Uztaila: korrika egin bizitzeko
2017-07-03
Uztaila: korrika egin bizitzeko
Bazuen sofa gainean etzan eta telebista ikusten geratzea. Bazuen parkeko banku batean eseri eta egunkaria irakurtzea. Edo, besterik gabe, bazuen denbora igarotzen ikustea. Baina berak pentsatu zuen badela zahartzeko eta erretiroa bizitzeko beste modu bat.Hala, Fortunato Vencedorrek 60 urte zituela jantzi zituen lehen aldiz fosforito koloreko zapatilak, erretiroa hartu ondoren. Bilbon zeukan tabernan 40 urtez lan egin ondoren, belaunak handituta zeuzkan, eta medikuak hala gomendatuta, ibiltzen hasi zen.65 urte zituela, lehen aldiz hartu zuen parte lasterketa batean, Bilboko Herri Krosean, bere seme nagusiarekin. Bi aldiz pentsatu behar izan zuen, barre egingo ziotela uste baitzuen. Baina esperientzia txarra izan zitekeena, guztiz aberasgarria gertatu zitzaion: Fortunato lasterketekin zaletu eta beste bizimodu bati ekin zion.Herri Krosaren ondoren, Artxandako igoera, Santurtzi-Bilbo eta Behobia-Donostia lasterketak etorri ziren, eta 79 urte zituela lehen maratoia egin zuen, bere emazte zenaren zapi bat lepoan zuela.Oinkada motela du, baina ez dio axola ez denborak ez azkena izateak. Izan ere, berarentzat, helmugara iristea “Jainkoak korrika jarraitzeko osasuna eman diolako” seinalea da.Korrika hasi zenetik, fisikoki eta mentalki lehen baino hobeto dagoela dio. Sekretua? Astean 30 bat kilometro egin eta bere edabe magikoa hartzea: ura, hiru piku, platano erdi bat, limoi erdia eta azukrea nahasita. Bere bizimodua bilobari ere transmititu nahi dio, hark berdin egin dezan.Izan ere, Fortunatok agerian jarri du badela zahartzeko beste modu bat eta badela korrika egiteko beste modu bat. Ez da korrika egitea irabazteko, baizik eta korrika egitea bizitzeko.Hori egiaztatzeko, irakurri gure egutegiko gainerako historiak.
Zein da zure erreakzioa?