Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, esango dizugu zer egiten dugun LABORAL Kutxan hizkuntzaren eta literaturaren alde
2019-04-23
Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, esango dizugu zer egiten dugun LABORAL Kutxan hizkuntzaren eta literaturaren alde
Euskaren normalizazioa bultzatzea eta kultura sustatzea izan dira beti gure erantzukizun korporatiboaren zutabeetako bi.
Euskara eta euskalkiak sustatzea
LABORAL Kutxan ahalegin handia egin dugu beti euskara sustatzeko. Adibidez, hizkuntzaren normalizaziorako funtsezko tresna bat jarri dugu abian: Zehazki gaztelania-euskara hiztegia. Haren 100.000 sarrerak online kontsulta daitezke.Horrez gain, duela zenbait urtetatik elkarlanean dihardugu Euskaltzaindiarekin hainbat proiektutan. Horietatik interesgarrienetako bat Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da. Gai jakin bati lotutako hitzak euskalki bakoitzean nola adierazten diren jasotzen du atlasak bere liburuki bakoitzean. Joan den urtean bederatzigarren liburukia argitaratu zen, zeinak jasotzen baitu nola izendatzen diren herrialdeko eskualde bakoitzean giza gorputzaren atalak, jantziak eta gorputzaren zaintza eta garbiketa, besteak beste.
Atlasaren berezitasunetako bat honako hau da: urtero-urtero, lan bibliografikoa ikusgai jartzen da Euskara ibiltaria deritzon erakusketa ibiltari batean, herritarrek bertatik bertara ezagutu dezaten lan hori.
Kontakizunak, kontakizun laburrak eta nanoipuinak
Hizkuntza literaturaren tresna nagusia bada ere, idazketa baino zerbait gehiago da literatura. Horregatik, literatura-sorkuntza ere sustatzen dugu, urtean zehar sakabanatutako lehiaketa batzuen bidez. Udaberri honetan, adibidez, Gasteizko Udalarekin eta bere liburutegi-sarearekin jardun dugun elkarlanean, 150 karaktereko nanoipuinen lehiaketan. Eta begira nolako gauza ederrak utzi dizkigun.Eta urtero-urtero, San Fermin egunaren bezperan, beste lehiaketa bat babesten dugu. Horretan, hitzak oso ondo neurtu behar dira. Izan ere, sanferminetako orduak adina hitz besterik ez dira onartzen: 204. Emaitza zoragarria izaten da beti. Beraz, aurten berriz ere babestuko dugu Sanferminetako Kontakizun Laburren Nazioarteko Sariketa. Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez idatzitako kontakizunak saritzen ditu urtero, eta aurten 11. edizioa egingo du.
Bilbon, Liburu Azoka eta klasikoen irakurketa etengabea
Urtero legez, aurten ere Bilboko Liburu Azoka (BLA) babestuko dugu. Aurten maiatzaren 31tik ekainaren 10era bitartean izango da, eta ehundaka berritasunez eta katalogoko liburuz beteta etorriko da. Baina, horiez gain, aurkezpen, solasaldi eta literaturari lotutako ekitaldiak ere hartuko ditu Areatzak. LABORAL Kutxak Areatzan bertan antolatzen duen gunea aprobetxatu ohi dute ekitaldi horiek. Eta, jakina, antzeko beste ekitaldi batzuk ere babesten ditugu, hala nola Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azoka, gure inguruko kultura-industrientzako funtsezko hitzordua.Horrez gain, euskarazko klasikoen irakurketa etengabea babestu ohi dugu urtero Bilbon. Arriaga antzokian egiten da duela hamaika urtez geroztik, Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolaturik.
Etxepare itzulpen-saria eta Farolillos de Papel sariak
Euskarazko literaturaren itzulpena eta argitalpena gure mugez gaindi sustatzea du helburu Etxepare Itzulpen Sariak. Urtero ematen da, euskal kultura zabaltzeko sortutako Etxepare Euskal Institutuaren eta LABORAL Kutxaren arteko lankidetzari esker. Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpenari ematen zaio 4.000 euroko saria —gehi beste 2.000 sustapen-lanetarako—, eta erdibanatu egiten da argitaletxearen eta itzultzailearen artean. Azken sariduna Amaia Gabantxo itzultzailea izan zen, euskal literatura garaikidean funtsezkoak diren bi poema-bilduma ingelesera itzultzeagatik: Harri eta Herri (Rock & Core) eta Maldan behera (Downhill), biak ere Gabriel Aresti poeta bilbotarrak idatziak eta Nevadako (Reno, AEB) Unibertsitateko Center for Basques Studies-ek edizio bakarrean argitaratuak.Eta hori ez da LABORAL Kutxak literaturari lotuta babesten duen sari bakarra. Horrez gain, Alea-Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkartearekin eta Euskadiko Liburu Ganbararekin ere jarduten dugu elkarlanean, urteroko Farolillos de Papel saria banatzeko. Sari horrek Euskal Herrian urte horretan argitaratutako euskarazko eta gaztelaniazko obrarik nabarmenenak aintzatesten ditu, baita idazle ospetsuren baten ibilbidea eta literaturarekin zerikusia duten komunikabide eta kazetarien dibulgazio-lana ere.
Zein da zure erreakzioa?