Nola bidaiatu merkeago

Nola bidaiatu merkeago

3 min.

Nola bidaiatu merkeago

Beste hiri, herrialde eta kultura batzuk ezagutzea bizitzako gozamenik handienetako bat da. Lehen, aisia mota hori une berezietarako edo erosteko ahalmen handiko pertsonentzat baino ez zen, baina, Interneti eta sare sozialei esker sortutako low cost proposamenen goraldia dela eta, bidaiak eta joan-etorri laburrak pertsona gehienen eskura daude. Aurreko post batean, ostatu ona, polita eta merkea aurkitzeko zenbait gakoren berri eman genizun. Orain, ahalik eta bidaiarik merkeenak lortzeko aholkuak emango dizkizugu.

Bidaia

Gaur egun, konexio gehiago daude, bai eta kostu txikiko konpainiak ere. Horren ondorioz, asko handitu da garraiobide azkar horren erabilera. Hala ere, jende askok uste du prezioak altuegiak direla oraindik ere. Hegaldietan aurreztu nahi baduzu, hau hartu behar duzu kontuan:
  •  Txartela erosteko, data guztiak ez dira berdinak. Zenbat eta hurbilago erosi bidaiatzeko egunetik, orduan eta garestiagoa izango da. Hiru aste lehenago erosten baduzu, hegaldi nazionalak % 25 merkeagoak izango dira. Bidaia luze bat egin nahi baduzu, askoz lehenago erostea komeni da: gutxienez bi hilabete lehenago erosten baduzu txartela, asko aurreztuko duzu.
  •  Bidaiatzeko, egun guztiak ez dira berdinak. Ahal baduzu, astearte edo asteazkenean bidaiatzea merkeagoa da. Ostiral edo larunbatetan, hegazkin-txartelen prezioa garestiagoa da. Joan-etorri bat egin nahi baduzu eta astelehenean goizean goiz itzultzea ez bazaizu axola, aurreztu egin dezakezu.
  •  Bidaiatu gauez. Bidaiaren prezioa baxuagoa da, eta ostatu-gau bat gutxiago egin beharko duzu. Gainera, hegazkina bigarren mailako aireportu batean lurreratzen bada edo geldialdia egiten badu, txartela merkeagoa izango da.
  •  Ahal izanez gero, ez bidaiatu goi-denboraldian. Hau da, uztail eta abuztuan, baina baita abendu eta apirilean ere.
  •  Low costeko konpainia batekin bidaiatzen baduzu, erabili eskuzko ekipajea. maletak fakturatuz gero, txartela garestitu egingo da.
  •  Helmuga aukeratu eta, ondoren, hegaldia bilatu beharrean, bilatu hegaldi merkeak eta eman izena webguneen eskaintzetan, helmuga aukeratzeko. Eman denbora bilatzaileetan preziorik oneneko hegaldiak bilatzen. Hauetan begiratzea gomendatzen dizugu: kayak, lastminute eta skyscanner.
  •  Autoz bidaiatzen baduzu…: begiratu ibilgailuak partekatzea sustatzen duten webguneetan, hala nola blablacar, carpooling, roadsharing eta amovens.
  •  Eta Europan zehar bidaiatu nahi baduzu, nazioarteko autobus-lineak erabil ditzakezu, edo trena, eta horretarako, aukerarik onena Interrail da.

Beste aholku batzuk

  • Mugikorreko datuak deskonektatu eta Skyperen bidez deitzeko wifi-guneak aprobetxatzen badituzu, dirua aurreztuko duzu.
  • Trukatu dirua bidaiatu aurretik, eta ez trukatu aireportuetan, haietan tasak handiagoak baitira.
  •  Herrialde askotan, eskupekoa ematea ia derrigorrezkoa da. Kontsultatu esteka honetan, bisitatzen duzun herrialdeko ohiturak ezagutzeko.
  •  Lehenago esan dugunez, planifikatu. Behin tokia aukeratutakoan, kontsultatu, esate baterako, zer egunetan den doakoa museoetan sartzea, eta aprobetxatu. Egiaztatu hiri bakoitzeko turismo-txartelak (besteak beste, monumentu eta museo askotan sartzeko aukera ematen dutenak) erabil daitezkeen zu han izango zaren egunetan.
  •  Autobus turistikoak garestiak izaten dira. Kontsultatu ea ibilbide berdina edo antzekoa duen hiri-linearik badagoen (egon badaude). Edo hobeto, begiratu leku horretan greeterrik dagoen. Bertakoak dira greeterrak, eta doan (edo borondatezko ordainketa txiki baten truke), beren hiriko edo eskualdeko bazterrak erakutsiko dizkizute. Bizi diren lekua maite duten enbaxadoreak dira, eta maitasun hori kutsatu nahi diete bisitariei.
  •  Egokia izan daiteke hutsean ontziratutako janaria eramatea. Baliagarria izan daiteke aireportu batean luzaro itxaron behar baduzu edo oso berandu iristen bazara hotelera lehen gauean.
  •  Behin helmugan zaudela, ez egin uko supermerkatuetan erosteari.
  •  Zauden lekuan batera eta bestera mugitzeko, hiri-garraioa aukerarik onena da beti. Erosi bidaia-bonuak edo bisita-txartelak. Normalean, garraiobide guztiak hartzen dituzte barne, guneen edo egunen arabera, zer tokitan zauden. Kontsultatu bisitatzen dituzun lekuen webguneak. Hiri batetik bestera bidaiatu nahi baduzu, auto partekatua oso aukera ona da.
  •  Aukeratu zure bidaiaren helmuga hango bizitza-mailaren arabera. Forbes aldizkariak urtero argitaratzen du helmugarik merkeenen zerrenda. Hauek dira aldizkari horren azken gomendioak: India, Tunisia, Moldavia, Errumania, Lituania, Mazedonia, Kolonbia, Thailandia
  •  Orobat, zenbait hiritara bidaiatzeko hegaldien prezioa asko merkatu dela aprobetxa dezakezu; adibidez, Bangkok eta Tokiora (2015ean, leku horietara joateko hegazkin-txartelek % 19 eta % 16 gutxiago balio dute, hurrenez hurren).
  Joerarik berriena elkarlaneko ekonomiako app-ak erabiltzea da, bidaia egiazkoagoa izan dadin. Haiei esker, zuzeneko tratua lortu, bisitatzen ari zaren pertsonekin bizi eta haien ohiturak ezagutu ditzakezu, besteak beste. Baina, horrez gain, app horiek erabiliz gero, azken prezioa askoz baxuagoa izan daiteke. Hona hemen adibide bat.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Bidaiak