5 urrats, etxe bat erosteko asmoa baduzu

5 urrats, etxe bat erosteko asmoa baduzu

3 min.

5 urrats, etxe bat erosteko asmoa baduzu

Seguruenik, zure etxea erostea bizitzan egin behar izango duzun inbertsiorik handi eta konplexuenetako bat izango da. Kalkuluak egiten aritu bazara eta erabakia hartuta baduzu, plan zehatza egitea komeni zaizu, abentura berri honetan garrantzitsuak diren aldagai guztiak aintzat hartuta: Plan hori bost urrats garrantzitsu hauetan laburbildu ahal dugu:

  1. Aurkitu zure etxe berria

Pentsa daiteke zeregin erraza dela, baina zure etxebizitza berria bilatzea hasi berri duzun prozesu luze honen urrats korapilatsu eta garrantzitsuenetako bat da. Kalera irten eta etxebizitzak ikustera joan aurretik, argi izan behar dituzu zure beharrizanak eta lehentasunak, epe laburrera eta ertainera, alderdi hauek direla eta: azalera, kokapena, orientazioa, erreformaren beharra, zerbitzuak, etab. Funtsezkoa da zure aukera ekonomikoen arabera egokitzeko. Ondoren, zundaketa egin beharko duzu merkatuan, eta egiaztatu zein den eskura duzun prezio tartea. Lan hau zuk bakarrik dezakezu, baina higiezinen sektoreko profesionalen laguntza eta aholkularitza bila dezakezu ere, hobeto ezagutzen baitituzte merkatuaren egoera, salgai dauden pisuak, etab. Agentzia bat baino gehiago bisitatzen baduzu, merkatuaren ikuspegi zabalagoa lortuko duzu.
  1. Nola egin aurre salerosketari?

Zure etxebizitzaren salerosketa formalizatu baino lehen, egiaztatu behar duzu ea zer egoeratan dagoen ikuspegi ekonomikoari dagokionez. Oso desatsegina da salerosteko izapide guztiak egitea eta azken unean ikustea, edo, txarrago dena, erosi ondoren ikustea ordaindu gabe dituela erkidegoko azken urteko kuotak. Horregatik, finkaren administratzailearen, jabetza-erregistroaren, katastroaren eta udalaren ziurtagiriak lortu behar dituzu, egiaztatzeko etxebizitzak ez duela finantza-zamarik, kuota eta zerga guztiak ordainduta daudela, etab. Zure zalantzak guztiak argitu, eta pisuaren prezioari buruzko akordio bat lortu ondoren, komeni zaizu kontratu pribatu bat sinatzea saltzailearekin, seinale ekonomiko bat jarrita erreserba diezazun egun edo aste batzuez, zure bankuarekin pisu berria lortzen lagunduko dizun hipoteka kontratatu bitartean. Seinalearen zenbatekoa saltzailearekin adostuko duzu, baina ez da izaten etxebizitzaren prezioaren % 10etik gorakoa.
  1. Aukeratu hipotekaren baldintzak

Orain badakizu zein den zure etxe berriaren prezioa; kontuak egin dituzu, egin behar duzun erreformaren kostua kalkulatu duzu eta badakizu zer zenbateko izan behar duen hipotekak zure ametsa bete ahal izateko. Gogoratu baturari notarioaren gastuak eta jabetza-erregistroan inskribatzeko gastuak gehitu behar dizkiozula. Orain, LABORAL Kutxaren zure sukurtsalera jo behar duzu, hipoteka kontratatzera. Zure kudeatzailearen laguntza erabil dezakezu zure beharrizan eta aukeretarako baldintza egokienei buruzko informazioa eskuratzeko, baina zuk duzu azken hitza baldintza horiek zehazteko. Horregatik, garrantzitsua da aintzat hartzea zenbait alderdi kontratua egin aurretik, eta beti izatea aurretiazko premisa hau: ziurtatu ordainketak arazorik gabe egin ahal izango dituzula eta eskatu soilik behar duzun zenbatekoa. Hauek dira aintzat hartu behar dituzu elementurik garrantzitsuenak:
  • Interes-tasa. Zehaztu zer prezio ordaindu behar duzun diruagatik; finkoa edo aldakorra izan daiteke. Kontuan hartu behar duzu UTBa ere; tasa horrek zure hipoteka garestitu ahal duten elementu guztiak hartzen ditu: komisioak, interesak eta kudeaketa-gastuak.
  • Kuota. Hilero ordaindu behar duzun zenbatekoa da. Amortizazio-epea «luzatzen» baduzu, merkatu egin dezakezu, baina epe luzera gehiago ordainduko duzu.
  • Amortizazio-epea. Hipoteka likidatzeko behar izango duzun denbora da. 25 edo 30 urte inguruko epea da; idealena epe laburragoa kontratatzea bada ere, horrek handitu egiten du kuota. Beraz, ahalik eta orekarik onena bilatu behar duzu.
Eraikitze prozesuan dagoen etxebizitza bat erosi nahi baduzu, zubi-maileguak daude, higiezinaren ordainketa-konpromisoa ordaintzen laguntzeko etxea eraikitzen amaitu eta hipoteka-mailegua formalizatu arte.
  1. Sinatu eskriturak

Salerosketako eskritura notarioaren aurrean sinatzen da, eta erosleak, saltzaileak eta hipoteka kontratatzeko erabili duzun erakundeak esku hartzen dute. Egintza juridiko hau nahitaezkoa da. Bertan, notarioak bermatu behar du ondo ulertu dituzula transakzioaren baldintzak, eta eskritura jabetza-erregistrora eramateaz arduratzen da, salerosketa ofizialki jasota gera dadin. Une horretan izango zara zure etxe berriaren jabea ofizialki.
  1. Burutu aldaketa

Aldaketaren unea da! Gogoratu etxe berrira joaten zarenean beste aldaketa batzuk ere izango dituzula: administratiboak, fiskalak, etab. Premiazkoenetako bat da etxeko aseguruaren titulartasuna aldatzea edo berri bat kontratatzea, online, batez ere zure etxebizitzan erreforma egin behar baduzu. Ondoren, OHZren ordainagirien titulartasuna eta udal-tasak ordaintzeko helbideratze-kontuak aldatu ditzakezu, baita helbide-aldaketaren berri eman ere agiri ofizialetarako. Izapide gogaikarriak izan daitezke, baina erraz egitekoak dira eta, aldaketa guztiak eginda dituzunean, izugarri gozatuko duzu zure etxebizitza berriarekin.


Zein da zure erreakzioa?