Liburu bat norberak nola argitaratu eta goitizen bat uzteari nola utzi azaltzen digu Haizea Lópezek
2021-06-17
Liburu bat norberak nola argitaratu eta goitizen bat uzteari nola utzi azaltzen digu Haizea Lópezek
Beharbada kasualitatez izango zen, baina 2016an Haizea López idazlea (Sopela, 1992) gizonezko goitizena erabiltzen hasi zenean, Amazonen literaturaren arloko salmenta-zerrendetako lehen postuetan kokatu ziren bere liburuak. Norbaitek mutilezko goitizena erabil zezala gomendatu zion, komertzialagoa zelakoan. Bost urte beranduago, bere nortasuna ez erakusteaz gogaituta, «La cueva de Mari» bere azken eleberria argitaratu behar zuela eta, parada hori aprobetxatu du identifikatuta sentiarazten duen ezizen bat erabiltzen hasteko: «Búho» («Hontza»). Halaxe deitzen diote etxean, eta bere lanari aurpegia jartzea ahalbideratzen dio ezizen horrek, baita, orain bai, bere generoa eta izena aldarrikatzea ere.
LABORAL Kutxan Haizearen istorioa erakutsi nahi izan dugu, idazle bikain bat ezagutzera emateko, baina baita genero-desberdintasunak baztertzen laguntzeko eta gizarte bidezko eta berdinzaleago bat lortzen saiatzeko ere, Nazio Batuen Erakundearen Garapen Jasangarriko Helburuekin dugun konpromisoarekin bat etorriz.
Zer esan nahi du zuretzat idazlea izateak?
Ez diot kontu hori neure buruari inoiz planteatu. Ezaguera dudanetik idazten dut, beraz, ez du imajinatzen idaztea ez den beste ezer egitea. Ez dut gogoratzen nire bizitzan idatzi gabe egon naizen aldirik; horrenbestez, idazle izatea definitzen nauen zerbait da, nire nortasunaren parte bat da.
Betidanik izan al duzu bokazio hori?
Gogoratzen dudanez, bai. Hamabi urte nituela idatzi nuen lehenengo nobela luzea, eta eskolara eraman nuen, irakasleari emateko. Literatura beti egon da nire bizitzan.
«Bost urtez lan egin dut ezizen baten itzalpean, baina orain gehien argitaratzen duen bigarren egilea naiz»
Zenbat liburu idatzi duzu?Uste dut nire laurogeita seigarren lana dela «La cueva de Mari» (kontuan hartuta hamar bat antologiatan parte hartu dudala). Baina askoz gehiago idatzi dut. Ikaragarri. Badaude kaxoi batean hautsa hartzen utzi ditudan nobelak, uste dudalako ez dutela argitaratzeko behar adina kalitaterik.
Zergatik erabiltzen duzu Búho ezizena?
Hasieran nire izena erabiltzen nuen, Haizea López, baina ez zen komertziala. Edo hori esaten zidaten, behintzat. Ez nire izena, ez nire generoa. 2016an, gizonezko goitizen batekin argitaratzen has nendin gomendatu zidaten. Oso ondo joan zitzaidan, eta orduan utzi nion idaztearekin batera beste lan batzuk egiteari. Goitizen harekin argitaratu nituen nobela guztiak Amazon ES eta Amazon EU plataformako salduenen artean kokatu ziren, eta haietako asko iritsi ziren hainbat astez kategoria guztietako libururik salduena izatera ere. Itzalean lan egin dut bost urtez, baina orain gehien argitaratzen duen bigarren egilea naiz eta, argitara atera eta nire liburu guztiak bateratzen ez baditut, inoiz ez dut lortuko jendearen aintzatespena izatea. Horregatik, Getxoko kultura-ikasgelak esan zidanean «La cueva de Mari» diruz laguntzeko asmoa zuela, erabaki nuen garaia zela Haizea López baino komertzialagoa zen eta atzean nire aurpegia jar niezaiokeen beste «ezizen» bat bilatzeko. Horrela sortu zen Búho. Maitekiro, horrela deitzen didate etxean eta, hasiera batean, pentsatu nuen norbaitek izen hori liburu baten azalean ikusita, ez lukeela jakingo gizona edo emakumea zen, eta nolabaiteko jakin-mina sortuko zuela. Búho izenarekin jarraituko dut, baina gogaituta nago nire burua ezkutatzeaz eta, komertziala izan edo ez, nire izena ere jarriko dut. Azken batean, dudan izen bakarra da.
«Gogaituta nago ezkutatzeaz eta, komertziala izan edo ez, nire izena ere jarriko dut nire liburuetan»
Onargarria iruditzen al zaizu 2021ean oraindik ere norbaitek ezizena erabili beharra izatea?Nazioartean asko saltzen duten egile askok erabiltzen du izengoitia. Megan Maxwellen benetako izena Maria del Carmen da, eta Blue Jeans, berriz, Francisco de Paula da. Eta askoz gehiago aipa nitzake. Ez dut uste izengoitia izatea negatiboa denik; tristea iruditzen zaidana da gizona izateagatik gehiago saltzea edo literaturan etorkizun hobea izatea. Edo, gutxienez, bidea errazagoa izatea. Ez naiz gizonezko goitizena erabiltzen duen lehenengoa, eta ez naiz azkena izango. Harry Potter sagaren egile J.K. Rowling bere inizialekin idazten hasi zen, liburuen azaletan emakume baten izena jartzea baino askoz komertzialagoa zelako. Ezizen batekin ere sinatzen du, Robert Galbraith. Kasualitatez, hori ere gizonezko ezizena. Adibide hori jartzen dut, izan ere, nork ez du ezagutzen J.K. Rowling?
Nolakoa izan da liburua argitaratzeko prozesua?
«La cueva de Mari» liburua argitaratzeko prozesua baino, haren sortze-prozesua izan da bitxia. Nobela idatzi ahala, ertzain bati bidaltzen nion, Imanoli, begiratu bat egin ziezaion eta nire protagonistek hanka-sartzerik egiten ez dutela egiazta zezan. Atsegin handia izan da zero irakurle horren berezia izatea. Ondoren, argitaratzear zegoela, Eguzkilore bitxi-dendarekin harremanetan jarri nintzen eta, azkenean, dena mamitu zen. Merkaturatuko duten «Mari» izeneko bitxien kanpaina berriaren irudia izango da «La cueva de Mari»; gainera, 2021eko Amazon Storyteller Literatura Sarietara aurkeztuko da liburua. Zoragarria izaten ari da proiektu hau haiekin partekatzea. Lantalde bikaina da.
Atera al dezakezu bizimodua zure liburuak saltzetik?
Urte asko daramat bizimodua hala ateratzen, eta ondo bizi naiz. Asko saltzen dut nire ezizenaren atzean. Asko idazten dut, eta kalitatea idazten dut. Jendeak gustuko ditu nire nobelak. Ez dakidana da gizonezko ezizen bat erabiltzen jarraitu beharko dudan edo ez.
Nola sortu zitzaizun «La cueva de Mari» zure azken nobelarako ideia?
Nire herriko zerbait izan zezan nahi nuen. Eta hari horretatik tira egin nuen.Imajinazio hiperaktiboa dut, eta istorio bat idazten amaitu baino lehen, dagoeneko beste bat izaten dut buruan. Argitaratu nuen lehen nobela bere buruan ahots ugari entzuten zuen neska bati buruzkoa zen, eta ahots horiek esaten ziotena idazten zuen. Bada, gauza bera gertatzen zait. Etengabe izaten ditut pertsonaiak eta istorioak buruan pil-pilean. Betikoa gertatu zitzaidan «La cueva de Mari» liburuarekin: Iker Ibarguren izeneko pertsonaia batek bultzatu ninduen bere istorioa kontatzera.
Nolakoa izan da sortze-prozesua? Nola bururatu zitzaizun ideia, eta non bilatu duzu ideia hori garatzeko inspirazioa?
Esan dudan bezala, dagoeneko nire buruan neukan. Iker Ibarguren nire protagonistak denbora zeraman bere istorioa kontatzen, eta berehala jakin nuen Getxoko Andra Marin kokatu behar nuela, hango zelaiekin, baserriekin, negutegiekin… Eszenatoki perfektua iruditu zitzaidan. Oso ondo ezagutzen dut, gainera. Umetatik ibili naiz hango kaleetan, baita landa horietan korrika ere. Polizia-thrillerra izan zedin nahi nuen, asko gustatzen baitzaizkit eta horietako bati heltzeko gogo handiz bainengoen. Idatzi izan dut thrillerren bat, baina «La cueva de Mari» baino freskoagoa, eta ez horren zurruna.
Beti interesatu al zaizu euskal mitologia? Edo dokumentatu egin behar izan zara nobela hau idazteko?
Beti izan dut euskal mitologiarekiko interesa. Oso gogoko ditut elezaharrak eta mitologia, eta geurea baldin bada, are gogokoago. Ustiatzeko folklore asko dugu.
Zergatik aukeratu zenuen Getxo zure nobela girotzeko?
Laurogei nobela baino gehiago argitaratu dut, eta inoiz ez nuen horietako bat ere hemen kokatu. Bazen garaia. Uste nuen kosta egingo zitzaidala Getxori buruz idaztea, baina oso erraza egin zait, eta oso atsegina izan da, gainera. Are gehiago maitemindu naiz gure baserriez, gure ohiturez, hondartzez, basoez, etab. Eskuartean dut hurrengo nobela, eta Euskal Herrian kokatuko dut hura ere.
Zein dira zuretzat idazle erreferenteak?
Asko irakurtzen dut, eta niretzat erreferentetzat jotzen ditudan idazle asko daude. Alaitz Leceaga da nire azken deskubrimendu garrantzitsua, eta nire ingurukoa da hura ere. Bere lehen nobelarekin ezagutu nuen, eta bigarrenarekin saria irabazi zuen. Oso gogoko dut.
Ba al dago bereziki markatu zaituen libururen bat?
Nik idatzitakoen artean, nire arimaren zati bat eraman du «La cueva de Mari»-k. Amaitu nuenean, ezin nion negar egiteari utzi; pena ematen zidan nire neska-mutilez agurtzeak. Oso gogorra egin zitzaidan. Eta irakurri ditudanen artean, Carlos Ruiz Zafónen «La sombra del viento» izan da gehien markatu nauena.
Zer aholku emango zenieke zuk duzun bokazio bera duten eta liburu bat argitaratu nahi duten emakumeei?
Egin dezatela. Borroka dezatela nahi duten horren alde eta, zaila izan daitekeen arren, ez dezatela amore eman. Saiatua izanda eta lan eginda, dena lortzen da, ziur nago.
Gizonen eta emakumeen berdintasun eza gainditu eta beren lana aurrera atera duten emakume gehiago ezagutu nahi baduzu —Toti Martinez de Lezea kasu— entzun ezazu gure podcast LABORAL irratia.
Zein da zure erreakzioa?