Linean zaudela zure nortasuna babesteko aholkuak

Linean zaudela zure nortasuna babesteko aholkuak

4 min.

Linean zaudela zure nortasuna babesteko aholkuak

Iraultza digitalean bizi gara: gure bizimoduan eta erlazionatzeko moduan etengabeko aldaketak eta eraldaketak izaten ari diren garai batean.

Etengabeko konektagarritasunaren ondorioz, bai erakundeak bai pertsonak zibererasoak pairatzeko arriskuan gaude. Izan ere, inor ez da gaitz horretatik libratzen: ez ospitaleak, ez bankuak, ez ETEak, ez partikularrak. Banketxeak zibererasoen ohiko biktimak izaten dira. Hori dela eta, gure nortasun digitala babestea funtsezkoa da iruzur masiboen biktimak ez izateko eta, halaber, lineako babes egokia eduki behar dugu.

Txartelarekin ordaintzeko lineako sistemek eta sistema fisikoek ere eboluzionatu egin dute, berrikuntza sustatzeko eta bezeroentzako segurtasuna areagotzeko, autentifikazio-elementu gehigarriak sartuz. LABORAL Kutxatik aholku hauek ematen dizkizugu zure nortasun digitala eta zure informazio konfidentziala salbu mantendu ahal izan ditzazun:

Kontrolatu gizarte-sareetan ematen dituzun datu pertsonalak eta mantendu zure kontua pribatuan

Ziberdelitugileek gizarte-sareetara igotzen duzun informazio guztia erabil dezakete zure nortasun digitala lapurtzeko. Hori saihesteko, ziurtatu jakinarazten duzun guztia zure hurbileko ingurunera mugatuta dagoela, pribatutasun-ezarpenak konfiguratuz, eta ez argitaratu banku-datuak, transferentzien pantaila-argazkiak edo zure kontuan gordetako saldoa erakusten dituzten irudirik.

Zaindu zure pasahitzen formatua

Duela 10 urte, pasahitz seguru bat zenbakiz, letra xehez eta letra larriz osatutako 10 karaktere zeuzkana zen, ziberdelitugileek 106 urte behar zituztelako asmatzeko. Teknologiaren garapenarekin, horrelako pasahitz bat asmatzeko denbora 3 astera murriztu da. Gaur egun, gutxienez 16 karaktere erabiltzea gomendatzen da, letra larriak, letra xeheak, zenbakiak eta sinboloak konbinatuta. Gainera, pasahitz seguruak sortzea ahalbidetzen duen pasahitz-kudeatzaile bat balia daiteke gakorik ez berrerabiltzeko. Banketxeok autentifikazio indartua ezarri dugu ordainketa elektronikoak segurtasun handiagoarekin egiteko. Hiru faktore hauetatik bi egiaztatzean datza: ezagutza (PIN bat edo pasahitz bat), jabetza (gure entitateak SMS bat, jakinarazpen bat edo mezu elektroniko bat bidaltzen digu eragiketa berresteko) edo berezkotasuna/inherentzia (egiaztapen biometrikoa).

Egiaztatu webguneen segurtasuna

Gogoratu webgune batek HTTPS protokoloa eta URLaren ondoan giltzarrapo bat edukitzeak ez duela esan nahi iruzurrezkoa ez denik. Bi adierazle horiek webguneak konexio seguru bat erabiltzen duela besterik ez dute ziurtatzen. Aztertu arretaz URL osoa eta, zalantzarik izanez gero, atzitu bilatzaile seguru baten bitartez. Hauek dira LABORAL Kutxaren webgune ofizialak:

 https://www.laboralkutxa.com/ eta lkweb.laboralkutxa.com.

Eta hauek, berriz, iruzurrezko webguneen adibideak:

 https://www.lab0ralkutxa.com.ru/ y lkweb.lab0ralkutxaa.com.

LABORAL Kutxaren mezu elektroniko bat jasotzen baduzu, egiaztatu bidaltzaile ofiziala dela eta, iruzurrezko mezua dela susmatuz gero, ez sakatu dakartzan estekak.

Kontuz wifi publikoarekin

Sare publikoetara konektatzen bazara, ustegabeko gaiztoren bat baino gehiago izan dezakezu, transmitituriko informazioa ez denez zifratzen oso arriskutsua izan daitekeelako zure banku-kontura sare horien bitartez konektatzea. Adibidez, baliteke gure gailuetako fitxategietako datuak lapurtzea edo software gaiztoek infektatzea. Wifi sare ireki batean arriskurik gabe saioa hasteko:

  • Erabili VPN bat.
  • Nabigatu HTTPS protokoloa duten webguneetan.
  • Ez fidatu informazio pribatua sartzea eskatzen duten webguneetara bideratzen zaituzten eta zalantzazko izenak dauzkaten wifi sareekin.
  • Eduki gailuak beti eguneratuta.

Eguneratu zure gailu elektronikoak

Eguneraketek gailuak mehatxuetatik babesten dituzten segurtasun-adabakiak eduki ohi dituzte. Deskargak bezala, beti webgune ofizialetatik egin behar dira.

Ezabatu cookieak eta ez gorde gakorik nabigatzailean

Cookieak erabiltzaile-esperientzia hobetzeko balio duten arren, informazio konfidentziala biltzeko ere erabil daitezke. Hortaz, garrantzitsua da gordetako cookieak aldizka ezabatzea. Malware-deskarga batzuen helburua nabigatzaileetan gordetako datuak eskuratzea da. Horregatik, ez da ahaztu behar zure kontuen gakoak automatikoki gordetzea erosoagoa den arren gakoak lapurtzea ere badela errazagoa norbaitek zure gailuak atzitzen baditu. Bereziki, gailuz aldatzen baduzu eta laneko edo unibertsitateko ordenagailua erabiltzen baduzu, saioa itxi eta cookieak ezabatu behar dituzu zure gakoak gordeta ez geratzeko.

Gogoratu Interneten zure nortasuna babesteko garrantzitsua dela aipatutako aholkuei jarraitzea; izan ere, horrela zure datu pertsonalak lapurtzeko edo arriskuan jartzeko aukerak murriztuko dituzu. Dena den, orobat ezinbestekoa da jakitea zer egin behar den zibereraso baten biktima izanez gero. Zure kredentzialak arriskuan jarri dituzula susmatzen baduzu, garrantzitsua da azkar jardutea sor daitekeen kaltea minimizatzeko. Menu nagusiko segurtasun-aukerak erabiliz zure online banka blokea dezakezu. Gainera, zure pasahitzak berehala aldatu, zure txartela blokeatu eta zure kudeatzailearekin harremanetan jarri behar duzu.


Zein da zure erreakzioa?