Zergak arintzeko aukera dut graduatu ondoko prestakuntza egiteagatik?
2018-01-29
Zergak arintzeko aukera dut graduatu ondoko prestakuntza egiteagatik?
Dela gure lanean hobetu nahi dugulako, dela enplegua lortu nahi dugulako, beti da une egokia prestatzeko, ikasteko, hobetzeko eta gure bizitza profesionalean aurrera egiteko. Masterrak bide egokiak dira gure karrera birbideratzeko edota gure ezagutza-maila handitu eta helburu profesionaletara hurbiltzeko.
Alabaina, graduatu ondoko prestakuntzak badu arazo bat: prezioa; izan ere, oso garestiak izaten dira sarritan.
Horregatik, logikoa da zeure buruari galdetzea ea prestakuntza-maila hobetzeko duzun interesak eraginik izango ote duen errentaren gaineko zergaren aitorpenean. Hau da, ba ote dagoen zerga arintzeko aukerarik. Ikus dezagun.
Arau orokorra: ez dago zerga-arinketarik graduatu ondoko ikasketetan
Oro har, graduatu ondoko prestakuntzaren gastuak ezin dira zerga-kenkaritzat erabili PFEZren aitorpenean. Hau da, lanbidean hobetzea eta graduatu ondoko ikasketaren bat egitea erabaki baduzu, laguntza fiskalik gabe egin beharko duzu. Administrazioek (hala erkidegoetako exekutiboek, nola Estatuak) ez dute prestakuntzarik finantzatzen errentaren bidez; horren ordez, formula propioak erabiltzen dituzte, hala nola bekak, eta eskakizun eta betebehar zehatzak ezartzen dituzte halakoetarako. Alabaina, inoren kontura ari diren langileei buruz ari garenean soilik balio du horrek.
Eta enpresak ordaintzen badu?
Batzuetan, enpresak ordaintzen ditu graduatu ondoko ikastaroak, bere langileen trebakuntza hobetzeko asmoz. Halakoetan, ordainsariaren zati bat balitz bezala hartzen da masterraren zenbatekoa, eta konpainiak ordaintzen du (batzuetan, langileak dirua aurreratzen du eta ondoren enpresak ordaintzen dio soldatan).
Horiek horrela, gauzatan ordaindutako etekintzat hartuko da diru hori, zergari dagokionez; hau da, nominaren gehigarritzat. Ondorioz, dagozkion atxikipenak ezarriko zaizkio PFEZn, eta ez dugu ahantzi beharko aitorpena egiten dugunean adieraztea.
Enpresek beste formula batzuk ere erabiltzen dituzte, hala nola proiekzio handiena duten langileak master baten bidez sustatzea —askotan MBA masterra izaten da—, beraien ezagutzak areagotzeko (eta gero erdi-mailako arduradunak izan daitezen, adibidez). Masterra ordaintzearen truke, urte batzuetan bertan irautea eskatuko dio enpresak langileari. Dena dela, ikastaro horiek egiteagatik ordaindu den dirua ez dago, inolaz ere, zergak ordaintzetik salbuetsita.
Horrenbestez, inoren konturako langilea bazara, badakizu zer aukera duzun masterren bidez garatzeko, eta zer ondorio fiskal duten. ETE baten titularra bazara eta graduatu ondoko ikastaroen bidez zure langileen trebakuntza hobetu nahi baduzu, ez ahaztu: dena aitortzeko betebeharra duzu.
Prestakuntza zergetatik arintzea, zeure kontura egiten baduzu lan
Autonomoa izateak arriskuak dakartza, baina onura batzuk ere bai. Eta, prestakuntzari dagokionez, norberaren kontura ari direnek badute abantailarik, inoren kontura ari direnen aldean.
Izan ere, Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araudi berezian (LAABen), gastu kengarritzat jotzen dira kongresuetara edo konferentzietara joatea, prestakuntza-ikastaroak egitea eta abar. Araubide horretan bazaude, halakoetan inbertitzen duzun dirua zure diru-sarreretatik kenduko dute ekitaldi horretako irabaziak kalkulatzean.
Zergetatik arintzeko baldintza bakarra dago: prestakuntza-ikastaroak (masterra nahiz beste edozein ikastaro) norberaren konturako profesional gisa egiten duzun jardunarekin egon behar du lotuta. Hau da, zure lanarekin zerikusia duen edozein alderdi hobetzeko (edo hobetzen ahalegintzeko) balio behar du, zerga arintzekotan; osterantzean, ezin izango da halakorik egin. Adibide bat jartzearren: a priori, abokatu batek ezin izango luke zerga-kenkaritzat erabili txikizkako salmentei buruzko prestakuntza-ikastaroa.
Dena dela, mugak oso lausoak izaten dira eta hainbat eta hainbat kontu aipa litezke, prestakuntza hori egiteko beharra duzula justifikatzeko. Gatazkarik sortuko balitz, azken buruan zerga-ikuskaritzak erabakiko du ikasi duzun hori zure lanbide-jarduerarekin lotuta ote dagoen.
Eta, garrantzitsuena, esan dugunak ez zaitzala adoregabetu. Ikastea eta hobetzea beti da onuragarria, gure bizitzaren alderdi guztietan.
Zein da zure erreakzioa?