Zer egiten dugu LABORAL Kutxan genero-arrakala murrizteko?

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan genero-arrakala murrizteko?

7 min.

Zer egiten dugu LABORAL Kutxan genero-arrakala murrizteko?

Munduan badira 750 milioi emakume eta neskato baino gehiago 18 urte bete baino lehen ezkonduta daudenak, eta 30 herrialdetan gutxienez 200 milioi emakumek eta neskatok izan dute mutilazio genitalen bat. Emakumeak % 27ko ordezkaritzara ez dira iristen 5 kontinenteetako parlamentu nazionaletan, eta gutxi ordezkatuta egoten jarraitzen dute lidergo politikoko maila guztietan. Izugarri handia da emakumeen aurkako indarkeria; izan ere, 5etik 1ek indarkeria fisikoa, sexuala edo biak jasan ditu bikote intimo baten eskutik azken urtean. 

Herrialdeen artean alde handiak dauden arren, ez dago bat bera ere genero-diskriminazioa ezabatzea lortu duenik, eta NBEren 2030 Agendaren helburuak betetzeko 7 urte falta direnean, gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna oztopo handia da oraindik ere munduko leku guztietan aurrerapen soziala eta jasangarria lortzeko. 

Nazioarteko testuinguru horretan, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 5. Helburua (GJH) da generoen arteko parekidetasuna lortzea eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea. Bere estrategia NBEk koordinatutako gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren aldeko borroka globalarekin bateratzeko konpromisoa hartu duen erakundea garenez, nahi dugu zuk jakitea LABORAL Kutxan zer egiten dugun, zer ahalegin egiten dugun genero-arrakala murrizten laguntzeko

Martxoko hilabete honetan kontatuko dizugu, urtero martxoan ospatzen baita Emakumeen Nazioarteko Eguna. 2023ko gure egutegian, genero-parekidetasunari eskaini diogu hilabete hori,  Beatriz Ramo ilustratzailearen irudi batekin, Naranjalidad izenaz ere ezaguna.

Hauxe da LABORAL Kutxan egiten duguna genero-arrakala murrizteko, erakundearen barrutik eta kanpoaldera, lan egiten dugun eremu guztietan. 

Berdintasun-plana: aurrera egiteko eta helburu zehatzak lortzeko gure ibilbide-orria.

LABORAL Kutxan desparekotasunak desagerraraztea nahi dugu eta emakumeen parte hartze osoa eta eraginkorra bermatu nahi dugu, NBEk 5. GJHaren helmugetan ezarri duen bezala. Helburu hori aspaldidanik bat dator gure estrategiarekin, kooperatiba-balioetan oinarrituta egon baita beti. Hala, 1997an onartu genuen gure lehen Berdintasun Plana. Tresna baliotsu horrek ezarri zituen, ibilbide-orri gisa, hurrengo urteetan genero-arrakala murrizteko lortu beharreko mugarriak. Ordutik asko aurreratu dugu, eta une honetan, lanean ari gara gure IV. Berdintasun Planaren helburuak aurrera ateratzeko. 

Jabekuntza Eskola: lidergorako aukera berdintasuna erabaki-maila guztietan.

Urteak dira Jabekuntza Eskola abian jarri genuela emakumeek erantzukizuneko lanpostuak lortzeko dituzten oztopoak gainditzeko. Eta, horrela, arian-arian, gure lidergo-eredua aldatzen joan gara, inklusiboagoa eta bidezkoagoa izan dadin, baina baita gizatiarragoa, aberatsagoa eta, azken batean, hobea ere. Eskola abian jarri eta urte batzuetara, oso nabariak dira emaitzak: 2016az geroztik, urtetik urtera handitu egin da erantzukizuneko postuetan dauden emakumeen ehunekoa, eta 5 urtean % 20 egin du gora. Gaur egun, LABORAL Kutxan emakumeek betetzen dituzte erantzukizuneko 10 postutatik ia 4 (% 36,8).

Kontseilu Errektore parekidea duen Espainiako Estatuko finantza-erakunde bakarra.

Gure nortasunaren oinarrian dago, zalantzarik gabe, egiazko parekotasuna, eta ez legala soilik, eta horri esker lortu dugu gure Kontseilu Errektorea izatea erabat parekidea den bakarra Espainiako banku-sistema osoan, gure Jabekuntza Eskolak egindako ahaleginaren eta gure berdintasun-politika aktiboen ondorioz. 

Emakume bazkide gehiago gizon bazkide baino

Gure zuzendaritza-organo nagusiko kideak % 50 emakumeak eta % 50 gizonak izatea mugarria da berez, baina aldi berean erakusten du alde handia dagoela beste enpresa batzuekiko, IBEX-35eko batez bestekoa, esate baterako, % 33,5 emakumeak eta % 66,3 gizonak baitira. Gure plantillaren isla besterik ez da hori, emakume bazkide gehiago baitaude gizon bazkide baino. Emakumeak bazkide guztien % 51,86 dira LABORAL Kutxan, eta gizonak, berriz, % 48,14. 

Ordainsari-eredua: lanbide-kategoria berean, soldata bera.

Kreditu-kooperatiba gisa, justizia sozialaren, parekidetasunaren eta elkartasunaren printzipioak sinesten eta sustatzen ditugu LABORAL Kutxan. Horregatik, lanpostu berdinean, soldata berdina dugu erakundean lan egiten dugun guztiok. Horrek ez du esan nahi egiteko lanik ez dagoenik, noski. Nolanahi ere, urtez urte murrizten ari den arren, oraindik ere bada soldata-arrakala gizonen eta emakumeen artean, eta horren arrazoia da gizonek presentzia handiagoa izatea zuzendaritza-postuetan. Alde hori % 12,2koa da, eta Espainiako estatuko batez bestekoa, berriz, % 29,3koa.

Kirol-babesletzak, genero-ikuspegia aintzat hartuta 

Eragile aktiboa eta konprometitua gara emakumeek egiten duten kirolarekin eta genero-ikuspegia txertatu dugu gure kirol-babesletzen politikan. Emakumeak eta gizonak berdin kontuan hartzen dituzten proiektuei laguntzera bideratua dago aspalditik dugun kirolari sostengua emateko gure politika. 

Beste herri-lasterketa batzuen artean, LABORAL Kutxak urtero babesten du Donostiako Lilatón emakumeentzako lasterketa, eta Emakume Master Cup pilota txapelketaren babesle nagusia gara, euskal pilotaren historian mugarri izan dena. Gainera, 2018. urtearen amaieratik, lankidetza-hitzarmena dugu Euskadiko Txirrindularitza Fundazioarekin.  Hitzarmen horrek eredu profesional baten alde egiten du, emakumeak eta gizonak berdin aintzat hartuta, eta lanean ari da Fundazioko emakumezkoen taldeak WorldTourrean plaza bat lor dezan 2024tik aurrera. 

Gure publizitatetik eta komunikazioetatik hizkera sexista ezabatzea

Gure III. Berdintasun Planak bere lehentasunen artean jaso zuen gure komunikazio guztiak genero-irizpide inklusiboekin egingo zirela. Helburu hori zehatz-mehatz betetzen saiatzen gara gure sare sozialetan, bezeroekiko komunikazioetan eta, jakina, gure publizitatean. LABORAL Kutxan, hainbat piezatako kanpainak egiten baditugu, gizonak eta emakumeak sartzen ditugu, eta publizitate-kanpaina batek pertsona bakarra agertzea eskatzen badu, orduan emakumeei ematen diegu lehentasuna, horrelako formatuetan gutxi agertu ohi baitira. Gainera, saiatzen gara gure gizartearen isla izan daitezen gure iragarkiak, gizarte gero eta irekiagoa sexu-aukera eta sexu-orientazio guztiekiko.

Ekintza zehatzak: genero-indarkeriaren aurkako graffitiak eta esketxak

Politika horiez guztiez gain, genero-indarkeriaren aurkako beste ekintza zehatz asko ere egin ditugu LABORAL Kutxan. Horietako batzuk oso ikusgarriak izan dira, esaterako, 2017an Genero-indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela eta gure bulegoetan egin genuen graffiti-kanpaina. Urte horretan bertan, eta erakundeko pertsonek parte hartuta, esketx batzuk sortu genituen, gure eguneroko lanean bizi ditugun desparekotasun-egoerak erakusten zituztenak. “Xehetasun txikiz betea dago parekidetasuna” deitu genion proiektuari eta finalista izan zen Euskalitek antolatutako Kudeaketa Aurreratuari buruzko Film Laburren 1. Jaialdian. 

Gaztenpresa: hiru hamarkada genero-ikuspegia duen kultura ekintzailea sustatzen

Gaztenpresa Fundazioa LABORAL Kutxaren gizarte-lanaren parte da, eta ia 30 urte daramatza ekintzaileei beren negozio-ideiak errealitate bihurtzen laguntzen. Denbora honetan guztian 6.200 enpresa baino gehiago eratzen lagundu du, 11.400 lanpostu baino gehiago sortu dituztenak. 

Hainbat alorretan egin duen lanari esker, aholkularitzan, prestakuntzan, akonpainamenduan eta finantzazioa baldintza egokietan ematen, milaka enpresa-proiekturen arrakasta-aukerak handitzen lagundu du Gaztenpresak, kultura ekintzailea eta enplegurik gabeko pertsonak lan-merkatuan sartzea bultzatu du, eta sare sozioekonomiko bideragarria, bidezkoa eta berdintasunezkoa indartzen lagundu du, bai ikuspegi sozial eta ekonomikotik bai genero ikuspegitik begiratuta. Izan ere, Gaztenpresak urteak daramatza beren negozioa martxan jarri nahi duten emakumeei beren helburuak betetzen laguntzen eta gizonen eta emakumeen artean benetako parekidetasuna sustatzen.  2021ean fundazioak bultzatu zituen ekintzaileen artean % 44 emakumeak izan ziren, eta abian jartzen lagundu zuen enpresetan eta negozioetan lehen urtean sortutako enpleguetatik % 77 emakumeek bete zituzten. Gainera, Inma Ramos da fundazioko zuzendaria, eta AMPEA Arabako Emakume Profesionalen Elkarteak Emakume Zuzendarien lehen saria eman zion 2015ean.

Emakunderen lehen enpresa laguntzailea 

1997an, LABORAL Kutxa izan zen Emakunderen Erakunde Laguntzailea ziurtagiria lortu zuen lehen euskal enpresa: mugarria izan zen hori gure historian eta finantza-sektoreko eta gure gizarte- eta lan-inguruneko berdintasun-politiken historian. 

Emekin programa: negozio-ideiak dituzten emakumeentzako laguntza espezializatua

2007an Emekin ekimena jarri genuen abian Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aspegirekin (Gipuzkoako Profesional eta Enpresarien Elkartea) batera, Gipuzkoako lurralde historikoan enplegua sustatzeko ekimena, negozio ideiak dituzten eta ideia horiek enpresa-proiektu bihurtu nahi dituzten emakume ekintzaileei  zuzendua. 

Bere bizitzako lehen 15 urteetan, ehunka kontsulta jaso ditu Emekinek eta dozenaka enpresa martxan jartzen lagundu du, emakume ekintzaileei era guztietako tresnak eskainiz, hala nola laguntza integral pertsonalizatua beren ideia eta bideragarritasun-plana garatzeko, genero ikuspegia aintzat hartuta betiere, bai eta enpresa-gaitasunei buruzko prestakuntza teknikoa edo ekintzailetzari buruzko tailerrak ere. Horrez gain, bakoitzaren beharretara egokitutako finantzaketa edo bizitza pertsonala eta profesionala uztartzeko zerbitzuak ere ekaini zaizkie.

Gehiago jakin nahi al duzu?

Gauza asko kontatu dizkizugu, baina ez dugu hemen amaitu nahi.  LABORAL Kutxan uste dugu badagoela gauzak egiteko beste modu bat, konpromiso sendoa dugu Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta aurrera egiten jarraituko dugu genero-parekidetasun osoa eta egiazkoa lortu arte. Zer egiten dugun jakin nahi baduzu, erregistra zaitez gure blogean, eta emango dizugu arlo honetan eta jasangarritasunarekin lotutako beste batzuetan egin ditugun aurrerapenen berri.


Zein da zure erreakzioa?