Nola saihestu maula-delitua online dendetan

Nola saihestu maula-delitua online dendetan

3 min.

Nola saihestu maula-delitua online dendetan

Black Fridaya gertu dago, eta, gero, Cyber Mondaya, lagun ikusezina, Olentzero, Erregeak eta abar datoz. Ohartzerako, urteko garairik komertzialenean sartuko gara. Garai horretan, opariak egitea eta jasotzea gustatzen zaigu, eta gure urteko aurrekontuaren zati handi bat erabiltzen dugu erosketetan.

Onlineko maula-delituei buruzko aurreikuspenak

Baina eskaintzarik onenen bila hasi aurretik, datu pare bat hartu behar duzu kontuan: 2020an Internet bidez egindako maula-delituen kopurua % 18,27 hazi zen aurreko urtearekin alderatuta. Guztira, 15.728 salaketa aurkeztu ziren, 2020ko Ertzaintzaren Delinkuentziaren Memorian ageri denez. Eta aurtengo aurreikuspenak ez dira askoz hobeak izango, dirudienez; izan ere, 2021eko lehen 6 hiletan, 7.081 salaketa erregistratu dira arrazoi horrengatik, Ertzaintzaren datuen arabera. Gainera, gero eta pertsona gehiagok erosten du online: gure inguruko biztanleen % 76k, hain zuzen. Erosketa bakoitzeko batez besteko zenbatekoa 89 eurokoa da, iAB Spain-ek 2021erako merkataritza elektronikoari buruz egindako ikerketaren arabera. Estatistika horiek urtero gogorarazten digute kontu handiz ibili behar dugula Internet bidez erosten dugun bakoitzean.

Maula-delitu baten biktima ez izateko aholkuak

Halako delitu baten biktima ez izateko, aholku hauei jarraitzea komeni da:
  1. Erosketa egin aurretik, hobe duzu zenbait gauza kontuan izatea, atsekaberik ez izateko:
  • Ez erabili inoiz wifi-sare publiko bat erosketak egiteko. Webgune batean bereziki babestutako datu pertsonalak sartu behar badituzu, sartu wifi pribatu batetik edo datu mugikorren zure saretik.
  • Egiaztatu informazioa zifratuta bidaltzen dela, webgunearen izenaren aurrean HTTPS dagoela eta ondoan giltzarrapo bat duela.
  • Egiaztatu segurtasun-ziurtagiria baliozkoa dela eta zu zauden webgunearekin bat datorrela.
  • Egiaztatu azken prezioan zerga guztiak sartuta daudela.
  • Konfiantzazko zigiluak aparteko segurtasun-bermeak dira.
  1. Begiratu online dendaren zenbait elementuri; hauei, besteak beste:
  • Lege-oharrean, «Nor garen» atalean edo antzekoan, eskura izan behar dituzu IFZ, helbidea, harremanetarako helbide elektronikoa eta beste datu batzuk.
  • Pribatutasun-politikak zure datu pertsonalak nola erabiliko diren adierazi behar du.
  1. Ez fidatu inoiz pagotxekin. Lehen marketako produktuek ez dute deskontu sinestezinik izaten; beraz, kontuan izan: zerbaitek egia izateko onegia badirudi, faltsua izango da.
  2. Ez erosi ezer diseinu eta kalitate txarreko webguneetan, eta ortografia-akatsak, itzulpen kaskarrak, irudi txarrak edo artikulu guztietarako prezio uniformeak dituzten webguneetan. Horrelako web-orriak iruzurrerako bideak izaten dira, eta herrialde askotan daude.
  3. Egiaztatu saltoki elektronikoaren ospea, beste pertsona batzuek Interneten izandako esperientziari buruz azaltzen dutena irakurriz. Google informazio-iturri bikaina da online denda bat fidagarria den ala ez jakiteko.
  4. Egiaztatu ordaintzeko konfiantzazko metodo bat baino gehiago daudela. Saltoki elektronikoak berehalako diru-transferentziako zerbitzuen bidez (adibidez, MoneyGram edo Western Union bidez) soilik ordaintzeko aukera ematen badizu, hobe da ez arriskatzea eta erosketarik ez egitea. Beste aukera batzuk (hala nola jasotzean ordaintzekoa, txartel bidezkoa, bankuko transferentzia bidezkoa edo produktua jaso ondorengoa) ere onak dira; hala ere, PayPalen eta antzeko bitartekarien bidez egiten direnak dira erosketarik seguruenak.
  5. Egiaztatu online dendak bidalketa- eta itzulketa-politika argia duela. Produktua erosi aurretik hura itzultzeko aukera, epea, tramiteak eta kostua azaltzen dituztenak dira online dendarik fidagarrienak.
Aholku horiez gain, gogoratu LABORAL Kutxan autentifikazio-faktore bikoitza dugula, erosketa zuk zeuk egiten duzula ziurtatzeko. Gainera, esteka honetan ikus dezakezu zer neurri hartu ditugun txartelarekin egiten dituzun eragiketetan eta online erosketetan segurtasuna areagotzeko.


Zein da zure erreakzioa?