Emakumeak LABORAL Kutxan
2018-03-02
Emakumeak LABORAL Kutxan
1978ra arte, emakume ezkonduek senarraren baimena behar zuten Laboral Kutxan (orduan, Euskadiko Kutxa) kontua irekitzeko. Baldintza hori ez zen, noski, gure entitatearen erabakia, aurrezki-kutxa eta banku guztiok nahitaez bete beharreko lege-xedapena baizik. Jokaera matxista horiek oso aspaldiko kontuak iruditzen zaizkigun arren, gizonen eta emakumeen berdintasunaren lege-aitorpena oso berriki erdietsitako lorpena dugu.
Laboral Kutxan badakigu berdintasun formala ez dela nahikoa emakumeek mendez mende lan-arloan sartzeko izan dituzten oztopoak gainditzeko. Horregatik, aitzindariak izan ginen politika aktiboak ezartzen, benetako berdintasuna behin edo behin egia bihurtzea nahi dugulako. Izan ere, bada gauzak egiteko beste modu bat.
Generoen arteko berdintasunera hurbiltzeko asmoa ez da berria Laboral Kutxako kideontzat, duela bi hamarkada hasi baikinen gaia jorratzen. 1997an Emakunderen, Emakumearen Euskal Institutuaren, aitorpena lortu zuen lehen erakundeetako bat izan zen gurea, Euskadiko Kutxa Aukera Berdintasunaren aldeko Planaren erakunde laguntzaile izendatu baitzuen. Enpleguaren bidez gizartean benetako berdintasuna lortzea zen planaren helburuetako bat, eta atxiki gintzaizkion erakundeok desberdintasunak atzemateko eta arazoa konpontzeko neurriak ezartzeko konpromisoa hartu genuen.
Besteak beste, abiarazitako neurriei esker, gure kooperatibako emakume lan-bazkideen kopurua etengabe handitu da, zorionez. 2006an, emakumeen portzentajea % 39,6koa zen, eta hamar urte geroago % 45,9koa. Baikorrak gara. Orain arteko joerari eutsiz gero, hemendik ekitaldi gutxira benetako paritatea lortuko dugula uste dugu.
Kristalezko sabaia
Dena den, plantillako gizonen eta emakumeen kopuruak berberak izateak ez du ezertarako ere balio, ezaugarri hori maila guztietako ordezkaritzan islatzen ez bada. Ongi asko dakigu zuzendaritza-postuetan ahalegin handiagoa egin behar dugula “kristalezko sabaia”, emakumeei erakundeetan gora egiten uzten ez dien ezkutuko hesia, erausteko. Sabai edo hesi hori ia enpresa guztietan dago, eta denok ezinbestez onartzen dugula dirudi.
Gure entitatean zuzendari edo buru diren emakumeen portzentajea % 22,7koa da, guk nahi baino txikiagoa. Horrek esan nahi du, oraindik ere, lanean gogor jarraitu behar dugula berdintasun errealera iristeko.Gure ustez, aurrerapausoak emateko oinarririk onena orain arteko gardentasunari eustea da. Horregatik, gure konpromisoari jarraiki, Enpresaren Gizarte Erantzukizunari buruzko txostenean korporazioko gobernu-organoen eta plantillaren osaera zehazten dugu, urtero, lan-motaren, generoaren eta adin multzoen arabera. Gure aurrerapausoen berri emateko eta konpromisoak betetzera behartzeko modurik eraginkorrena da. Kopuruak murriztuz eta helburuak betetzeke utziz gero, nabarmen geratuko ginateke.
Berdintasun-plana
Duela gutxi, Emakume eta Gizonen III. Berdintasunerako Plana onartu dugu 2016-2019 epealdirako. Hirugarren Berdintasunerako Planaren bidez, Laboral Kutxaren jarduera-eremu guztietan emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bermatu nahi dugu. Ikusten denez, helburua argia da, bakarra, baina konplexua.Planaren motorrak Berdintasunerako arduraduna, koordinatzailea eta Berdintasunerako Batzordea dira. Organo horiek lan egingo dute, finkatu diren bost lan-ildoetan zehaztutako helburuak lortzeko:
- Komunikazioa eta sentsibilizazioa
- Erakundearen kultura
- Bateragarritasuna eta erantzukidetasuna
- Promozioa eta boteretzea
- Gizarte-erantzukizuna
- Horrela, adibidez, barruan (kooperatibako barne-komunikazioetan) eta kanpoan (iragarkietan, sustapenetan, eskuorrietan…) komunikazio barneratzailea erabiltzeko konpromisoa hartu dugu, emakumez eta gizonez osatutako entitatea garela eta gizarte osoari irekita gaudela erakusteko.
- Bestalde, langileen sentsibilizazioa landuko dugu hainbat ekintzaren bidez, errealitatearen kontzientzia hartzea baita, aldaketarako abiapuntua.
- Bezeroei eskaintzen diegun tratua nolakoa den ere aztertu nahi dugu hurrengo urteetan, genero-ikuspegia kontuan hartuta.
- Emakumeen boteretzeari ere garrantzi berezia eskainiko diogu, apurka-apurka, lehenago aipatutako kristalezko sabaia gainditzen joateko.
Zein da zure erreakzioa?