Zuzendarien eta goi-kargudunen erantzukizun zibila

Zuzendarien eta goi-kargudunen erantzukizun zibila

4 min.

Zuzendarien eta goi-kargudunen erantzukizun zibila

Zuzendariek eta goi-kargudunek sarritan hartu behar izaten dituzte hirugarrenen ondarean eragina izan dezaketen erabakiak. Erantzukizun horrek, bizi garen gizarte konplexu honetan, etengabe eboluzionatzen ari baita eta etengabe hazten ari den erregulazioa baitu, erreklamazioak ekar diezazkieke hainbat arrazoirengatik: akatsak egiteagatik edo arduragabe jokatzeagatik, kontratuak ez betetzeagatik, langileei kalteak eragiteagatik edo gainbegiratze faltagatik. Horregatik guztiagatik, prest egon behar dute egoera horien aurrean behar besteko babesa izateko maila guztietan, ondorio garrantzitsuak ekar baitiezazkiekete.

Testuinguru horretan, zuzendarientzako eta goi-kargudunentzako erantzukizun zibileko aseguruen (D&O aseguruak ere esaten zaie, directors & officers ingelesezko izenagatik) eginkizun nagusia da ekonomikoki erantzutea profesional horiek beren karguan diharduten bitartean eragin ditzaketen kalteengatik, beren ondare pertsonalarekin erantzutera ere behartu baititzake legeak.

Jarraian, zehatzago azalduko dizkizugu poliza horien nondik norakoak, bai eta zuzendariek eta goi-kargudunek beren lanbidean duten erantzukizun zibilaren irismena zein den ere.

 

Zer estaltzen du D&O aseguruak

Oro har, D&O aseguruak zuzendariak eta goi-kargudunak babesten ditu erreklamazio baten aurrean, bere gain hartuz haien defentsa-gastuak, bai eta kalte-ordainak ere eta, hala badagokio, finantza zibilen eta penalen ordainketa estaltzen du. Hau da, enpresaren erantzukizun-polizaz bestelakoa da, eta erakundea eta haren stakeholder nagusiak babesten ditu, hala nola langileak, akziodunak edo hornitzaileak. D&O aseguruaren kasuan, zuzenean zuzendaria edo goi-karguduna da aseguratua.

Nahitaez harpidetu beharrekoa ez den arren, 1/2015 Lege Organikoak pertsona juridikoen erantzukizun penala mugatzen du, barne hartuta horren ardura duten pertsonen gainbegiratze-, zaintza- eta kontrol-betebeharrak ez-betetzea. Arau horrek zehazten du kasu horietan erantzukizuna ez dela enpresarena bakarrik, eta zuzendariak ere erantzun behar duela, baita bere ondare pertsonalarekin ere.

Bestalde, Kapital Sozietateei buruzko Legearen Testu Bateginak argi eta garbi adierazten du profesional horiek direla sor ditzaketen kalteen erantzuleak (ez-egiteak barne) sozietatearen, bazkideen eta hartzekodun sozialen aurrean, indarrean dauden araudien edo erakundearen estatutuen aurkakoak badira, bai eta beren karguetan sartutako betebeharren ez-betetzeen erantzuleak ere, baldin eta doloa edo errua izan bada.

 

Zergatik kontratatu D&O asegurua

Bere jarduera profesionalean zehar, bere lanean oso etikoa izanda ere, erabaki okerrak har ditzake zuzendari batek, adibidez, jakin gabe ari dela, arau bat betetzen ez duen zerbait egin edo proiektu bat desegoki kudeatu. Hau da, denok huts egiten dugu, eta, horregatik, garrantzitsua da profesional hori behar bezala babestuko duen aseguru baten babesa izatea, batez ere ezbeharren bat gertatuz gero negozioan eragin nabarmena izan dezakeen enpresetan, egoera okerrenean jardueraren amaiera ekar baitezake.

Hala eta guztiz ere, Espainian zuzendari askok ez dute oraindik D&O aseguru-polizarik. ‘I Informe Hiscox de pymes y autónomos en España’ txostenean jasotako datuen arabera, hamarretik batek baino ez du horrelako asegurua, batez ere ez dutelako uste beren ondarea arriskuan jarriko duen inolako gertakariren eraginpean egon daitezkeenik.

Hala ere, oso handia da zuzendariek eta goi-kargudunek jaso ditzaketen erreklamazioen sorta, eta kudeaketa ekonomikotik haratago doaz; besteak beste, laneko mobbing-salaketak, delitu ekologikoak, merkataritza-erabaki eztabaidagarriak, bai eta jazarpen- edo diskriminazio-kasuak ere. Izan ere, gaur egungo erakundeetan gero eta gehiago baloratzen da gizartearekiko konpromisoa. Horrek, besteak beste, lan-giro osasungarria bultzatzea dakar, eta horrek, berriz ere, zuzendarien eta goi-kargudunen erantzukizunari eragiten dio.

 

Estaldura egokiak aurkitzea

Gaur egun, D&O aseguru-aukera handia dago merkatuan. Poliza horietan, enpresa bera da hartzailea, eta aseguratua, berriz, zuzendaria edo goi-karguduna da pertsona fisiko gisa. Horrek esan nahi du ez dela beharrezkoa titularra pertsonalki identifikatzea. Normalean, sozietatean goi-zuzendaritzako eginkizunak edo kudeaketa- eta gobernu-botereak dituzten egungo edo iraganeko pertsona fisiko guztiak estaltzen ditu D&O polizak, bai eta beste figura batzuk ere, hala nola barne-abokatuak, aholkularitza juridikoetako kideak edo enpresa batean araudia betetzearen edo finantza-kontrolaren ardura dutenak.

Gainera, aseguruaren barruan sartzen dira zuzendariaren senideak ere, hala nola haren ezkontidea edo legez aitortutako izatezko bikotekidea, bai eta jaraunspen-masa, oinordekoak, legezko ordezkariak edo albazeak ere.

Laboral Kutxaren D&O aseguruak beharreko babesa eskaintzen dio hartzaileari, bere ondare pertsonala salbu gera dadin balizko gertakizunen aurrean, eta, egiaz, inor ez dago horietatik salbu. Oinarrizko estalduren barruan, honako hauek daude jasota: defentsa-, ikerketa- eta irudia lehengoratzeko gastuak; kudeaketa-akatsen ondoriozko kalte-galerengatik ordaindu beharreko kalte-ordainak; ikerketa batetik etorritako legez aseguratu daitezkeen administrazio-isunak; bidegabeko enplegu-praktikengatik (mobbing edo diskriminazioa, esate baterako) aseguratutako pertsonen erantzukizuna; eta sozietateari itzultzea. 

Nolanahi ere, zure enpresak D&O asegurua edo beste era batekoa kontratatu aurretik, egokiena da gure kudeatzaile espezializatu bati informazioa eskatzea. Hark argituko dizkizu produktu horri buruz dituzun zalantza guztiak, eta enpresaren beharretara hobekien egokitzen den aseguru-soluzioa eskainiko dizu. Informazio gehiago eskatzeko eta aditu batekin harremanetan jartzeko, sakatu hemen.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Aseguruak