Zer motatako kontuak eta gordailuak daude?

Zer motatako kontuak eta gordailuak daude?

2 min.

Zer motatako kontuak eta gordailuak daude?

kontu motak

Denak dira aurrezteko moduak, baina denak ez dira berdinak. Askotan entzuten dugu horien inguruan hitz egiten; baina, batzuetan, ez ditugu horien arteko desberdintasunak zehatz-mehatz ulertzen. Horregatik, kontuen eta gordailuen inguruan hitz egin nahi dizugu. Izan ere, horiek dira banku-negozioaren oinarria, oro har, gure bezeroek bertan gordailutzen baitute beren dirua. Dena den, badira horretarako beste modu batzuk ere, fondoak eta pentsio-planak, adibidez; baina beste egun batean hitz egingo dugu horien inguruan. Gaur, kontuei eta gordailuei buruzko oinarrizko kontzeptu batzuk argitu nahi dizkizugu.

Kontuak eta gordailuak: zein desberdintasun dituzte?

Printzipioz, diruaren erabilgarritasuna izango litzateke horien arteko desberdintasun nagusia. Kontu batean, dirua erabilgarri dugu atera nahi dugunerako, nahiz eta aurrezki-kontuek ere izan ditzaketen murrizketa batzuk. Gordailuen kasuan, bezeroak diru-kantitate bat ematen dio banketxeari denboraldi baterako, epea amaitzean edo hainbat zatikitan kobratuko duen ordainsari baten truke. Dirua lehenago ateratzen badu, hark zigor bat ordaindu beharko du.

Bigarren sailkapena: aurrezki-kontuak, kontu korronteak eta kreditu-kontuak

Kontu korronteek (ageriko gordailu ere deitzen zaie) dirua horietan sartuta izatea ahalbidetzen dute, eta hura edozein momentutan berreskura daiteke. Banketxeak kutxa-zerbitzu bat eskaintzen digu, eta haren bitartez, ordainketak eta kobrantzak egin, transferentziak egin edo ordainagiriak helbidera ditzakegu, besteak beste. Eragiketa horietako batzuek komisioak izaten dituzte, eta ohikoa ez izan arren, interesak ordain daitezke gordailututako diruagatik. Ordainketa ohikoagoa izaten da aurrezki-kontuetan, baina diruaren erabilgarritasuna zertxobait txikiagoa izaten da.

Hirugarren kontu-mota garrantzitsua kreditu-kontuek osatzen dute. Kasu horretan, banketxeak diru-kantitate bat jartzen du hura eskatu duen negozioaren, enpresaren edo pertsonaren eskura, eta hark kapital hori erabil dezake bere finantziazio-premien arabera, aurretiaz negoziatu den mugaraino eta zehaztutako denboraldian zehar. Finantziazio-egoera batzuetan −epe motzera eta ertainera, oro har−, horiek oso erabilgarriak izan daitezke, erabiltzen den diruaren interesak bakarrik ordaintzen baitira.

Mota guztietako kontuak

Bereizketa hori egin ostean, beste sailkapen asko ditugu. Esaterako, haurrentzako aurrezki-kontuak daude, eta online kontuak ere gero eta ohikoagoak dira. Norbere kontura lan egiten duten pertsonentzako eta negozio edo enpresentzako kontuak ere oso ohikoak dira, baita soldata txertatzeko kontuak ere.

Aurrezki-kontuen artean, desberdintasunik garrantzitsuena ordaindu beharreko interesetan oinarritzen da; horiek interes finkokoak (hori da ohikoena) edo aldakorrekoak izan daitezke.


Zein da zure erreakzioa?