Zordunketa zuzenen bidezko ordainketak: zordunketa-modalitateak eta horiek itzultzeko erregimena

Zordunketa zuzenen bidezko ordainketak: zordunketa-modalitateak eta horiek itzultzeko erregimena

3 min.

Zordunketa zuzenen bidezko ordainketak: zordunketa-modalitateak eta horiek itzultzeko erregimena

SEPA zordunketa zuzenak erabiliz, enpresek ordainbide praktiko bat dute etxeko nahiz mugaz bestaldeko kobrantzak kudeatzeko, SEPA gunea osatzen duten 32 herrialdeen artean.

Ingelesezko SEPA siglek “Single Euro Payments Area” esan nahi dute, hau da, eurotan ordaintzeko eremu bakarra; haren helburua da Europa osoan ordainketak egiteko erreminta uniformeak ezartzea eta mugaz haraindiko ordainketen eta ordainketa nazionalen arteko bereizketak ezabatzea.

SEPA zordunketa zuzenak honela definitzen dira Ordainketa Zerbitzuei buruzko azaroaren 13ko 16/2009 Legean: “agindu-emailearen ordainketa-kontuan kargu bat egitea helburu duen ordainketa-zerbitzua da. Bertan, onuradunak abiarazten du ordainketa-eragiketa, agindu-emaileak onuradunari, onuradunaren ordainketa-zerbitzuen hornitzaileari edo agindu-emailearen beraren ordainketa-zerbitzuen hornitzaileari emandako onespena oinarritzat hartuta”.

Definizio horren arabera, ordainketa-zerbitzu honetan esku hartzen duten hiru agente bereiz daitezke:

  • Agindu-emailea: ordainagiria ordaintzen duena, bere kontuan zordunketa bat eginez (kontu korrontean edo ordainketa-kontuan).
  • Onuraduna: dirua zor zaion eta kobratzeko ordainagiria igorri duen erakundea.
  • Ordainketa-zerbitzuen hornitzailea: finantza-erakundea edo ordainketa-erakundea.
Zordunketa zuzenen bitartez, zerbitzu-konpainia gehienek (elektrizitatearen, telefoniaren eta gasaren alorretako konpainiek, adibidez) beren salmenten aldizkako kobrantzak bideratzen dituzte. Denbora igaro ahala, gero eta konpainia gehiagok erabiltzen dute eta, gaur egun, ordainketak egiteko oso baliabide arrunta da mota askotako enpresentzat (aholkularitza, gimnasioak, akademiak, ikastetxeak, aseguruak, finka-administratzaileak eta abar).

Zuzeneko zordunketa motak

SEPA zordunketa zuzenak egiteko bi modalitate daude: oinarrizko modalitatea (CORE) eta B2B deritzona; azken hori enpresa, autonomo edo profesionalek soilik erabiltzen dute elkarren artean.

Oinarrizko zordunketak (CORE) kobrantzak eurotan egitea ahalbidetzen du;  kobrantzak zordunaren kontuan zorduntzen dira, hura kontsumitzailea, enpresa edo autonomoa izan.

Zerbitzu bat ordainbide horren bidez kobratu ahal izateko, zordunketa-kontuaren zordun titularrak dagokion helbideratze-agindua edo mandatua sinatu behar du. Horrenbestez, zordunak agindu bat eman behar du aurretiaz, ordainketak helbideratu ahal izateko.

Bestalde, B2B izeneko zordunketa zuzenaren bitartez, kontsumitzaileak ez direnen (enpresak eta/edo autonomoak) artean egin daitezke kobrantzak, eurotan, eta, oinarrizko zordunketaren kasuan ez bezala, itzultzeko epe laburra du.

SEPA B2B zordunketa zuzenaren ezaugarrien arabera, kontuan zordunketa egin aurretik, finantza-erakundeak zordunaren baimena eskatu beharko du.

Helbideratutako ordainagiriak edo zordunketak itzultzeko erregimena

Ordainketa Zerbitzuen Legea indarrean sartu zenetik, zordunketa bat itzuli ahal izateko honako baldintza hauek bete behar dira:

  1. a) Zordunketa-baimenean eragiketaren zenbateko zehatza ez zehaztea.
  2. b) Zordundutako zenbatekoa bezero agindu-emaileak espero zuena baino handiagoa izatea, betiere azken hamabi hilabeteetan bankuaren bitartez egindako aurreko gastuak kontuan hartuta, transakzioa onuradun berarekin nahiz beste batekin egin.
Kasu horietan, bezero agindu-emaileak itzulketa eskatu ahal izango dio bere finantza-erakundeari. Epe hori 8 astekoa izango da, gehienez ere, zordunketa-datatik kontatzen hasita.

Agindu-emaileak eragiketa berariazko agindu bidez baimendu ez badu, kontuaren bezero titularrak 13 hilabetera arteko epea izango du zenbatekoa itzultzeko.

Aurreko baldintza horiek bete gabe ere egin daiteke itzulketa, kontratu batean berariaz itunduta geratzen bada.

B2B zordunketa zuzenen kasuan, itzultzeko epea bi egunekoa izango da. Horrela, enpresa hartzekodunari ez ordaintzeko arriskua edo berankortasun-arriskua murrizten da, eta bide batez, merkataritza-arriskua hobetzen da. Dena den, kobrantza-bide hori ez dago horren hedatua, eta berariazko agindu-eredua eskatzen du, Core edo “Oinarrizko” zordunketarena ez bezalakoa.

Ordainketa-bide honen erabilerari eta ezaugarriei buruz gehiago sakondu nahi baduzu,  LABORAL Kutxaren edozein bulegotan edo Consulting Pro zerbitzuaren bitartez kontsulta dezakezu (online inprimakia edo 900 100 240 telefono-zenbakia).


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Finantza kudeaketa