Nola egin aurre zerga-ikuskapenari

Nola egin aurre zerga-ikuskapenari

4 min.

Nola egin aurre zerga-ikuskapenari

Ausaz agindu dezakete, baina hori ez da ohikoa izaten. Ikuskapenaren arrazoia, normalean, Ogasun sailak antzemandako akatsa zuzentzea izaten da. Hau da, ikuskapena agintzeak ez du esan nahi iruzurra egon denik. Litekeena da hiru hilean behingo aitorpenak bat ez etortzea ekitaldi osoko laburpenarekin, ez direlako gastu edo diru-sarrera guztiak sartu, esaterako. Edo, BEZaren aitorpenean kobratzea egokitu zaizula eta, Ogasunak errezeloa izatea. Orokorrean, Ogasunak itzuli behar dizun zenbatekoa handiagoa den heinean areagotu egingo da Administrazioak zure negozioaren berri izateko interesa.

Ogasunean alarma pizten duen beste arrazoi bat izaten da diru-sarrera gutxi eta gastu asko aitortzea luzaroan; diru-sarrerak ezkutatzen edo behar baino gastu gehiago eransten ari zaren susmoa piz dezake jokabide horrek. Informatika-programak eta gestoria baten zerbitzuak edo finantza-aholkularitza oso lagungarriak izango dira akats horiek saihesteko.

Era berean, litekeena da ikuskapena salaketa anonimo baten ondorio izatea. Fakturarik ez ematea edo lanarekin bat ez datorren bizimodua izatea iruzur-zantzuak izan daitezke, eta partikular batek salaketa jartzea eta, ondorioz, Ogasunak ikuskapena agintzea ekar dezakete.

Izan ere, inori iruditzen bazaio negozio batek zerga-iruzurra egiten duela —jabeak fakturarik ematen ez duelako edo haren bizimodua ez datorrelako bat egiten duen lanarekin—, Administrazioari susmo horren berri emateko aukera du. Susmoak modu erabat anonimoan helarazteko aukera eskaintzen diete herritarrei EAEko Foru Aldundiek (Araba Bizkaia eta Gipuzkoakoek ) eta Nafarroako Foru Ogasunak .

Ikuskapenari aurre egiteko prestaketa

ETEa edo langile autonomoa izanik, zerga-ikuskapena egingo dizutela jakinarazten dizun oharra jaso baduzu, ez zaitez kezkatu. Horrelako zitazioak gutun ziurtatu bidez jakinarazi ohi dituzte (gutunaz gain zitazio elektronikoa ere bidaltzen dute batzuetan). Ikusiko duzunez, ez dute mehatxu-kutsurik, informatiboak eta adeitsuak izaten dira.

Zertara behartzen zaitu? Kontuen liburu guztiak berrikusi beharko dituzu, egunean daudela egiaztatzeko edo, behar izanez gero, eguneratzeko. Diru-sarrera eta gastu guztiak egon behar dira jasota liburuotan, eta baita ordaindu dituzun zergak edo aurreikusi moduan zatika ordainduko dituzunak ere.

Bizkaian, adibidez, norberaren kontura lan egiten duenak egunean izan behar du erregistro elektronikoko 140 ereduko liburua, eragiketa guztiak bertan jasota. ETE baten titularra bazara, ‘Liburu egunkaria’ eduki behar duzu, hau da, materialen edo zerbitzuen sarrerak eta irteerak erregistratzeko balio duena; gainera, ‘Liburu nagusia’ delakoan beste enpresa batzuekin (bezeroekin eta hornitzaileekin) dituzun kontuak erregistratu behar dituzu.

Zer eskatuko didate?

Ikuskapenaren zergatiaren araberakoa izango da hori. Litekeena da Administrazioak zure kontu guztiak ikuskatu nahi izatea, baina hori ez da ohikoena. Normalean, ikertu nahi duen ekitaldiko gastuen fakturak edo, seguruenik, ordainketak eta kobrantzak justifikatzen dituzten dokumentuak ikuskatzen ditu. Kontuan izan, legearen arabera, Ogasunak aurreko 5 urteetako fakturak eska ditzakeela berraztertzeko. Har ezazu hori gogoan eta gorde dokumentuok aldi horretan.

Zer gertatuko da akatsen bat antzematen badute?

Ikuskapenean zehar adierazi ohi dute kontuak desitxuratzen dituen okerreko eragiketa zein den, eta hilabeteko epea ematen dute hori zuzentzeko. Ikuskapenaren iraupenari dagokionez, enpresaren tamainaren eta ikuskatzeko arrazoien araberakoa izaten da. Okerreko eragiketa horietako bat izan liteke, esaterako, gastuen artean zure jardueran kengarritzat hartzen ez den zerbait sartzea, eta kasu horretan Ogasunak erabaki dezake gastuen artetik kendu behar duzula. Horrela bada, gastuen artean sartu duzun horri dagokiona ordaindu beharko duzu. Berdin da araudiaren berri ez bazenuen. Legearen gaineko ezjakintasunak ez du hura betetzetik salbuesten.

Eta iruzurrik izan bada?

Zerga-datuak faltsutu edo ezkutatu direla frogatzen bada, arau-hausteak diruzko zehapena izango du, larria edo arina, Ogasunari eragindako kalte ekonomikoaren araberakoa. Beraz, zor duzuna eta Ogasunak erabakitako interesak ordaintzeaz gain, isuna ere ordaindu beharko duzu. Zehapena hitzartutako epeetan ordainduz gero, zenbatekoa murrizteko aukera egon daiteke, baina epeak gainditzen badira, errekarguak ezarriko dira, ehunekotan.

Nolanahi ere, esan dugunez, kontuak egunean eta ondo antolatuta izatea da garrantzitsuena, eta hori geure aldetik egin dezakegu edo aholkularitza-enpresa baten laguntzarekin. Modu horretan, Ogasunak gure jardueraren inguruan izan ditzakeen zalantzak justifikatu ahal izango ditugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza Finantza kudeaketa