Nola lan egin Laboral Kutxan

Nola lan egin Laboral Kutxan

3 min.

Nola lan egin Laboral Kutxan

Laboral Kutxan, zorionez, kontratatzen jarraitzen dugu. Langile berriak sartzeko erritmoa ez da beste garai batzuetakoa, baina oraindik ere talentu beharrean gaude gure bezeroei arreta eraginkorra eskaintzeko. Modu horretan bakarrik eutsi ahal izango dio bere zereginari duela mende erdi baino lehenago abiatu zen ekimenak: iturburu duen gizartean aberastasuna sortzen laguntzea, hain zuzen. Jakin nahi al duzu nolakoa den Laboral Kutxaren lana eta nola aurkez dezakezun zeure burua gure proiektuan parte hartzeko?

Laboral Kutxa kooperatiba bat da, eta, beraz, egunez egun dihardugun 2.500 langileetatik gehienak kooperatibistak gara. Ondorioz, enpresaren zati baten jabe gara (ez osoarena, beste kooperatiba batzuk ere jabe baitira). Gure lanaz gain, gure botoa dugu, entitatearen etorkizuna bideratzen duena. Izan ere, Kreditu Kooperatiba garen aldetik, Oinarrizko Printzipio Kooperatiboetan euskarritzen den eredua, pertsonek protagonismo handiagoa duten eredua, iraunkorragoa da epe luzera, ekonomia eta gizarte helburuen artean oreka handiagoa dagoelako.

Norbait Laboral Kutxan zuzenean erantzukizuneko lanpostu batean lanean hastekotan bada, zenbait alderdi izan beharko ditu kontuan:

  • Laboral Kutxan barne-promozioa sustatzen dugu, kasu gehienetan kanpo-kontratazioaren aurretik. Gure entitatean izarren fitxaketa gutxi dago. Horrela, gure zuzendaritza-taldea osatzen duten profesional gehienek gure entitatean eman dute lan-bizitza. Laboral Kutxa partaide duen MONDRAGON taldeko  beste kooperatibaren batetik etorritakoak ere badaude.
  • Behar ditugun langile-profilak barruan ez baditugu, kanpora irteten gara, pertsona egokien bila.
Gure entitatean nagusi den ordainketa solidarioari esker, soldatak modu uniformeagoan banatzen dira. Ez dago alde handirik gure entitateko eskala guztien artean. Horri gehitu behar dizkiogu, batetik, gure lan-egonkortasuna, eta bestetik, gure taldea 2013an lan egiteko onenetako bat izendatu izana. Ondorioz, pertsonen errotazioa ikaragarri txikia da beste enpresa batzuekin alderatuta.

Behetik gora

Gure entitatean sartzen diren pertsona gehienek prestakuntza bikaina dute. Normalean, lizentziatu berriak dira. Enpresa-administrazioan eta zuzendaritzan, humanitateetan eta enpresan edo zuzenbidean tituludunak izan ohi dira. Tokia dute, baita ere, banka-negozioaren funtsarekin lotura handirik ez duten bestelako lanbidea dutenek: informatikariek, industria-antolakuntzako ingeniariek, matematikariek, arkitektoek, aparejadoreek…

Horretaz gain, hitzarmenak sinatu ditugu hainbat unibertsitate eta lan-bitartekaritzako erakunderekin, izan ere badakigu horietan daudela ibilbide handieneko profesionalik onenak.

Baina prestakuntza akademikoa eta hizkuntzen arlokoa ez da nahikoa. Gurean aritu nahi dutenek taldean lan egiteko eta lankidetzarako gaitasuna erakutsi behar dute, eta horiekin batera baita bezeroarekiko orientazio bizia ere, hura baita gure izateko arrazoia.

Lehen bi edo hiru urteetan ebaluatuko egingo dira, euren gaitasunak entitatearen beharretara egokitzen ote diren ikusteko. Kudeaketa Sozialeko departamentutik behin eta berriro adierazten dutenez, hasierako epe horretan ez da nahikoa ona izatea: lan bikaina egiten dutela erakutsi behar dute. Azken batean, elkar ezagutzeko aldia igarotakoan, bi aukera daude: entitatetik irtetea edo bazkide (eta, beraz, jabe) bilakatzea, beste edozein enpresa pribatutan baino askoz lotura handiagoa dena. Bazkide denak eskubide asko ditu, baina baita erantzukizunak ere.

Etorkizuneko beharrak

Laboral Kutxak hainbat motatako lanpostuak bete beharko ditu zenbait arlotan. Gure etorkizuneko beharrak batez ere sukurtsal-sarean egongo dira. Izan ere, erretiroen erritmoaren ondorioz, datozen urteetan pertsona dezente beharko dugula aurreikusten dugu. Gure zerbitzu zentraletarako profesionalak ere beharko ditugu.

Nola aurkez dezake bere burua hautagai batek? Laboral Kutxan lan egiteko asmoa duen edonork funtsean bi aukera ditu:

Lanpostu hutsak

Lanpostu jakin bat bete behar denean, gure webean eta enplegu-atarietan ematen da horren berri. Azken aldian, eta gizarte-sareek gero eta garrantzia handiagoa dutela kontuan hartuta, 2.0 zerbitzuen eskaintza zabala dugu: enplegu-atariak, gure Twitterreko profila  eta Facebookeko orrialdea erabiltzen ditugu, eta laster baita Linkedin ere.

Berezko hautagaitza

Jasotzen ditugun curriculum guztiak kontu handiz hartzen saiatzen gara. Lanpostua entitatez kanpoko pertsona batekin bete behar dugunean, bilatzeko lehen aukera da hori. Ditugun curriculum guztiak aztertzen ditugu, hutsik dagoen lanpostua betetzeko zein den egokia jakiteko: hautagaitza horiek ez dira zakarrontzira botatzen.

Gure webguneko inprimakiaren bidez jasotzen ditugu curriculumak. Edozein lanpostutarako hautagaiek sarri entzuten duten “zure eskaria kontuan hartuko dugu” esaldia benetan bete dadin egiten du lan gure Kudeaketa Sozialeko departamenduak.

Hautagaiek laster berrituko dugun Laboral Kutxaren webgunean ikus ditzakete hutsik dauden lanpostuak, edo gure proiektuan parte hartu nahiko luketela adierazi. Informatuta egoteko eta norbere burua ezagutzera emateko gune aproposa da. Hala ere, lehen esan dugun bezala, bete beharreko lanpostu guztiak ez dira argitaratzen, horietako asko barne-hautapen bidez edo gure datu-basean curriculuma utzi duten pertsonak aukeratuz bete daitezkeelako.

Gure entitateko bazkide izateko ahalegina eta ezagutza behar dira, baita gurekin batera bestelako enpresa-eredu batean lan egiteko gogoa ere. Gurekin lan egin eta badela beste modu bat erakutsi nahi zenuke?


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Kooperatibismoa