
PFEZren eta Sozietate Zergaren atxikipen-tasa berriak Foru Lurraldeetan
2015-09-09
PFEZren eta Sozietate Zergaren atxikipen-tasa berriak Foru Lurraldeetan
Euskal Foru Aldundiek Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren atxikipen-tasa berriak arautu dituzte, Consulting PROren berrien atalean iragarri genuen bezala. Tasa berriak lehenago finkatu zituen uztailaren 10eko 9/2015 Errege Dekretuak, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bidez zergadunek jasaten duten zama gutxitzeko premiazko neurriei eta beste neurri ekonomiko batzuei buruzkoak.
Bizkaian, atxikipen-tasa berriak uztailaren 21eko 128/2015 Foru Dekretuak onartu zituen (2015eko uztailaren 28ko BAO).
Gipuzkoan ere atxikipen-tasa eta konturako ordainketa berriek 2015eko uztailaren 12tik aurrera izango dute eragina, eta uztailaren 28ko 73/2015 Foru Dekretuak ezarri zituen (2015eko uztailaren 30eko GAO).
Arabako Foru Aldundiak ere atxikipen-tasa berriak onartu zituen, araubide erkideko legediari egokitzeko helburuz, 41/2015 Foru Dekretuaren bidez (2015eko uztailaren 31ko ALHAO).
Jarraian, autonomoengan eragina duten aldaketak zehaztuko ditugu:
Jarduera profesionalen etekina
2015eko uztailaren 12tik aurrera, jarduera profesionalen etekinen gaineko atxikipenak % 19tik % 15era jaitsi dira.
Beraz, uztailaren 12a baino lehen egiten bada faktura, % 19ko atxikipenarekin egin behar da, eta data horren ostean egiten direnak % 15eko atxikipenarekin egin behar dira.
Era berean, jarduerari ekiten dioten autonomoentzat, atxikipen-tasa % 7koa izango da jardueraren lehen hiru urteetan (uztailaren 11ra arte, atxikipena % 9koa zen).
Hiri-lurreko ondasun higiezinen errentamendua (atxikipena egiten zaien bulego eta lokaletarako erabiltzen da). Irailaren 1etik aurrera, errentamenduen atxikipena % 19,50ekoa izango da (2015-08-31ra arte, % 20koa da), eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, % 19koa izango da.
Beste errenta batzuk
2015eko uztailaren 12tik aurrera, atxikipen-tasa % 20tik % 19,5era jaitsi da kapital higigarriaren etekinetarako, eskudirutako sarietarako eta ondorengo jarduera hauek jatorri duten etekinetarako: jabetza intelektuala eta industriala, laguntza teknikoa, ondasun higigarri, negozio edo meategien errentamendua, eta aurreko ondasun guztien azpierrentamendua.
Sozietateen gaineko Zerga
Karga-tasa ez da aldatu, baina bai atxikipen-tasa orokorra. Hain zuzen, 2015eko uztailaren 12tik aurrera % 19,50era jaitsi da (lehenago % 20koa zen), eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera % 19koa izango da.
Hona hemen 2015-2016 urteetarako atxikipen-tasa berrien laburpen-koadroa:
Kontzeptua | 2015/07/11ra arte | 2015-07-12tik aurrera | 2016/01/01etik aurrera |
Profesionalen atxikipenak | % 19 | % 15 | % 15 |
Jarduerari ekin dioten autonomoen atxikipenak, lehen hiru ekitaldietan | % 9 | % 7 | % 7 |
15.000 €-tik beherako etekinak dituzten profesionalen atxikipenak, zenbateko hori aurreko ekitalditan lortutako etekin ekonomikoen eta lanekoen baturaren % 75 baino gehiago bada | % 15 | % 15 | % 15 |
Kapital higigarriaren etekinak | % 20 | % 19,50 | % 19 |
2015/08/31ra arte | 2015-09-11tik aurrera | 2016/01/01etik aurrera | |
Ondasun higiezinen errentamenduak eta azpierrentamenduak | % 20 | % 19,50 | % 19,00 |
Akzioen eta inbertsio-fondoetako partaidetzen transmisiotik edo errenboltsotik datozen ondare-irabaziak | % 20 | % 19,50 |
Zein da zure erreakzioa?