Ama eta langilea? Laguntzak eta kenkariak

Ama eta langilea? Laguntzak eta kenkariak

3 min.

Ama eta langilea? Laguntzak eta kenkariak

Aspalditik, jaiotza-kopuru urria arazo demografiko garrantzitsua da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Estatu osoan. Eustaten azken datuen arabera, 2017an 1.000 biztanleko 7,8 jaiotza izan ziren Euskadin, Europar Batasuneko bigarren tasarik apalena, Italiakoaren atzetik eta Estatukoaren 6 hamarrenetara besterik ez —1.000 biztanleko 8,4 jaiotzakoa da Estatukoa). Horrela jarraituz gero, kopuru horiek etorkizunean zaildu egingo dituzte belaunaldi-erreleboa eta zerbitzu publikoen finantzaketa.

Jaiotza-kopuru apalaren atzean askotariko arrazoiak daude, baina garrantzitsuenak, INEk 2018an egindako Ugalkortasun Inkestak erakusten duenez, hauek dira: arrazoi ekonomikoak eta lanarekin lotutakoak edo lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko zailtasunak. Hori dela eta, erakunde publikoek urteak daramatzate haurrak izan nahi dituzten emakume langileen artean jaiotza-tasa sustatzeko neurriak indarrean jartzen.

  • Amatasun-kenkaria PFEZn. Hiru urtetik beherako seme-alabak dituzten norberaren konturako edo besteren konturako emakume langileei zuzendutako laguntza da. Urteko 1.200 eurorainoko kenkaria dute seme-alaba bakoitzeko. Kenkaria bi modutan gauzatu daiteke:

            - Aldez aurretik, gehienez 100 euro hilean seme-alaba bakoitzeko.

- Errenta-aitorpenean. 1.200 euroko kenkaria aitorpenaren emaitzari aplikatzen zaio. Hala, adibidez, zergadunak 1.000 euro ordaindu behar baditu, Ogasunak 200 itzuliko dizkio. 500 €-ko itzulketa jaso behar badu, berriz, laguntzarekin 1.700 € kobratuko ditu guztira.

  • Seme-alabak errenta-aitorpenean sartzea. Gurasoek aukera dute seme-alabak errenta-aitorpenean sartzeko, eta, modu horretan, handiagoa izango da PFEZ ordaintzetik salbuetsita dagoen pertsonako eta familiako gutxienekoa. Zenbateko hori 2.400 €-koa da lehenengo seme-alabagatik, 2.700 €-koa bigarrenagatik, 4.000 €-koa hirugarrenagatik eta 4.500 eurokoa gainerakoengatik. Zenbateko horiei 2.800 € gehitzen zaizkie seme-alaba 3 urtetik beherakoa bada. Adin horretatik gorako seme-alaben kasuan, kenkariak familia-etxean bizi diren eta urtean 8.000 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten seme-alabei dagozkie.
  • Haurtzaindegi-txekea. Aurreko ekitaldian 3 urtetik beherako seme-alabak haurtzaindegian utzi behar izan dituzten ama langileek 1.000 eurorainoko kenkaria izan dezakete haur bakoitzeko. Laguntza hori haurtzaindegiek eskatu behar dute otsailaren erdialdea baino lehen, Ogasunak zergadun bakoitzaren aitorpenean sar dezan.
  • Jaiotzagatiko laguntzak. Eusko Jaurlaritzak jaiotza bakoitzeko diru-kopuru jakin bat ematen die familia guztiei, 400 eta 900 euro artekoa, familia-errentaren arabera. Lehenengo seme-alabaren kasuan, jaiotzagatiko laguntza ordainketa bakarrean ematen da. Bigarren seme-alaba bada, hasierako ordainketa horri beste bi gehituko zaizkio, haurrak urtebete eta bi urte betetzean ordainduko direnak. Eta seme-alabak hiru edo gehiago direnean, guztira 7 ordainketa egiten dira.
Aukera horiez gain, Eusko Jaurlaritzak laguntza osagarriak eskaintzen ditu familia eta lana bateragarri egiteko, besteak beste, seme-alabak zaintzeko eszedentzian diren edo lanaldi murriztua duten aita eta ama langileei zuzendutakoak. Era berean, haurrak zainduko dituzten pertsonak kontratatzeko laguntzak ere aurreikusita daude programa horretan.

Zure errenta-aitorpenean sar ditzakezun kenkarien inguruan zalantzak badituzu, jarri harremanetan LABORAL Kutxako zure gestorearekin eta bide telematikoz argituko dizkizu. Zatoz, nahi duzunean!


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak Errenta aitorpena