Nolakoak dira gaur egungo familiak? Interneten diren iritzien analisia

Nolakoak dira gaur egungo familiak? Interneten diren iritzien analisia

4 min.

Nolakoak dira gaur egungo familiak? Interneten diren iritzien analisia

FAMILIA

LABORAL Kutxan adi begiratzen diogu gizartearen bilakaerari, jakin badakigulako gure bezeroengana egokitzeko modurik onena dela. Horregatik, era guztietako azterketak egiten ditugu, hala nola ekonomikoak eta Interneten ematen diren iritziei buruzko ikerketak. Azken lanean familiak izan ditugu aztergai. 4.000 iritzi baino gehiago jaso eta aztertu ditugu, eta hauxe da emaitza.

Familia-ereduaren araberako iritziak

Familia tradizionalek eta anitzek iritzi oso desberdinak ematen dituzte Interneten hitz egiten dutenean. Bigarrenek euren eskubideak aldarrikatzen dituzte; lehenengoek, berriz, euren balioak eta egokitasuna berresten dituzte, horretarako orotariko argumentuak erabiliz, adibidez: ekonomikoak —horrelako familiek gastu gutxiago eragiten diote gobernuari— edo psikologikoak —hobeak dira kideen osasunerako—.

Iruzkinei erreparatuta, familia tradizionalenentzat ezkontza da garrantzitsuena, hau da, gizonen eta emakumeen arteko bat-egitea (% 29k horrela dio), eta, ondoren, erlijioa praktikatzea (% 23k), seme-alaben heziketa (% 27k), tradizioak (% 12k) eta politika (% 9k). Familia tradizionalaren aldeko iritzien artean, badira eredua gainbeheran ez dagoela erakusten saiatzen direnak, beste ereduen aurka ere eginez.

Aniztasun handiagoko familia-ereduekin bat egiten dutenen artean, egoera oso bestelakoa da, batez ere LGTB kolektiboaren eskubideen aldeko mugimenduan partaide aktiboak badira. Bestelako familia-ereduak legitimatu nahi dituzte, homofobia eta transfobia salatu eta erlijioek baztertu egiten dituztela azaldu. Esaten dutenez, oraindik ere ez dago benetako aniztasunik eta berdintasun sozialik eta, euren borroka gaitzesteko, «gay lobbya» eta antzeko esamoldeak erabiltzen direla.

Aldatu al da telebista ikusteko modua?

Erantzuna baiezkoa da, zalantzarik gabe. Telebista ikusteko familia egongelan biltzen zeneko garaia iragana da (% 20k bakarrik egiten du). % 30ek sukaldean ikusten du, eta % 60k dio familiako kide bakoitzak bere kontura ikusten duela, bakoitzak gailu bat erabiliz.

Orokorrean, familiek begi onez ikusten dute telesailak eredu berrietara egokitu izana eta bestelako familiak erakustea: guraso bakarrekoak, guraso homosexualak dituztenak, guraso dibortziatuenak, arrazen artekoak, transgenero diren pertsonek osatutakoak eta autoritarismoen aurkako balioetan oinarritutakoak. Ez da gauza bera gertatzen publizitatearekin, gaur egun oraindik ere XX. mendeko eredu zaharkituen araberako portaerak erakusten dituztela uste baitute. Iragarkietan ama da garbigarriez eta seme-alaben elikaduraz arduratzen dena, automobilei buruzkoak aitei zuzenduta daude, batez ere familia tradizionalak azaltzen dira —aita, ama eta seme-alabak—, emakumeen gorputza sexualizatu egiten dute salmentak sustatzeko eta indarkeria matxista sotila justifikatu egiten dute.

Zer gertatzen da amatasunarekin eta aitatasunarekin?

Interneten, dagoeneko, ez da modu idilikoan hitz egiten amatasunari buruz, hausnarketa errealistagoak egiten dira orain. Gai berriak aipatzen dituzte, esaterako: bizi-kalitatea (iritzien % 59k), erditu ondorengo ondoezak (% 31k), ama izateak bikotean duen eragina (% 11k), kezka ekonomikoak (% 9k), lan-banaketa (% 6k) edota gorputzaren aldaketa (% 4k). Era berean, emakumeek presiorik gabe erabaki nahi dute amatasunaren gainean; izan ere, gaiari buruz Interneten mintzatzen direnen % 60k presioa nabaritzen du beste emakume batzuen aldetik, baita familiaren, lagunen eta lan-ingurunearen aldetik ere (% 70ek); gainera, askok biologiaren presioa nabari dute (% 80k «erloju biologikoa» aipatu du erabakia hartzeko arrazoien artean).

Aita izan diren gizonek, berriz, partaide aktibo izan nahi dute haurren zaintzan, ez dute laguntzaile hutsean geratu nahi. Aita ez diren baina izan nahi dutenek, ostera, emakumezko bikotekiderik gabe eginkizun zaila dela adierazten dute.

Hezkuntza eztabaidagai

Haur-hezkuntzako sistemen eta legezko mugen ingurukoa da eztabaida sutsuenetako bat. Hain zuzen ere, gurasoek jakin nahi dute nola eta non hezi ditzaketen seme-alabak beste modu batez, sistema ofizialetik kanpo. Gehienek (% 70ek) hezkuntza sortzaileagoa nahi dute, etxeko lanik gabe eta azterketa gutxiagorekin. Bestalde, haurrei irakatsi nahiko lieketen balioez ari direla, erantzukizuna (% 70), askatasuna (% 20) eta tolerantzia (% 10) dira aipatuenak.

Belaunaldien arteko haustura sare sozialen erabileran

Horixe da gure ikerlanak adierazten duena. Gurasoek diote atzeratu egin nahi dutela seme-alabak sare sozialetara sartzeko unea, eta arauak ezarri nahi dituzte, edo adingabekoak eurak izan daitezela sareetan igarotzen duten denbora kontrolatuko dutenak.

Gazteek teknologia erabiltzen dute talde bateko kide direla berresteko —% 70ek baino gehiagok uste du horrela errazago egiten direla lagunak— eta euren online «nia» eta offline izaera uztartzen dituzte. Sareak egunero erabiltzen dituzte —% 80k baino gehiagok—, baina ez dute uste horiekiko mendekotasunik dutenik, mendeko den norbait ezagutzen duten arren. Batez ere kontaktuekin harremanetan pasatzen dute denbora (% 30ek), edo argazkiak, bideoak, testuak, musika eta marrazkiak partekatzen (% 39k). Eskola-lanetarako informazioa bilatzen ere ematen dute denbora (% 19k), edo lelokeriekin denbora-pasa ibiltzen dira, % 12k onartzen duen moduan.

Halaber, gero eta gehiago dira erretiroa aurreikusi eta egoera berean dagoen «familia berria» eraiki nahi dutenak, bizitzako azken urteak elkarrekin bizitzeko. Cohousing fenomenoa goraka doa, eta interesa duten lagunek horren funtzionamenduaz (% 40k), prezioaz (% 30ek), eskaintzen duen independentzia-aukeraz (% 20k) eta instalazioei buruz galdetzen dute.


Zein da zure erreakzioa?