrela sortzen da eleberriaren egitura. Nik, funtsean, ezkutatu egiten dut informazioa. Hori besterik ez dut egiten nire eleberrietan. Karta-sorta ikusarazten dizut, baina ez dizkizut karta guztiak erakusten

 

IRATI (LK). Idazleak dakiena baina irakurleak ez dakiena ezkutatzea, interesari eusteko pista batzuk ematea, karta batzuk erakustea azken jokaldia ezkutuan dagoen bitartean. Eta, ahal dela, maisu handiek bezala egitea, irakurleak ahalegina nabaritu gabe. Erronka horri egin behar dio aurre misteriozko edo suspensezko liburuak idazten dituen idazleak eleberri bakoitzean.

 

MIKEL. Nire idazkeraren bidez honako hau adierazten dut: «Zerbait daukat zuretzat eta erakutsi egingo dizut, baina beste hamar orrialde irakurri behar dituzu». Horixe da irakurketa etengabe bultzatzeko modua. Asmakizuna bultzatzea, bai eta, beharbada, esaldi baten egituraren bidez ere. Idazleak oso modu sotilean aipa dezake izen bat, leku bat, zerbait iradoki dezake metaliteraturaren bidez: «Pertsonaia honetaz asko hitz egiten ari da idazlea» edo «Arreta handia jarri du horretan». Irakurleak ere istorioa lantzen du, irakurketaren eta fikzioaren testuingurua baitu. Jolastu egiten du harekin, eraiki egiten du. Estilo horren trukuetako bat da hori, ezta? Irakurleak parte hartzea. Arretari eusteko modu bat, irakurleak istorioa amaitu denik edo dena azalduta dagoenik pentsa ez dezan. Hartxintxar edo ilar bat geratuko da beti koltxoian, molestatuko zaituena.

 

IRATI (LK). Gonbidatuak dioskunez, informazioa dosifikatzea da kontua, jokoak jokatzea merezi dezan.

 

MIKEL. Etsipenaren eta sariaren arteko ituna da. Zuk zerbait eskatzen diozu irakurleari. Oraintxe esan duzu: kontzentrazioa eskatzen diozu. Neurona batzuk jarri behar ditu liburuan, ezta? Eta nola sarituko duzu? Berehala saritzen baduzu, errazegia da, jokoetan gertatzen den bezala. Ez zait interesatzen. Zailegia bada, utzi egingo dut. Oreka bat egon behar da galderaren eta erantzunaren artean. Hau da, «ez nazazu gehiegi nahas, baina nahas nazazu». Oreka hori zaila da, behin eta berriro irakurri eta idaztea eskatzen du.

 

IRATI (LK). Oinarrizko bi tresna ditu Mikelek bere zeregina aurrera eramateko: egunkari bat, egunero bere ideia guztiak idazteko, eta eskaleta bat, liburuaren egitura muntatzeko.

 

MIKEL. Bi tresna horiekin, istorioaren munduan sartzen saiatzen naiz, infanteria askatu eta idazteko lan gogorrari ekin aurretik.

 

IRATI (LK). Istorioa zertxobait gidatzeko, itsu-itsuan ez ibiltzeko.

 

MIKEL. Eleberriaren kontzeptu orokorra ulertzeko, zer jokotan arituko garen. Thrillerra den, suspensea den, zeren antza izango duen. Erreferentziako eleberri edo film bat izaten dut beti. El mentiroso idatzi nuenean, istorio paradigmatikoa Con la muerte en los talones edo A contrarreloj filmak ziren. Horrelako istorioak.

 

 

IRATI (LK). Mikelen irakurleek zerbait badakite, hauxe da: bistakoa da eleberriak nola hasten diren, baina ez nola amaitzen diren. Lehenari buruz galdetu diogu: Zer da hasiera on bat?

 

MIKEL. Nire ustez, liburu baten hasierak bi baldintza bete behar ditu. Lehena, ituna da; hau da, irakurleari bostekoa eman eta hau esan behar zaio: «Istorio bat kontatuko dizut. Sinetsi egingo didazu?» Eta aurreikuspenen inguruko itun hori oso garrantzitsua da, lehen eszenan bertan ondo funtzionatu behar du. Bestela, etsipena eta negarrak hasiko dira. Liburuaren erdian, hauxe esan dezake: «Uf, erori egiten zait, beste gauza bat zirudien…». Horregatik, nire iritzian, garrantzi handikoa da hasieran argi uztea. Hizkera, zertaz doan liburua. Eta abiaduraren eta WhatsApparen mundu honetan, amua janarazi behar diozu irakurleari lehen orrialdean bertan. Irakurle bakoitzak bere estiloa du. Ondo pasatu nahi duen irakurleak liburua gainetik begiratuko du, beharbada; edo, bestela, premisa irakurriko du Interneten. El mentiroso eleberriaren hasieran, gizon bat hildako beste gizon baten ondoan esnatzen da, eta ez du ezer gogoratzen. Produktu baliagarria zen, nik uste. Hasiera hori irratian konta dezaket, edo liburuaren atzeko azalean jar dezakete. Liburuaren hasiera ematen dit, eta ituna egiten laguntzen dit.

 

IRATI (LK). Amaierez galdetzea besterik ez zaigu geratzen. Hasieratik dituzu pentsatuta?

 

MIKEL. Ez, zehazki. Badut ebazpena, hori bai. Nork egin zuen eta hori. Gaiztoa hasieratik azal dadin saiatzen naiz, ondo ezkutatzeko. Ideia kontrolatzaile bat dut, gidoiaren munduan ohikoa dena, halako justizia poetiko bat: eleberri honek ondo amaitu behar du, edo eleberri honek txarto amaitu behar du. Edo garaipen pirrikoa izan behar du, edo amaiera zinikoa.

 

IRATI (LK). A, ondo, oso interesgarria. Inoiz ez dut pentsatu hori.

 

MIKEL. Bai, halako mezu bat dut, nire mezua. Liburuan gertatzen denari buruz egiten dudan justiziazko istorioa.

 

IRATI (LK). Hau da, funtsean kontatzen ari zarena, nolabait esateko.

 

MIKEL. Hori da. Pertsonaiak, Alexek, fidatzen ikasi behar du, eta kito. Diegok bere lagunekin adiskidetu behar du berriro, eta bere buruari barkatu. Pertsonaiari buruzko halako ideia kontrolatzaile nagusia dut: nola amaituko den, zer gertatuko zaien guztiei. Eta zer justizia aplikatuko den.

 

IRATI (LK). Raymond Chandler-ek «elementu erredentorea» deitzen zion.

 

MIKEL. Begira, pozten naiz hori esateko izen bat egoteaz…

 

IRATI (LK). Literaturako funtsezko beste elementu batez galdetu diogu orain: agertokiaz. Genero-eleberri anglo-saxoien irakurle porrokatua izanik, gure gonbidatuak Irlandan, Eskozian edo Italian kokatzen zituen bere istorioak hasieran. Hala ere, azken bi eleberrietan bere herri propioa asmatu du, benetakoa izan zitekeen fikziozko agertoki bat.

 

MIKEL. Stephen King-ek Castle Rock eta Derry sortu zituen bezala, baita Poek eta Lovecraftek ere, bere fantasiazko Ingalaterra Berriarekin, nik ere neure Derry propioa sortu behar dut, agertoki berrerabilgarri bat, sormen-arazo bat gainetik kentzeko: herriz herri joan behar izatea, ferietako salerosle bat bezala, nire nobelak kokatzeko. Bada, hauxe esan nion neure buruari: «Sortu herri bat, baina benetakoa ez dena, bestela hanka sartuko duzu». Izan ere, benetako herri bat erabiltzen baduzu, bestelako arazoak sortzen dira, ezta? Esan diezazukete: «Ez, hori ez da guztiz zuzena», edo «Herritarrak kexu agertu dira honengatik eta horrengatik», edo «Herriaren benetako historia islatu behar duzu». Beraz, ez. Nire fantasiazko herria…

 

IRATI (LK). Urdaibain kokatutako fikziozko herria da, Illunbe, Mikel Santiagok orain arte sortutako literatura-agertokietatik bere bizitzarekin loturarik estuena duena. Ematen du, literaturan esperientzia handitu ahala, bere baitara itzultzen ari dela. Nora eramango ote du bidaiak? Eleberrietan bezala, amaieraraino heldu beharko dugu hori jakiteko.

 

MIKEL. Mundu bikoitz batean nago oraindik. Ez dakit non amaituko dudan. Baina egia da ez diodala oraindik heldu tokiko eleberri bati. Hau da, Euskal Herriko arrantza-herri bati buruz hitz egiten duzunean aurki dezakezun benetako problematikari. Hau, hau, hau eta hau. «Mikel, zer ari zara kontatzen? Kontatzen dituzun istorio horiek, bada, ez». Oraindik ez naiz horretarako gai. Nire fikziozko herria dut, eta erronka hauxe da: zenbateraino uztar dezakedan agertokiarekin. Aurrera jarraitzen dut. Ikusiko dugu eleberriz eleberri nola egiten dudan…

 

IRATI (LK). Tira, dibertigarria da, ezta?

 

MIKEL. Niretzat erronka bat da, jakina. Lehen araua ni neu ez aspertzea da, eta bigarrena, irakurlea ez aspertzea.

 

IRATI (LK). Dibertigarria, zalantzarik gabe. Zoriontsua? Hori ez du horren argi.

 

MIKEL. Niretzat ez da erraza idaztea. Ez naiz idazle zoriontsua. Niretzat, idaztea prozesu mingarri samarra da. Hau da, idatziz sufritzea da. Nik beti esaten dut: arazo zaila da niretzat, erronka bat. Hemen dugun arbel honetan idatziko banitu, alde batetik, frustrazio-egunak, nahigabeturik irten naizen eta etxera aldarte txarrez itzuli naizen egunak, eta bestetik, arrakasta-egunak, «begira hiru mila hitz idatzi ditut gaur, hau ondo doa» esan dudan egunak, uste dut azken horiek nire bizitzako ehuneko bost bakarrik izango liratekeela.

 

 

IRATI (LK). Trama, pertsonaiak, agertokiak, hasierak, amaierak… literatura-jardueraren elementu teknikoei buruz galdetu diogu Mikel Santiagori. Baina, elementu moralak? El mentiroso eleberrian, Félix Arkarazo idazleak informazio pribatua erabiltzen du salmentetan arrakasta lortzeko, baina horrek etsai asko sorrarazten dizkio. Bada muga etikorik fikziozko unibertsoak eraikitzeko? Zer lapur daiteke eta zer ez?

 

MIKEL. Guztiok egiten dugu gogoeta da hori, guztiok lapurtzen dugulako. Nik lapurtu egiten dut, dena da jendeari lapurtutakoa. Azken helburua etikoa da artearen ikuspegitik; hori da, nire ustez, desberdintasuna. Mundu bizi bat sortzea da zure helburua. Eta errealitateari odola xurgatu behar diozu, baina odol hori ez duzu beste ezertarako erabiltzen. Tira, dirua irabazteko eta jendeak zure liburuak irakurtzeko, baina hori ez da lehen helburua. Lehen helburua mundu bizi bat sortzea da, horixe da honen guztiaren gailurra. Bizi den eta agerikoa den mundu bat sortzea. Paperez eta tintaz eginda badago ere, bizirik dagoena. Horixe da zoragarriena. Horregatik sartzen gara mundu honetan. Eta Félix Arkarazo idazle maltzurrak egiten duena, benetako idazlea ez delako egiten du. Bere kroniketan izenak aldatzen dituen kazetaria da, plagiatzaile bat. Gizaki zitala. Bera idazlez janzten da, baina ez dio erronkari aurre egiten, ez du egiten idazleok egite dugun lana: bizitza duen zerbait sortu ezerezetik, ezta? Fikziozko idazleez ari naiz, jakina. Ez idazle guztiez, ez dut dena nahasi nahi hitz horiekin. Baina egia da istorio-kontalariek lan jakin bat egiten dutela, zure lan bakarra mago batena edo komiko batena bezalakoa da. Komikoaren lan bakarra barre eragitea da. Lortzen badu, egina du bere lana. Eta istorio-kontalariaren lan bakarra istorio sinesgarri bat kontatzea da, besterik ez. Listo! Eta dibertigarria. Lortzen badu, berdin da nola lortu duen, ezta?

 

IRATI (LK). Hitzen boterearekin mundu bizi bat sortzea. Benetakoak diruditen eta entretenigarriak diren istorioak kontatzea. Horixe da Mikel Santiagok bete nahi duen helburua egunero idazteko esertzen denean. Helburu zintzo eta baliotsua, milaka urtean aldatu ez dena. Dena hasi zen lehen emakumeak eta lehen gizonak suaren inguruan bildu zirenean eta norbaitek gure eleberri handiaren lehen orrialdea idatzi zuenean, honako hau esanez: «Nahi al duzue istorio bat konta diezazuedan»?


Zein da zure erreakzioa?