LABORAL Kutxak bat egin du Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako finkatutako helburuekin

LABORAL Kutxak bat egin du Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako finkatutako helburuekin

4 min.

LABORAL Kutxak bat egin du Nazio Batuek Garapen Iraunkorrerako finkatutako helburuekin

Pobrezia desagerraraztea, gure planeta babestea eta pertsona guztiak bakean eta oparotasunean bizi daitezen ahalegintzea. Horiek dira, hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak finkatu dituen Garapen Iraunkorrerako Helburuak edo Mundu mailako helburuak, ez nolanahikoak. Nazioarteko erakundea 2016tik ari da horiek jorratzen, 2030. urterako betetze aldera.

NBEk lehenago ere jarri izan ditu abian tamaina horretako garrantzia duten ekimenak. Mende berrian sartzearekin batera Milurtekoko Helburuak finkatu zituen, baina ekimenaren emaitzak gorabeheratsuak izan ziren. Oraingoan, “inor atzean ez uztea” da helburua, Achim Steiner Nazio Batuetako Garapenerako programaren administratzailearen hitzetan.

Bizi garen mundua hobetzea xede duen plan horri buruzkoak kontatuko dizkizugu, eta LABORAL Kutxatik ahal dugun neurrian laguntzeko egiten duguna. Beti esaten dugunez, bada beste modu bat banka egiteko, eta egunez egun lanean ari gara hori erakusteko.

Enpresei ere deitu diete NBEren helburuetan parte har dezaten

Ongizatearekin eta ingurumenarekin lotutako askotariko arloetan 17 helburu finkatu ditu NBEren planak. Arlo horien artean daude, besteak beste, osasuna, hezkuntza, genero-berdintasuna, desparekotasunak murriztea eta lan-baldintzak hobetzea. Aurreko planekin alderatuta, helburuetan ez dago alde handirik. Aldea horiek betetzeko moduan dago. Asmoa 2030. urterako egitasmoak betetzea da. NBEren arabera, gobernuez eta nazioarteko erakundeez gain enpresa pribatuek ere hartu behar dute parte ahalegin horretan. Helburuekin bat egitera deitu ditu, gure planetako arazoen konponbidean aktiboki parte har dezaten.

LABORAL Kutxak deiari erantzun dio eta gure aldetik ekarpena egiteko konpromisoa hartu dugu. Enpresaren Gizarte Erantzukizunerako Batzordeak 17 helburuak aztertu eta sailkatu egin ditu, gure entitatearen konpromiso maila finkatze aldera, guretzat duten garrantzia kontuan hartuta. Horrela, helburuetako bakoitza lortzeko bidean egin dezakeguna baloratu du. Hau da, abian jarri beharreko ekintza-ildoak zehaztu eta lehentasunak finkatu ditu.

Garapen iraunkorrerako helburuen alde dagoeneko egiten ari garena

Genero-berdintasuna: Goi mailako lanbide-kategorietan emakumeek partaidetza osoa eta eraginkorra izan dezaten aurrerapausoak ematen ari gara; era berean, berdintasun-planak lantzen dihardugu (laneko eta etxeko bizitza bateragarri egiteko neurriak, ahalduntzea…). Izan ere, Espainian lan egiten duten banku-erakundeen artean Kontseilu Errektore paritarioa duen entitate bakarra gara.Desparekotasunak murriztea: Gure bezeroek etxebizitza ordaintzeko zailtasunak dituzten kasuetan bakoitzarekin negoziatzeko politikari eusten diogu, Etxebizitza Fondo Sozialarekin lankidetzan. Halaber, pobreziaren aurkako ekimenak laguntzen ditugu gure eremu geografikoan nahiz garatze-bidean dauden herrialdeetan. Horretarako, Save the Children eta beste erakunde batzuekin lankidetzan ari gara eta larrialdietarako laguntza-kanpainetan parte hartzen dugu. Gainera, Visa Affinity txartelak ditugu Caritas eta Medicus Mundi erakundeekin, eta horietara bideratzen dugu komisioen dirua.

Zero gosete: Gosearen aurkako borrokan parte hartzen dugu esparru horretan lan egiten duten gure inguruko erakunde ekonomikoekin eta boluntariotzako erakundeekin batera, Mundukide Fundazioarekin, kasu.

Lan duina eta hazkunde ekonomikoa: Kooperatiba bat garenez, soldaten arteko aldeak txikiak dira, gure mozkinen banaketa bidezkoa eta elkartasunezkoa dela bermatzeko. MONDRAGONeko partaide gara, eta Intermon Oxfam erakundearen azken txostenaren arabera, gure kooperatiba-taldea eredugarria da nazioartean soldaten eta lan-antolaketaren arloetako jardunbide egokietan. 1959. urtean sortu ginenean kooperatiben ehuna babestea zen gure helburua, eta enplegu-sorrerarekin eta MONDRAGONeko kooperatibak laguntzearekin konprometituta jarraitzen dugu. Bestalde, gure gizarte-lanaren barruan, Gaztenpresa Fundazioak ehunka laguni laguntzen die urtero negozio-proiektuak abian jartzen, aholkularitza osoa eta finantzaketa-baldintza bereziak eskainita.

Kalitatezko hezkuntza: MONDRAGON Korporazioa eta bere unibertsitatea babesten ditugu, baita ikerketa-zentroak ere, gure emaitzen banaketaren bidez. Gure mozkinen % 10 gizarte-ekimenetara bideratzen dugu, zati bat gure Heziketako eta Sustapeneko Fondora doa, eta hortik era guztietako hezkuntza-ekimenak sustatzen ditugu (Mondragon Unibertsitatea, ikasketa-maileguak, matrikulak finantzatzeko hitzarmenak eta abar). Gainera, gure bazkideak etengabe prestatzeko programak ditugu, euskararen hizkuntza-normalizazioarekin konprometituta gaude eta ezagutza plazaratzen dugu aldizkako azterketak argitaratuta, eragile ekonomikoek diagnostikorako baliabideak izan ditzaten.

Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea: Inbertsioak egin ditugu gure instalazioetan eta lantokietan energia-efizientzia hobetzeko, eta ildo horretan, gure egoitza nagusia berritu dugu; isurien bolumena murriztu dugu, baita kontsumoak eta hondakinak ere.

Hiri eta erkidego iraunkorrak: Kirol-, gizarte- eta kultura-jarduerak babestea geure DNAn dago eta gure gizarte-lanaren zutabeetako bat da.

Gainera… gure Etika Batzordea garatzen jarraitzen dugu eta iruzurraren eta kapitalak zuritzearen aurkako neurriak hartzen ditugu. Gure gobernamendu-mekanismoak eta gardentasuna hobetzeko lan sendoa egiten dugu gure Batzar Nagusiaren eta Kontseilu Sozialaren bitartez.

NBEk finkatutako helburuak lortze aldera sustatuko ditugun arloak

Asko dira, eta zaila litzateke hemen guztiei buruzko azalpenak ematea. Nolanahi ere, energia garbien eta energia-efizientziaren inguruko proiektuak finantzatzeko hitzarmenak sustatzeko konpromisoa hartu dugu; ingurumenaren arloan teknologia berrien erabilera bultzatuko dugu ibilgailuen erabilera gutxitzeko; eta garraio iraunkorra bultzatu eta istripuak gutxitzeko ekimenak babestuko ditugu (bide-hezkuntza eta Istripuak STOP elkartearekiko lankidetza).

Halaber, ingurunea eta ongizatea hobetzen laguntze aldera, LABORAL Kutxak gizarte-onura duten produktuak eta zerbitzuak sustatuko ditu, baita gizarte-erantzukizuneko inbertsioak ere; bertako nekazaritzako elikagaien sektorearen aldeko babesa areagotuko dugu eta finantza- eta aseguru-bazterketa saihesteko ahaleginari eutsiko diogu.

Enpresa osasungarriaren kontzeptua jorratzeko lan egingo dugu; era berean, gizartearen finantza- eta aseguru-hezkuntza landuko dugu. Bukatzeko, kreditu-inbertsioa enpresa-sustapenera eta -berrikuntzara bideratzeko aukera indartuko dugu, eta gure behin-behineko langileen gestio-protokoloak berraztertuko ditugu.

Hori guztia NBEren ekimenarekin bat egin eta mundu bidezkoagoa eta hobea lortzeko. 12 urte ditugu aurretik. 2030ean egongo gara, etxeko lanak eginda.


Zein da zure erreakzioa?