Zibererasoak saihesteko aholkuak

Zibererasoak saihesteko aholkuak

3 min.

Zibererasoak saihesteko aholkuak

Bazenekien biztanleriaren % 90 ia egunero ibiltzen dela Interneten eta 20 milioi pertsonak baino gehiagok (16 eta 74 urte bitarteko biztanleen % 58k) egiten dituztela erosketak online? Edo 10 lagunetik 6k bankuetako appak erabiltzen ditugula gure entitatearekin gestioak egiteko eta % 80k egunero bidali eta jasotzen dituela mezu elektronikoak?

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien etxeko ekipamenduari eta erabilerari buruzko azken inkestan azaltzen diren zifra horiek agerian uzten dute Sareak protagonismo itzela duela gure bizitzetan. Era berean, zibererasoak pairatzeko arrisku-maila ere gero eta handiagoa dela ohartarazten dute. Horregatik, zenbait aholku kontuan hartzeko unea da, oraindik ez baduzu halakorik egin, zure jarduera digitala ahalik eta seguruena izan dadin.

Posta elektronikoa erabiltzeko orduan

Posta elektronikoa da zibergaizkileek gehien erabiltzen duten bideetako bat informazio pertsonala eta bankukoa lapurtzeko. Haien metodoa oso erraza da, hala ez badirudi ere: piratek mezu elektronikoak masiboki bidaltzeko programak erabiltzen dituzte iruzurrerako amua milaka edo milioika laguni helarazteko. Hartzaileek fitxategi gaiztoa deskargatzea da helburua, datu pertsonalak eta pasahitzak lapurtzeko, edo, bestela, mezuan datorren estekan klikatzea, gaizkileek haien banku-informazioa eskuratzeko.

Beraz, bi gauza hartu behar dituzu beti kontuan. Batetik, ez deskargatu inoiz igorle ezezagunek erantsita bidalitako fitxategirik, itxuraz fidagarriak izan arren. Oso litekeena da fitxategi horiek malwarea edukitzea, zure ordenagailua kutsatzeko.  Eta, bestetik, ez egin klik mezu elektroniko ezezagunetan azaltzen diren esteketan, ez eta datu pertsonalak eta bankukoak eskatzen dituztenetan, dirua itzultzeko direla ziurtatzen badute ere. Iruzur asko erakundeen itxura kopiatuta egiten dira, hala nola Zerga Agentziaren edo Gizarte Segurantzaren itxurapean, zure datu pertsonalak eta zure kontu-zenbakia lortzeko helburuarekin. Gainera, gogoratu:

Ez erabili posta elektronikoa sare publikoetan (hoteletako edo aireportuetako sareetan, esaterako), zibergaizkileak erraz sartzen baitira horietan.

Zabor-mezu elektroniko edo spam delakoren bati erantzuten badiozu, igorleak jakingo du kontua aktibo dagoela eta horren bidez trafikatzeko aukera duela.

Erabili pasahitz seguruak, ahal bada zortzi karaktere dituztenak, horien artean letra larriak, xeheak, zenbakiak eta karaktere bereziak.

Eta, batez ere, ez egin klik Online Bankako gakoak eguneratzeko eskatzen duten esteketan, segurtasun-arrazoiak edo bestelakoak aipatzen badituzte ere. LABORAL Kutxak ez dizu inoiz eskatuko inolako informazio edo datu sentikorrik posta elektronikoz, aldez aurretik betiko bideetatik zurekin harremanetan jarri gabe.

Programak deskargatzeko orduan

Pirata informatikoek sarbidea izateko sarri erabiltzen duten beste aukeretako bat software-deskargak dira, ia konturatu gabe ere egiten ditugunak Interneten nabigatzen ari garenean. Horregatik, ezinbestekoa da zure ekipamenduak firewall edo suebakia eta antibirusa izatea. Bi tresna horiek dira zure ekipamendua babesteko lehenengo segurtasun-hesiak, eta biak ala biak gaituta daudela egiaztatu behar duzu. Zenbait sistema eragilek, Windows 10ek, besteak beste, suebakia txertatuta dute eta router batzuek , hardwareko firewall esaten zaienen bidez, mehatxuak iragazteko moduluak dituzte. Enpresako ordenagailu batekin sarean lan egiten baduzu, enpresari dagokio babes-sistema horiek aktibatuta izatea.

Nolanahi ere, deskargaren bat egin behar duzun bakoitzean, hartu aintzat honako gomendio hauek:

Erabili beti gune ofizialak. App mugikor bat jaistekotan bazara, erabili Googleren edo Appleren dendak, ahal bada.

Hasi aurretik, aztertu deskarga egiteko erabiliko duzun webgunea, softwarearekin lotura duela egiaztatzeko.

Zalantzaren bat baduzu, bilatu Interneten beste erabiltzaile batzuen iritziak.

Eta, batez ere, eduki eguneratuta programak. Enpresa garatzaileek eguneratzeak plazaratzen dituzte segurtasun-arrakalaren bat antzematen duten bakoitzean, eta ezinbestekoak dira zenbait software eta sistema eragiletan.

Erasotu zaituztela uste baduzu, bankuko gakoak lapurtu dizkizutela, adibidez, saia zaitez horiek aldatzen Online Bankako zure profileko Segurtasun-aukerak ataletik, edo jar zaitez berehala harremanetan LABORAL Kutxarekin Telebanka zerbitzuaren bidez, 901.333.444 telefonoan, online zerbitzurako sarbidea blokeatzeko. Jarraian, jar zaitez harremanetan zure bulegoarekin zerbitzua eguneratu eta berrabiatzeko.

 


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Online bankua Teknologia