Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko ekaina | LKULTURA

Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko ekaina | LKULTURA

2 min.

Zer irakurri, ikusi eta entzun euskaraz – 2026ko ekaina | LKULTURA

Lagunok, harpidedunok, irakurleok:

 

Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak. Urteko egun luzeenak dakartzan hilabete honetako proposamenekin hasteko, podcast bihurtu den jaialdi bat dakarkizuegu eta Iruñeako plazarik ederrenetako bat kaleko kontzertuen eszenatoki bihurtuko duen beste bat. Horrez gain, irakurketa bikain bat proposatuko dizuegu, iraganean futuroa zirudien denbora presenteari buruzko nobela ahaztezin bat, eta erakusketa bat, bere atzetik etorri diren korronte artistiko ia guztien profeta izan zen artista unibertsal baten lanak biltzen dituena. Bukatzeko, euskal literaturak gehien deskuidatu duen publikoari zuzendutako lehiaketa baten berri emango dizuegu, eta euskal zinegilerik berezienetako baten lanak deskubritzeko aukera emango dizuen bilduma apasionante bat.

 

🎙️ Podcasta

Ura Bere Bidean

Urtero sarrerak agortu egiten dira Fair Saturday Fundazioak LABORAL Kutxaren babesarekin antolatzen duen jaialdi ikusgarrian, estilo eta garai guztietako musikariak entzuteko eta artista horiek hurbilagotik ezagutzea da Nahikari Yuberok gidatzen duen podcast berri honen helburua.

 

🎊 Jaialdia

Kantu eta hitza

Iruñeako O Plazan tamaina txikiko kontzertuak eskaintzen dituen jaialdi honen baitan, Kaskezur taldeak bere disko berria aurkeztuko du, ekainaren 18an, eta aste bete geroago, gypsy eta swing estiloak konbinatzen dituen Arrasateko Erromintxela taldeak itxiko du programazioa.

 

📗 Literatura

1984

Gizarte totalitarioen manipulazio estrategiak deskribatuz, XX. mendeko nobela fundamentalenetako bat idatzi zuen George Orwellek, denborak are boteretsuago bihurtu duena, eta euskal irakurleek Oscar Aranaren itzulpen bikainean irakurri dezaketena.

  • Zergatik idazten dudan: George Orwellek ezin hobeto esplikatu zuen literatura beretzat ze literatura klase egin nahi zuen Sarean euskaraz irakurri dezakezuen artikulu honetan.

 

🖼️ Erakusketa

Goya beltza, Motherwell beltza. Laurogei desastre eta amildegi bat

Irailaren 27rarte, San Telmo museoan elkarrekin ikus daitezke Robert Motherwell estatubatuarraren Amildegia, eta pintura modernoaren korronte ia guztiak inauguratu zituen artista unibertsalaren 80 grabatuak, Goyaren Gerraren Desastreak bilduma osatzen dutenak.

 

💡 Lehiaketa

Lizardi Saria

Martxan da dagoeneko Lizardi Literatura Sariaren 45. edizioa, eta uztailaren 10 bitartean zabalik dago epea 7-12 urte arteko irakurleei zuzendutako lanak bidaltzeko eta epaimahaiak aukeratutako lanaren egileari emango zaion 5.000 euroko saria lortzeko.

 

🎞️ Pelikulak eta telesailak

Koldo Almandoz bilduma

Primeran plataformak, euskal zinegile aipagarrien bildumak topatu daitezke, tartean hain ibilbide autentikoa eta berezia egin duen Koldo Almandozena, bere telesailak biltzen dituena eta Shypo Phantasma edo Oreina bezalako laburmetrai eta luzemetrai zinez berezi eta sailkaezinak.

Entzun Koldo Almandozi LABORAL Irratian egin genion elkarrizketa (gaztelaniaz)


Zein da zure erreakzioa?