LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko apirileko gomendioak

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko apirileko gomendioak

2 min.

LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko apirileko gomendioak

Lagunok, harpidedunok, irakurleok: 

Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak. 

Apirilean, udaberria loratu dela goratzeko eta egunak luzatu direla ospatzeko gogoz bazabiltzate, Primeran plataformak Loreakekin liluratu gintuzten zuzendarien lanak bildu ditu eta euskarazko edukiak bilatzeko arazoak izaten badituzue, lan hori erraztuko dizuen aplikazio bat sortu dute. Horrez gain, ondo egindako galderei, ondo planteatutako erantzun zientifikoak ematen dizkien podcast erabilgarri bat ekarri dugu, Bilbo kultur ekitaldiz beteko duen jaialdi bat, bukaeran txalo egiteko gogoz utzi gaituen nobela miresgarri bat, eta nobelak idazteko gogoa duzuenontzat inportantea izan daitekeen deialdi interesgarri bat. 

 

📽️ Pelikulak

Moriarti bilduma

Jon Garañok, Aitor Arregik eta Joxe Mari Goenagak egindako dokumental, laburmetrai eta film luzeak bildu ditu Primeran plataformak, apaltasun, profesionaltasun eta sentiberatasun eredugarriz Moriartiko kideek egindako ibilbide artistiko bikainaz gozatzeko aukera ezin hobea.  

 

📱 Aplikazioa

Zer Non Ikusi

Euskarazko edukiak ze plataformatan edo ataritan ikus daitezkeen jakiteko webgunea izan da orain arte Zer Non Ikusi, baina orain zer non ikusi daitekeen jakin nahi duenak, Google Play dendan ere eskuratu dezake, telebistetan edo telefonoetan erabiltzeko aplikazio gisa.

 

🚀 Lehiaketa

Igartza Literatura Sorkuntzarako Beka idazle berrientzat 

Gehienez bi liburu argitaratu dituzten 35 urtetik beherako idazleek ekainerarte daukate epea Beasaingo Udalak eta Elkarrek urtero antolatzen duten lehiaketara nobela baten edo ipuin liburu baten lagina bidaltzeko eta Igartza Sariaren 10.000 euroko diru laguntza eskuratzeko. 

 

🎉 Jaialdia

Basque Fest

Apirilaren 16tik 19ra, Bilbon, kontzertuak, dantzak, bakarrizketak, jakien dastaketak, kirol erakustaldiak, eta tailerrak egingo dira, 200 jarduera guztira, euskal kultura ardatz hartuta, aurten haurren programazioa eta emakumeen presentzia indartu dituen jaialdi honetan.

 

📚 Literatura

Puntobobo

2012an, Ni, Vera lanarekin Zilarrezko Euskadi Saria lortu zuen Itxaso Martinek, orduan oso arrotzak zitzaizkigun buru-nahasmenei buruz hitz eginez, eta maisutasunez idatzitako bigarren eleberri honetan berriz erakutsi du giza-psikologian arakatzeko gaitasun handia eta ezohikoa.

 

🎙️ Podcasta

Zientzia puntu-puntuan

Laguntzen dute baraualdiek menopausiarekin? Nola jakin gazte batek suizidio arriskurik duen? Balio du kartzelak zerbaitetarako? Nafarroako Unibertsitate Publikoaren podcast honetan galdera interesgarriak topatuko dituzue eta zientzian oinarritutako erantzun fidagarriak.  

 

 


Zein da zure erreakzioa?