Zer dira inbertsio-fondoak eta nola izan daitezke onuragarriak zuretzat?
2020-06-29
Zer dira inbertsio-fondoak eta nola izan daitezke onuragarriak zuretzat?
Batzuetan, aparteko diru bat iristen bazaizu, errentagarritasun handiagoa nahi baduzu edo, besterik gabe, etorkizunerako aurreztu nahi baduzu, inbertsio-formulak bilatzen hasten zara, aurrezki-kontu batek, epe finko batek edo pentsio-plan batek baino etekin handiagoa emango dizutenak.
Finantza-tresnetako bat inbertsio-fondoa da. Edozein pertsonaren eskura dagoen tresna da, nork bere gain hartu nahi duen arrisku-mailara eta dituen beharretara egokitzen baita, bai finantzen munduan esperientzia duen inbertitzailea bada, bai bere dirua modu eraginkorragoan kudeatu nahi duen aurreztaile xumea bada.
Nola funtzionatzen dute inbertsio-fondoek?
Inbertsio-fondoen funtzionamendua nahiko erraza da: ekarpen indibidual bat egin behar diozu zure finantza-erakundeari edo plataforma espezializatu bati, hainbat finantza-aktibotan inberti dezan, errentagarritasun jakin bat ateratzeko. Horren trukean, legez araututako zenbait komisio kobratzen dira.Baloreen merkatuaren antzeko funtzionamendua duten arren, inbertsio-fondoek zenbait berezitasun dituzte. Zer fondotan inbertitu nahi duzun aukeratzen duzunean, partaidetzak eskuratzen dituzu, likidazio-balio izeneko prezioan: balio hori lortzeko, fondoaren ondarea —hau da, partaide guztiek jarritako dirua— zati zirkulazioan dauden partaidetzen kopurua egiten da. Partaideek askatasunez erosi (harpidetza) eta sal (itzultzea) ditzakete beren partaidetzak, eta, orduan, fondoaren ondarea txikitu edo handitzen da, hurrenez hurren. Nolabaiteko arriskua dago eragiketa horietan; izan ere, fondoak inbertitu dituen aktiboek emaitza negatiboak ematen badituzte, fondoaren ondarea txikitu egingo da, baita partaidetzen likidazio-balioa ere. Eta, fondoa behera doan une horretan dirua behar baduzu, gerta daiteke itzultzearen likidazio-balioa harpidetzarena baino txikiagoa izatea; hots, eragiketarekin dirua gal dezakezu, azken batean.
Nola izan daitezke onuragarriak zuretzat?
Inbertsio-fondoen formulak zenbait abantaila ditu; esaterako, partaidetza horiek kudeatzen dituzten finantza-erakundeek eta sozietateek zure eskura ez dauden merkatuetara jo dezakete, inbertsio horiek zure kontura egitea erabakiz gero eskura izango ez zenituzkeen merkatuetara, alegia. Horri esker, fondoek aukera ematen dizute zure inbertsioak dibertsifikatzeko eta zure aurrezkiengatik errentagarritasun handiagoa lortzeko.Gainera, inbertsio-fondoei dagokien zerga-sistema onuragarria da; izan ere, partaidetzak saltzen dituzunean soilik ordaindu behar dituzu zergak, eta fondoen arteko intsuldaketetan sortutako gainbalioek —hau da, partaidetzen itzultzearen (salmenta) eta beste partaidetza batzuen harpidetzaren (erosketa) artean sortutakoek— ez dute zergarik ordaintzen.
Nola inberti dezakezu inbertsio-fondo batean?
Inbertsio-fondo batean inbertitzeko, LABORAL Kutxara etorri behar duzu, baina beste gestio-sozietate batzuk ere badaude. LABORAL Kutxan eta beste sozietate horietan, fondoaren baldintzei eta komisioei buruzko informazio guztia jaso ahal izango duzu.Zer gastu ditu?
Inbertsio-fondo bat kontratatzean, ordaindu beharreko hainbat komisio-mota daude.- Harpidetza-komisioa. Finantza-erakundeari edo sozietate gestoreari ordaintzen zaio fondoan inbertitzeagatik. Ezin da inola ere % 5etik gorakoa izan. Bermatutako fondoen ohiko komisioa da.
- Itzultze-komisioa. Fondoan duzun inbertsioa saltzen duzunean ordaintzen duzuna da; gehienez % 5eko zenbatekoa du, eta bermatutako fondoetan ere ohikoa da.
- Zaintza-komisioa. Fondoaren gordailuzaina den erakundeari ordaintzen zaio, baloreak administratu eta zaintzeagatik. Ezin du ondarearen 1.000ko 2a gainditu urtean.
Zein aukeratu?
Fondo bat aukeratzeko, ezinbestekoa da inbertitzailearen beharrak eta helburuak aintzat hartzea, baina baita inbertitzaileak bere gain hartu nahi duen arriskua ere. Arrisku hori zenbait faktoreren mende egoten da; hona hemen faktore horietako batzuk: aktibo-mota, eremu geografikoa (eskualde edo herrialde bateko ezegonkortasun politiko, ekonomiko edo soziala) eta dibisa (dolarra eta euroa egonkorragoak dira). Oro har, aktiboaren segurtasuna errentagarritasunarekiko alderantziz proportzionala da, eta 1etik (seguruagoa) 6ra edo 7ra (arrisku handiagoa) bitarteko eskala baten bidez adierazten da.LABORAL Kutxan espezialista-talde bat dugu, zure diruari etekina ateratzen hasteko eman beharreko pausoei buruzko aholkularitza pertsonalizatua emango dizuna. Gainera, zure Online Bankan fondoen gomendatzaile bat aurkituko duzu, gehien interesatzen zaizuna hauta dezazun; gutxieneko inbertsioa 60 eurokoa da. Tresna horrek inbertsioen inguruan dituzun ezagutzak eta esperientzia ebaluatuko ditu, zer inbertsio-helburu dituzun galdetuko dizu, eta zure erantzunekin ondoen bat etortzen den inbertsio-gomendioa proposatuko dizu.
Hainbat fondo-mota daude, zure beharren eta helburuen arabera:
- Errenta finkoa. Fondo horiek errenta finkoko aktiboetan inbertitzen dute ondarearen zatirik handiena, eta haien bilakaera interes-tasen araberakoa da. Halaber, beharrezkoa da erakunde jaulkitzaileak ordainketa-konpromisoak betetzea, jakina. Fondorik seguruenak dira, nahiz eta bermatuta egon ez, baina errentagarritasunik txikiena ematen dute. Dena den, zure diruari nolabaiteko etekina ateratzeko modu ona da, ohiko formuletatik kanpo.
- Errenta aldakorra. Batez ere akzioetan edo errenta aldakorreko beste inbertsio-fondo batzuetan inbertitzen dute; beraz, arriskua handiagoa da, baina baita errentagarritasun handiagoa lortzeko aukera ere. Luzaroan ez baduzu diruaren beharrik izango, eta formula ausartak eta arriskutsuak esploratzea gustatzen bazaizu, hau da zure aukera.
- Errenta mistoa. Ondarea errenta finkoko eta errenta aldakorreko aktiboetan banatzen dute, eta aktibo horien proportzioaren araberakoa da arriskuaren eta errentagarritasun potentzialaren maila. Aukerarik interesgarrienetako bat da, nahi dituzun arrisku- eta inbertsio-helburuetara egokitzen diren fondoak biltzen dituelako.
- Data jakin batean ziurtatzen dute inbertitutako kapitala. Errenta finkokoak izan daitezke (amaiera-egunean kapitala eta etekin finkoa bermatzen dutenak), eta errenta aldakorrekoak (kapitala bermatzen dutenak, baina ez etekina). Aukera ona da arriskatzea gustuko ez baduzu.
- Aske inbertitzen dute errenta finkoan eta errenta aldakorrean, eta ez dute aurrez zehaztuta ez dibisa ez eremu geografikoa. Arrisku-maila handia bilatzen baduzu, zure aukera da.
Zein da zure erreakzioa?