
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko abuztuko proposamenak
2025-08-11
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko abuztuko proposamenak
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Abuztuan, Iruñeako Ziudadela musikaz, dantzaz eta magiaz beteko duen jaialdi batekin gatoz, eta nazioartean ibilbide ikusgarria egiten ari diren bi euskal aktore protagonista dituen thrilerrarekin. Horrez gain, Euskal Telebistan sitcom formatuko ekoizpen bikainak egin zitezkeela frogatu zuen telesaila ikustera edo berriskutera animatzen zaituztegu, eta telebistan bezala literaturan ere euskaldunok komedia egin dezakegula erakusten duen ipuin laburren antologia irakurtzeko. Podcast bat ere gomendatu nahi dizuegu, bost denboralditan zehar, emakume musikariei eta emakumeek egindako musikari lekua eman diena eta playlist bat, urrian, LABORAL Kutxaren babesarekin, BEC berriz ere leporaino beteko duen jaialdi ikusgarrian entzungo diren kantuena.
📽️ Pelikula
Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertzen direnean, bi ertzain agertzen dira garizmenditarren etxera baina ikerketa abiatu orduko hezurrak desagertu egiten dira eta aspaldiko zauriak ireki Eneko Sagardoy eta Itziar Ituño protagonista dituen pelikula honetan.
🎙️ Podcasta
2024ko abenduan, Tabakaleran egindako zuzeneko saio batekin bukatu zuen bere bosgarren eta, momentuz behintzat, azken denboraldia emakume musikariak eta emakumeen musika protagonista eginez, hemeroteka gogoangarria utzi digun saio honek.
📺 Telesaila
Mutil-zahar bat bi neskarekin Donostiako pisu batera bizitzera doanean gertatzen dena kontatuz euskarazko telesailik batek inoiz izandako arrakastarik handiena lortu zuten Eneko Olasagasti eta Karlos Zabalak eta handik urte gutxira arrakasta errepikatu zuten Jaun eta jaberekin.
🎊 Jaialdia
Abuztu osoan zehar, kontzertuak, zirku ikuskizunak eta dantza emanaldiak disfrutatu daitezke arratsaldeetan eta iluntzeetan Iruñeako Ziudadelan, azken urteotan hiriko harresiak eszenatoki bihurtu dituen jaialdi honi esker.
🎵 Musika
Ura Bere Bidean playlist ofiziala
Urriaren 24 eta 25an egingo da Ura Bere Bidean jaialdiaren aurtengo edizioa, baina hori baino lehen BECen bertsio sinfonikoan entzungo diren kantu guztiak buruz ikasi nahi dituenak zerrenda honetan ditu eta Spotify plataforman ezezik Youtuben ere entzun ditzake.
🤣 Umorea
Akaso komedia gutxiegi idatzi dira literaturaren historian baina umorerako eta umore beltzerako sena izan duten idazleek lan ahaztezinak utzi dizkigute, Joseba Sarrionandiak eta Mitxel Sarasketak 80. hamarkadan egin zuten antologia gogoangarri honek frogatzen duen bezala.
Zein da zure erreakzioa?