Lehen automobila erosteko orduan kontuan hartzekoak

Lehen automobila erosteko orduan kontuan hartzekoak

3 min.

Lehen automobila erosteko orduan kontuan hartzekoak

Zorionak! Gidabaimena atera berri duzu eta zure lehenengo automobila izateko irrikaz zaude, noranahi joateko noiznahi. Baina hori baino lehen modeloa aukeratu beharko duzu, eta zalantza ugari izango dituzu, batez ere motor-aldizkariak irakurtzeko zaletasunik ez baduzu. Jarraian, funtsezko gako batzuk azalduko dizkizugu, erabaki garrantzitsu hori hartzeko lagungarri izango zaizkizulakoan.

Bigarren eskukoa ala berria?

Lehenik eta behin, automobila erosteko aurrekontua zehaztu beharko duzu, bai dirua aurreztuta baduzu, bai maileguren bat eskatu behar baduzu. Zenbateko hori zehaztu ondoren, lehen eskuko autoa erosteko nahikoa diru duzun begira dezakezu. Gaur egun 7.000 eurotik hasita oinarrizko modeloak badaude, baina apartekoak ere kalkulatu beharko dituzu, adibidez, kasu askotan aire girotua.
  • Lehen eskuko automobilaren abantailak agerikoak dira: zuk estreinatuko duzula ziurtatuko duzu, bermea du, matxura gutxiago, eta bigarren eskuko auto batek baino gehiago iraungo dizu. Zalantzarik gabe, aukerarik onena da zure aurrekontua nahikoa bada.
Alde txar bakarra autoaren asegurua izan daiteke; automobila berria bada asegurua garestiagoa izango da, hobe baita estaldura gehiago ordaintzea istripua izanez gero konpondu ahal izateko, egindako inbertsioa ez galtzeko.

Bigarren eskuko autoa eskuragarriagoa da, matrikulatzen den unetik balioa galduz joaten baita. Lehen urtebetean autoaren balioa % 18 inguru jaisten da, % 29 bi urtetan eta % 41 hirutan.

Aseguruaren prezioa ere merkeagoa izango da; bigarren eskuko autoaren kasuan, batez ere urte asko baditu, oinarrizko estaldura izatea komeni zaizu, eta urteetan esperientzia metatzen joatea, zure hurrengo automobilaren asegurua merkeagoa izan dadin.

Alde txarren artean dago matxura gehiago izango dituela, eta behin eta berriro konpontzera eraman behar baduzu agian ez zaizu askoz merkeago aterako.

Zenbat urteko eta kilometroko autoa?

Bigarren eskuko automobila erostea erabakitzen baduzu, lehen zalantza izango da zenbat urte iraun ditzakeen eta zenbat kilometro egin dituen jada. Bi alderdiak hartu behar dira kontuan, izan ere, gerta liteke autoak kilometro oso gutxi izatea (gutxi erabili dutelako) baina urte asko. Kontuz: kilometro gutxi izan arren urteak garrantzitsuak dira, zenbat eta zaharragoa izan autoa orduan eta zailagoa izango baita ordezko piezak aurkitzea matxura izanez gero.

Kalkulatuta dagoenez, automobil batek batez beste 320.000 kilometro inguru iraun ditzake, eta Espainian batez beste 10.000 kilometro egiten dituzte urtean, Audatexen txosten baten arabera. Txosten horrek dio bost urtetik beherako automobilek egiten dituztela kilometro gehien, 18.500 inguru urtean, eta 10 urte baino gehiagoko ibilgailuek, berriz, urtean 5.500 kilometro inguru egiten dituztela.

Halaber, aintzat hartzekoa da, txostenaren arabera, automobilen konponketen % 43 bost urtetik gorako automobilei egin zaizkiela. Gainera, 6 urtetik gorako automobilen prebentziozko mantentzearen kostua 4 urtekoenen bikoitza izan daiteke.

Zenbateko zilindrada? Diesela edo gasolina?

Lehen esperientzia duzunez, ez da beharrezkoa potentzia handiko autoa hautatzea. Batez ere hirian eta apur bat errepidean erabiltzeko auto normal baten kasuan nahikoa da 70 ZPko potentzia izatea. Nolanahi ere, autobidean kilometro asko egin behar badituzu, edo herri aldapatsuan bizi bazara, edo bertara iristeko mendatea igaro behar baduzu, hobe da potentzia handixeagoa duen autoa aukeratzea, 120 ZPkoa, esaterako, nahikoa izango da.

Erregai motari dagokionez, hori ere autoari emango diogun erabileraren menpe egongo da. Distantzia oso luzeetarako diesela da aukera onena, baina hiriko ibilbide laburretarako, berriz, hobe da gasolina, izan ere, 15 kilometrotik beherako distantzietan ia ez baitago alderik kontsumoan dieselen eta gasolina-autoen artean.

Eta ez ahantzi…

Hirugarrenentzako asegurua, beirentzako, hirugarrenentzako oinarrizkoa, arrisku orotako esklusiboa… bila zabiltzan asegurua edozein dela ere, LABORAL Kutxan zuk behar duzun modalitatea dugu. Zatoz gure bulego batera eta kontsulta iezaiezu gure espezialistei, konpromisorik gabe. Eta finantzaketaren bila bazabiltza, galdegin gure auto maileguaz. Bezeroa bazara finantzaketa esklusiboa eskainiko dizugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Maileguak Kreditu lerroak