Berdintasuna, partaidetza, bikaintasuna eta talde-lana: LABORAL Kutxa, beti kirolari laguntzen

Berdintasuna, partaidetza, bikaintasuna eta talde-lana: LABORAL Kutxa, beti kirolari laguntzen

7 min.

Berdintasuna, partaidetza, bikaintasuna eta talde-lana: LABORAL Kutxa, beti kirolari laguntzen

Gure baliorik preziatuenei loturik dago kirolari ematen diogun laguntza —talde-lana, esfortzua eta bikaintasuna—, eta gure erakundearen DNAn egon da beti, sortu ginen egunetik —duela sei hamarkada baino gehiago—. Harro asko diogu era guztietako probak, taldeak eta profesionalak babestu ditugula: herri-lasterketak eta -ekitaldiak, lehen mailako taldeak… Partaidetza sustatzen duten proiektuak lagundu ditugu, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean oinarrituak eta gure ingurunearen garapenarekiko konpromiso sendoa dutenak, gure lanean geroz eta hobeak izatera bultzatzen gaituztenak.

Gure herriko talde eta atleta garrantzitsuenen laguntzaile izan gara

Baskoniaren babesle nagusia izan ginen zazpi denboraldiz (2009tik 2016ra). Hunkigarriak izan ziren urte haiek, eta amaiera ezin pozgarriagoa izan zuten, zortzi urte kanpoan geratu ostean Baskoniak Euroligako Four Finala jokatu baitzuen, bere historiako bosgarrena. Deportivo Alavések ere laguntzaile izan gintuen, justu Baskoniaren aurretik (2007-2009); 1990eko hamarkadan, berriz, Julián Retegiren urte bikain haietan, egundoko iraultza eragin genuen pilotalekuetan: lau terdiko txapelketa berreskuratu, eta publizitatea jarri genuen kantxan eta pilotarien kamisetetan. Bestalde, biziki lagundu zion gure erakundeak Juanito Oiartzabali, zortzimilakoak igotzeko ametsa gauzatu zezan. Zenbait argitalpen eta hitzaldi-zikloren bidez zabaldu genuen desafio handi haren berri.

2018ko amaieran, lankidetza-hitzarmen historiko bat jarri genuen martxan Euskadi Txirrindularitza Fundazioak eta LABORAL Kutxak, Fundazioaren harrobiko ziklismoa sustatzeko: kadeteak, gazteak eta 23 urtez beheko elitekoak, emakumeen zein gizonezkoen taldeak.

Filosofia bera partekatzen genuen bi erakundeok —esfortzua, beti aurrera jotzeko gogoa eta talde-lana—, eta irmoki aldarrikatzen genuen gazteen artean ziklismoa sustatzea bide ezin egokiagoa dela bizimodu osasungarria bultzatzeko eta gure ingurunea hobeto zaintzen duen etorkizun bat eraikitzeko.

Gipuzkoan, arraunketa eta gaztetxoen kirola sustatzen ditugu

Kirol-taldeen lanari laguntzeaz gain, itunak eta hitzarmenak ditugu tokiko zenbait erakunderekin. Oñatin, eskola-kirola babesten dugu; bestalde, Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin elkarlanean jarduten gara, 14 urtez beheko gaztetxoak kirola egitera bultzatzearren zenbait lasterketa sustatzen (besteak beste, Gipuzkoako Kros Zirkuitua), eta Bidasoa Atletismo Taldearekin ere egiten dugu lana, gazteentzat udalekuak eta kirol-probak antolatzen.

Horrez gain, Donostiarra Arraun Elkartea babesten duten 70 enpresetako bat gara. Arraunketa sustatzen dugu, LABORAL Kutxak aldarrikatzen dituen bi balio hauek dituelako: kirol tradizionala da, eta esfortzu indibiduala eta talde-lana eskatzen ditu. Kontxako badian urtero egiten den probaren babesle ere bagara, eta gure izena darama han jokatzen den banderak.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen duten proiektu herrikoien eta oinarrizkoen babesle gara

1990ean, Lilatoia antolatu zuen Donostiako Koordinakunde Feministak. Kirol-sarietan emakumeentzako berdintasuna aldarrikatzea du helburu probak, eta lasterketa mistoetarako jauzi moduko bat da. Izan ere, gizonezkoentzako kirol-sariak emakumeentzakoak baino nabarmen handiagoa izaten dira, kirol batzuetan aldaketa positiborik izan bada ere (surfean eta tenisean, esate baterako).

Genero-berdintasuna da gure enpresa-politikaren zutabeetako bat eta, horregatik, urteak daramatzagu Lilatoia ez ezik beste zenbait proba ere babesten; besteak beste, Emakume Ausarten aldeko Lasterketa, zeinak laguntza eskatzen baitu Alboan GKEak lanean diharduen zenbait herrialdetako emakumeen bizimodua aldatzeko; Kongoko Errepublika Demokratikokoena, adibidez. Baina herri-lasterketek eta oinarrizkoek ez ezik, gure babesa jasotzen dute zenbait proba lehiazkoagok ere.

Emakumeen zein gizonen eliteko proiektuak babesten ditugu

Emakumeek gizartean eta kirolean merezi duten lekua izan dezaten, ahalegin handia egin behar da kirol amateurrean eta elitekoan. Beti saiatu gara alor horietan laguntzen: Donostiako Emakumeen Triatloiaren babesleak gara eta, gure historian zehar, beste zenbait proba ere lagundu dugu (besteak beste, Durango-Durango Emakumeen Ziklismoko Nazioarteko Klasikoa, eta Emakumeen Bira, emakumeen nazioarteko txirrindularitzako probarik zaharrena).

Emakumezkoen pilota bultzatu izanaz ere harro asko gaude: LABORAL Kutxa-Emakume Master Cup lehiaketa hunkigarria martxan jartzen lagundu genuen, emakume pilotariek dagokien protagonismoa izan dezaten.

Gauza bera diogu gizonezkoen ziklismoaz eta beste kirol-jarduera batzuez, zenbait profesional handiren babesle izan baikara, eta gara. Gure kirol-egutegiko ziklismoko lasterketa nagusietako batzuen babesle izan gara: Nafarroako Itzulia, Itzulia Basque Country (lehen, Euskal Herriko Itzulia) eta Donostiako Klasikoa.

Kirol inklusiboa, denentzat, edozein dela ere gaitasun-maila

Ez da beti erraza izaten kirola egokitzea gaitasun fisiko zein intelektualeko maila desberdinetako jendearen premietara. Baina merezi du helburu hori lortzen saiatzea, inor atzera uzten ez duen gizarte baten alde jardutea.

LABORAL Kutxak beti babestu ditu desgaitasun fisikoa eta/edo intelektuala dutenen kirol-probak eta -ekitaldiak. Horren adibide dugu Euskal Pilota Egokituaren Euskadiko Txapelketa, zeinaren xedea hau baita: jokalari-mota guztientzat parekatzea lehiaketetako baldintzak. Bi kategoriatan jokatzen da: pilota egokitua eta pala egokitua. Donostiako Hipodromoari ere laguntzen diogu, esklerosia eta zenbait desgaitasun fisiko edo intelektual dituztenek ere zaldiez eta haien edertasunaz goza dezaten, aire zabalean.

Herri-kirola sustatzen dugu, partaidetzazko kirol-kulturaren eta ohitura osasungarriko gizarte baten aldekoak gara eta

Herri-lasterketak babestea izan da kirolaren aldeko gure lanaren beste zutabeetako bat. Gure inguruko egutegiko beteranoentzako probak betidanik babesten ditugu; besteak beste, paisaiaz gozatzeko antolatuak (Mejanako Itzulia, Tuterako eta Calahorrako Barazki Lasterketak, Arrasate-Udalatxerako Igoera, Arrasate Mendi Martxa, Durruma Kanpezuko Mendi Bizikletako Ibilaldia eta, berrikiago, LABORAL Kutxa Bilbao MendiTrail proba, zeinak Bilbo inguratzen dituen mendiak zeharkatzen baititu, Bizkaiko hiriburua “botxo” bihurtzen dutenak, alegia.

Zenbait lasterketa gertakizun sozial bilakatuak dira jada, aspalditik egiten baitira, eta haien babesle izan gara beti. Hona hemen batzuk: Erandioko Herri Krosa, Getxoko López Uralde Memoriala, Elgoibarko Etxaniz Memoriala, Donostiako Hiru Hondartzetako Familia Krosa, Ondarroa-Lekeitio Ibilaldia, Uliako Krosa, Europako 10 km-ko lasterketarik zaharrena, eta Enpresen arteko Lasterketa, ADEGIk eta Diario Vascok antolatzen dutena eta babesle nagusi gaituena.

Bestalde, zenbait kirol-proba jai-ekitaldi bihurtzen dira, herritarren babesari esker; besteak beste, Bilboko Aste Nagusiko herri-kirol probak, eta azken urteotan hain ezagunak egin diren beste batzuk (Arabako Errioxako mahastietan egiten den Rioja Alavesa Wine Run delakoa eta Bilbao Night Marathon lasterketa, zeina gauez korritzen baita, musika, ikuskizunak eta su artifizialak lagun dituela.

Besteak beste Bilboko, Gasteizko eta Leongo San Silvestre lasterketak ere babesten ditugu, bai eta gure inguruneko maratoiak eta maratoi-erdiak ere, non bertako eta nazioarteko korrikalaririk onenak lehiatzen baitira: Vitoria-Gasteiz, Salamanca, Donostia, Valladolid eta Huescako maratoi-erdiak, Burgoseko maratoia eta maratoi-erdia, eta Donostiako Nazioarteko Triatloia.

Elkartasuna eta kirola ez dira elkarren etsai, LABORAL Kutxak ongi asko erakusten duenez

Helburu sozialetarako dirua biltzen duten zenbait lasterketa solidario egiten dira urtean zehar LABORAL Kutxaren laguntzari esker. Iruñean, Nafarroako Lasterketa Solidarioa antolatzen du ANFASek, Garapenaren Desgaitasun Intelektuala duten Pertsonen eta haien Familien aldeko Nafarroako Elkarteak. Bilbon, berriz, ikerketarako dirua biltzen du ACAMBIk —Bularreko Minbiziaren eta/edo Minbizi Ginekologikoaren aurkako Bizkaiko Elkartea—; Sopelan, bestalde, Kosta Trail egiten da, desgaitasunen bat dutenen artean kirola sustatzen duten elkarteei laguntzeko ekimen solidarioa (Gaituz Fundazioari, esate baterako).

2015az geroztik, berriz, MONDRAGON Korporazioko partaide den Mundukide Fundazioak gure laguntza jasotzen du Kooperatiben arteko Lasterketa Solidarioa antolatzeko. Nazioarteko lankidetza finantzatzeko erabiltzen du Fundazioan lasterketaren bidez jasotzen duen dirua. Eta, udarik uda, Santurtziko Kirol Elkarteak antolatzen duen Sardinaren Zeharkaldia babesten dugu, bai eta Euskal Herriko hainbat hondartza eta igerilekutan esklerosi anizkoitzaren aurka dirua biltzen duen Mójate-Busti zaitez! kanpaina ere.

Eta, azkenik, kirola euskararen alde, kalean zein Interneten

Partaidetza, osasuna, berdintasuna, elkartasuna eta euskara sustatzeko balio du kirolak. Euskarari dagokionez, betidanik babestu ditugu Nafarroa Oinez eta Kilometroak (azken hori, lehenbiziko urtetik, Beasainen, duela hiru hamarkada luze jada); halaber, sarean euskararen erabilera sustatzeko sortu zen Tropela apustu-webgunea ere babesten dugu. Tourrerako, Girorako eta Vueltarako taldeak osatu eta kinielak egiteko erabiltzen da webgune hori, non urtero jokatzen baita LABORAL Kutxa Saria.

Ikusten duzunez, lehentasuna du kirolak LABORAL Kutxak urtean zehar babesten dituen ekitaldien artean. Izan ere, kirolaren alde egitea partaidetza, osasuna, ongizatea, esfortzua eta talde-lana oinarri dituen kultura bat babestea da Laboral Kutxarentzat. Gehiago jakin nahi duzula? Idatz iezaguzu blog honetan bertan, edo utzi zure mezua gure sare sozialetan.


Zein da zure erreakzioa?