Zerga-biderkatzaileei buruz

Zerga-biderkatzaileei buruz

2 min.

Zerga-biderkatzaileei buruz

Zerga-politikak BPGaren hazkundean duen eraginari buruz ohartarazi du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) argitaratu berri duen lanean. NDF erakundearen arabera, beharbada aldez aurreko estimazioek gutxietsi egiten dute zerga-murrizketek hazkundean duten eragina, eta ildo horretan, zerga-finkapenerako egutegiak malgutu egin behar direla ondorioztatu du; doikuntza gogorregiek eragindako ondorio txarrak saihestea litzateke horren xedea, izan ere, doikuntzok oso epe laburrean egiten baitira. Gaia ez da huskeria, eta foro honetan lehenago ere hitz egin dugu hortaz. 2014. urtetik aurrera luzatuko litzatekeen egutegi malguagoa proposatzea sinesgarriagoa litzatekeela adierazi izan dugu, baina zoritxarrez iritzi horrek ez du oihartzun nahikorik izan.

Gaiaren gaurkotasuna kontuan hartuta, idatzi honetan ohikoa baino teknikoagoa den eremuan sartuko gara.  Ekonomiaren eskari agregatuan euro bateko hazkundeak (edo beherapenak, kasu honetan bezala) errentan sorrarazten duen ondorioari biderkatzaile esaten zaio. Jakina, ondorioa onuragarria izango da eskariak gora egiten badu, eta kaltegarria, berriz, gure kasuan bezala behera egiten badu. Baina zaila da estimazioak lortzea, eta, izan ere, horien heina nabarmen handia da.  Era berean askotariko arrazoiek eragiten dituzte estimazio-zailtasunak, baina zio horien guztien artean bi nabarmentzen dira:

  • Zerga-politikaren eta hazkundearen arteko erlazio biunibokoaren ondorioz lehenak eragina du bigarrenean, baina aldi berean, hazkundeak ere eragiten du zerga-aurrekontuan eta horri dagozkion jarduera-aukeretan.
  • Herrialdeen arteko askotariko egoerak ikusita (posizio ziklikoa, finantza-sistemaren egoera, diru-politika, kanporako irekiera maila, etab.), ez du zentzurik zerga-biderkatzaile bakar bati buruz hitz egiteak.
Dena den, gaiarekin lotutako ikerketa enpirikoetatik hainbat ondorio atera daitezke, besteak beste NDF erakundearen txostenean azaltzen direnak:
  • Zerga-finkapenek eragina dute epe laburrerako hazkundean.  Alderdi hori garrantzitsua da, izan ere, horrek erakusten baitu epe ertainerako igurikimenen hobekuntzak ez duela epe laburreko eragin kaltegarria konpentsatzen.
  • Gainera, eragin kaltegarria areagotu egiten da truke-tasak finkoak badira, zaila baita doikuntza kanpo-sektorearen bultzadaren bidez leuntzea; bultzada horrek ezinbesteko du barneko prezioen doikuntza, eta hori nahi baino polikiago gertatzen da.
  • Beste alderdi kaltegarri bat diru-politikaren marjina urria denean azaltzen da, eta hori interes-tasak % 0tik hurbil daudenean gertatzen da.  Izan ere, egoera horretan ezin da diru-politika motelgailu gisa erabili. Jakina, egungo egoera azaldu dugun horretatik hurbil badago ere, diru-politikak badu nolabaiteko ibilbidea aurretik, betiere konbentzionala ez den bidetik eta hainbat herrialdetan aplikatzen ari diren ildotik.
  • Kontuan hartu beharreko azken elementua da bat-bateko doikuntza kaltegarriagoa dela mailakakoa baino.
Azken finean eremu konplexuan barneratzen ari gara, non ikerketa enpirikoak ez dituen gehiegi argitzen abiatutako ekintzen ondorioak.

Azterketa hau Euskadiko Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin du. Hilean behin, gaurkotasuneko hainbat gai ekonomikori buruz zer ikuspuntu duen ikusiko dugu.


Zein da zure erreakzioa?