Leialtze-txartelak: nola aprobetxatu hobeto

Leialtze-txartelak: nola aprobetxatu hobeto

4 min.

Leialtze-txartelak: nola aprobetxatu hobeto

Produktuak edo zerbitzuak saltzen dituzten guztiek bi gauza lortu nahi dituzte: lehena, kontsumitzaileek haiengan konfiantza jar dezaten konbentzitzea eta, bigarrena, berriz ere jar dezaten konbentzitzea. Horretarako berme osagarriak, saldu osteko zerbitzu onak, kalitatea edo prezio lehiakorrak eskain ditzakete, edo horiek guztiak batera, baita, leialtze-programen bidez, deskontuak eta abantailak ere, haiengan berriz ere konfiantza jartzeko ideia erakargarria izan dadin. Leialtze-txartelak programa horien adierazgarri dira. Gaur egun ikaragarri ezagunak dira, eta edozein tokitan ikus daitezke.

Leialtze-txartel batzuek deskontu zuzenak eskaintzen dituzte (erosi eta txartela pasatzean dirua aurrezten dugu) eta beste batzuk deskontu geroratuak (puntuak metatzen ditugu eta, saltoki horretan erosten dugun hurrengo aldian, deskontu bat egin edo produkturen bat oparituko digute). Gainera, txartel batzuek doako produktuak lortzeko aukera ematen dute, edo opariak (urtebetetzekoak, adibidez), salmenta berezietarako aukera, produktu jakin batzuk erosteko lehentasuna edo erreserba, edo eskari handiko zerbitzuak, baita doako laginak ere.

Baina, nola atera txartel horiei etekinik handiena eta nola aprobetxatu benetan haien abantailak?

Aplikazio mugikorrak

Ez al da etsigarria leialtze-txartela erabili nahi eta beste zorro batean ahaztu zaigula konturatzea? Irtenbidea ez da ikaragarrizko zorroak eramatea, baizik eta aplikazio mugikorrak erabiltzea eta etekina ateratzea etxean nekez ahazten zaigun gauza bati: gure telefonoari.

Interneteko eta teknologiako erraldoiek dagoeneko merkatu horrek eskaintzen dituen aukerak ikusi dituzte. Hala, azken iPhone ereduek Passbook sistema dute. Horren bidez leialtze-txartelak erabil daitezke eta sarrerak edo ontziratze-txartelak meta daitezke. Eta Googlek aspaldian sortu zuen Wallet sistema dirua bidali eta leialtze-txartela metatzeko.

Baina gure gomendioa irtenbide generiko bat aukeratzea da, merkatuan segmentu horretan dagoen eskaintza oso zabala baita. Ildo horretan, azpimarratzekoak dira Stocard, Fidiliti, Fidme edo Nokadi aplikazioak.

Planifikatu zure erosketak eta gastuak

Leialtze-programek eskaintzen dituzten eskaintza askok iraungitze-data dute. Zer egin dezakegu etekinik handiena ateratzeko? Antolakuntza da gakoa:

  • Supermerkatuan erosi aurretik, komeni da armairuan, hozkailuan eta jaki-tokian begiratzea, elikagaiak alferrik ez galtzeko eta ezer ez ahazteko. Aprobetxatu sarritan produktu jakin batzuei lotuta egoten diren baleak eta kontuan izan erosterakoan. Zure leialtze-txartelaren bidez bale fisikoak lortu badituzu, hozkailuaren atean iman batez itsatsita utz ditzakezu, adibidez.
  • Beste horrenbeste egin dezakezu beste produktu batzuekin, esaterako gasolinarekin. Gasolindegi-kate baten leialtze-txartela baduzu, ez itxaron azken unera arte autoko depositua betetzeko. Edo, bestela, gasolindegi-kate batzuen txartelak izan ditzakezu, onuragarriagoa izango dela uste baduzu. Diru asko gastatzen da gasolinan, eta komeni da aurreztea.
  • Arropa, perfumea, jostailuak eta beste produktu ez-galkor batzuk saltzen dituzten establezimenduen leialtze-txartelak erabiltzen badituzu eta eskaintza interesgarriren bat amaitzear dagoela badakizu, agian txartela erabiltzea komeni zaizu, baina gomendatzen dizugu lehenago pentsatzea ea zerbait behar duzun edo opariren bat erosteko erabil dezakezun. Horretarako ez da beharrezkoa urtebetetze bat hurbil egotea; izan ere, produktua ez-galkorra bada, ez al da hobe eskaintza aprobetxatu, oparia gorde eta eguna iristen denean oparitzea? Hori bai, eskaintza bat iristen bazaigu eta eskaintza horrek ez badu gure behar bat ere betetzen eta ez badugu uste aprobetxatuko dugunik, ez dugu zertan saltokira joan zer dagoen “ikustera”: erosketa batean aurreztu ahal izateak ez du esan nahi behar ez dugun zerbait erostera behartuta gaudenik.
  • Ez zaitez ezkondu txartel batekin, batez ere gasturik handienetan edo ohikoenetan. Bidaia asko egiten badituzu, adibidez, zenbait hegazkin-konpainiaren puntu-txartelak eskuratzea komeni zaizu. Aplikazio mugikorrei esker, ez duzu zertan txartelak aldean eraman, eta edozein konpainiarekin bidaiatuta ere, puntuak metatuko dituzu etorkizuneko gastuetarako.
Negozio txikia baduzu…

Gogoan izan zeure leialtze-programa propioa egin dezakezula. Ez duzu inbertsio teknologiko handirik egin behar. Zigilatzen den eta opariak jasotzeko aukera ematen duen kartoizko txarteltxo bat ere leialtze-txartela izan daiteke, eta baliagarri izan dakizuke lehiakideengandik bereizteko eta zure bezeroekin epe luzerako loturak sortzeko.

Travel Club Programa: gure leialtze-txartela

Azken paragrafo honetan “gure liburuari buruz hitz egiteko” aprobetxatuko dugu. Establezimendu bakar bati lotuta egon beharrean, hainbat markari eta enpresari lotuta dauden leialtze-programen artean, gure inguruko liderra Travel Club da. LABORAL Kutxako bezeroa bazara eta etekinik handiena atera nahi badiozu, oso erraz duzu: edozein sukurtsaletan zure kreditu-txartelak Travel Club programari lotu besteri ez duzu. Horrela, txartela erabiltzen duzun bakoitzean puntuak metatuko dituzu. Eta Travel puntuak eskaintzen dituen establezimendu batean erabiltzen baduzu (Repsol edo EROSKI, adibidez), are puntu gehiago metatuko dituzu.

Travel Club programak 1996az geroztik ematen ditu marketin- eta leialtze-zerbitzuak (nahiago dugu ez zenbatzea ordutik hona zenbat urte pasatu diren). Sei milioi eta erdi familiak baino gehiagok erabiltzen dute eta hogeita hamar enpresa bezero baino gehiago ditu. Horri esker, 150 online dendatan baino gehiagotan eta 12.000 establezimendutan irabaz daitezke puntuak. Duela 15 urte baino gehiago abian jarri zenetik 12 milioi sari banatu ditu eta milioi bat euro baino gehiago banatu ditu dohaintzetan Afrikako eta Latinoamerikako hezkuntza-proiektuetarako.

Eta azkenik…Ez dugu amaitu nahi LABORAL Kutxak eskainitako beste leialtze-tresna bat aipatu gabe, entitateko bezeroa bazara aurrezteko aukera emango dizuna: gure Bezeroaren Kluba. Deskontuak eta eskaintzak eskaintzen dizkizu arropan, jatetxeetan, teknologian, bidaietan eta hainbat eta hainbat produktu eta zerbitzutan.


Zein da zure erreakzioa?