Honela egiten ditugu gure publizitate-kanpainak LABORAL Kutxan

Honela egiten ditugu gure publizitate-kanpainak LABORAL Kutxan

4 min.

Honela egiten ditugu gure publizitate-kanpainak LABORAL Kutxan

Jendeak LABORAL Kutxarekiko konfiantza agertzen duenean, badakigu gure eskuetan jartzen duenak izugarrizko balioa duela. Haien aurrezkiak, aseguruak, pentsio-fondoak... Hau da, haien ongizatea. Horregatik, egunez egun ahalik eta kreditu-kooperatibarik onena izaten saiatzen gara, hala izateko betebeharra dugulako.

Bikainak izateko ahalegin hori lan egiten dugun esparru guztietan dago presente, baita publizitatean ere, noski. Agentziarik eta profesionalik onenekin egiten ditugu gure iragarkiak, horiek gure bezeroekin adeitsuak izan daitezen eta LABORAL Kutxaren elkartasun- eta kooperatibismo-balioekin bat etor daitezen.

Saiatzen gara xede duten gizartea isla dezaten, erabilgarriak eta informatzaileak izan daitezen eta kalitate-estandarrik onenekin eginda egon daitezen, estetikaren nahiz sormenaren aldetik. Baina, horrez gain, generoaren, etikaren eta hizkuntzaren aldetik ahalik eta irizpiderik zorrotzenak jarrai ditzaten nahi dugu. Gure publizitatea nola egiten dugun jakin nahi duzu? Jarraian azalduko dizugu.

Generoa, funtsezko alderdia

Egunerokotasunak lanordu eta pertsona asko hartzen ditu barne, baina, oro har, publizitate-kanpaina bat egiteko prozesu orokorra berdina da aldiro. Negozio Garapenaren Sailak zehazten du zer produktu hedatu nahi duen, zer publikori eta zer helbururekin, eta publizitate-saila osatzen duten pertsonek eskaera horiek landu, moldatu eta doitu egiten dituzte; gero, gurekin eskuz esku lan egiten duten komunikazio-agentziei helarazten zaizkie, bilatzen dugun hori lortu arte.

Prozesu horretan zehar, generoa funtsezko irizpideetako bat da. LABORAL Kutxan badakigu mendeetako desberdinkeria gainditzea ez dela batere erraza eta, horregatik, hari aurre egiteko politika aktiboak ditugu. Horiei esker, entitateko emakumeen ehunekoa % 39,6tik % 45,9ra igo da 2006tik 2016ra.

Jakina, parekotasuna lortzeko eta zuzendaritza-postuetan kristalezko sabaiak apurtzeko borrokan jarraitzen dugu. Besteak beste, Emakunderekin elkarlanean jarduten dugu eta Emakume eta Gizonen III. Berdintasunerako Planak finkatzen dituen helburuetan lan egiten dugu. Haren bitartez, gure komunikazio guztietan genero-irizpide inklusiboak mantentzen direla bermatzen da.

Horregatik, LABORAL Kutxaren iragarkietan modu inklusiboan idazten saiatzen gara, maskulinoan pluralizatu gabe. Pertsona bakar bat agertzen den iragarki bat egiten badugu eta hura gizonezkoa bada, adibidez, seguruenik emakumeak agertzen diren beste iragarki batzuk barne hartzen dituen hainbat piezatako kanpaina bat izango da, generoaren araberako ordezkaritza berdina izan dadin eta, alde batera inklinatuz gero, emakumeei ikusgaitasun handiagoa emateko izan dadin. Gainera, gure iragarkiak gizartearen isla izaten saiatzen dira, eta hura gero eta irekiagoa da sexu-aukerei dagokienez.

Itzulpenak gaindituko dituen hizkuntza-politika bat

Berdintasun-politika aktiboekiko gure konpromisoa bezain sendoa da euskararen erabilerarekiko eta sustapenarekiko gure konpromisoa, euskara hizkuntza gutxitu bat baita, eta gizarte osoaren lankidetza behar du bere lekua berreskuratzen jarraitzeko eta haren hizlariek egunerokotasuneko esparru guztietan erabili ahal izateko.

Gure apustua anbizio handikoa da, prentsako, irratiko, telebistako eta Interneteko gure iragarki guztiak eta bulegoetako kartel guztiak elebidunak izateaz gain, itzulpenaren hesia gainditu nahi baitugu.

Gaur egun euskaraz egiten den publizitate gehiena gaztelaniaz pentsatuta dago, eta itzuli egiten da gero. Horrek arazo dezente sortzen dizkigu, eta galera handia da euskal hiztunentzat. Azken finean, iragarkien komunikatzeko eta konbentzitzeko gaitasunaren zati handi bat hitz-jokoetan, lotura semantikoetan eta baliabide poetikoetan oinarritzen da, eta ahalik eta etekinik handiena ateratzen zaie hizkuntza bakoitzaren berezko baliabideei.

Horregatik, gure publizitate-sormen guztia bi hizkuntzetan funtzionatzeko moduan pentsatuta dago, iragarkiak zentzua izan dezan eta adierazgarria izan dadin. Ez dugu itzultzen, egokitu egiten dugu. Gure publizitate-kanpaina handietan, euskarazko komunikazioan adituak diren pertsonak gaineratzen ditugu hasieratik —bertsolariak, linguistak, filologoak...—, eta horiek kanpainako kontzeptuak eta ideiak jorratu eta euskarazko esloganak proposatzen dituzte. Horrela, kanpainak hizkuntzaren berezko esamoldeetan eta adierazpenetan oinarritzea lortzen dugu.

Kontrol-irizpiderik zorrotzenak ezartzen ditugu

Autocontrol iragarle, agentzia eta komunikabideen irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta egiazko publizitate legala eta zuzena bermatzen du 1995. urtetik. LABORAL Kutxan, elkarte horretara atxikitzeko erabakia hartu genuen, eta gure publizitate guztia kontrolatuta dagoela esan nahi du horrek.

Horrela, mezu engainagarririk ez dagoela bermatzen dugu, baita gure iragarkiak legezkoak eta etikoak direla, eta publizitatearen eta finantza-sektorearen kode deontologikoak betetzen direla ere. Autocontrol elkarteak dena erregulatzen du, testuetan egiten diren baieztapenetatik hasi eta tipografiaren tamainara arte, “letra txikirik” egon ez dadin.

Ikuskapen hori dela eta, gure lan-prozesuak konplexuagoak dira, baina enpresa, erakunde, administrazio eta hedabide guztiek autoerregulazio-mota horrekiko konpromisoa bereganatu beharko genukeela uste dugu, publizitatea arduratsua eta engainurik gabea izan dadin.

Guri esateko zerbait duzu?

Horrela egiten dugu gure publizitatea LABORAL Kutxan, baina hobetzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, aurten zozketa batzuk antolatu ditugu blog honetan bertan, zein izan zen joan den urteko iragarkirik onena eta zein izan zen publizitate-kartelik gogokoena galdetuta.

Guri helarazi nahiko zenigukeen oharren bat duzu? YouTubeko gure kanalean gure iragarki guztiak ikus ditzakezu, eta Flickren orri honetan gure publizitate-kanpaina guztiak gordetzen ditugu. Horien inguruko ohar bat egin nahi badiguzu, egin ezazu hemen bertan edo gure sare sozialetan (Twitter, Facebook eta Instagram). Nahiago baduzu, WhatsApp bidez bidal diezagukezu, dagoeneko ezagutzen baitituzu gure arreta-ordutegiak. Eta badakizu hemen gaudela erabilgarri izateko eta banka egiteko beste modu batean aurrera egiteko.


Zein da zure erreakzioa?