Bazenekien aseguru batek haurrak egun osoan zehar estaltzen dituela?

Bazenekien aseguru batek haurrak egun osoan zehar estaltzen dituela?

4 min.

Bazenekien aseguru batek haurrak egun osoan zehar estaltzen dituela?

Haurrek edozein lekutan eta unetan jasan ditzakete ustekabeak: kalean, sokasaltoan dabiltzala, ikastetxeko patioan, parkean, igerilekuan... Istripurik ez izatea birtualki ezinezkoa da, baina, zerbait gertatzen bazaie, estalita egon daitezela berma dezakegu.

Bazenekien haurrak egun osoan zehar eta uneoro aseguratuta mantentzen dituzten polizak daudela, beren izenean polizarik ez izan arren? Orain azalduko dizugu.

Ikastera doazela

Gure seme-alaba askok garraioa erabili behar dute ikastetxera joateko. Garraio publikoetako txartelek bidaiarien derrigorrezko asegurua gaineratzen dute. Gainera, eskola-garraioko autobusek beste aseguru osagarri bat izan behar dute bidaiariek jasan ditzaketen kalte-galeren erantzukizun zibila modu mugagabean estaltzeko.

Ikastetxean

Gure seme-alabek ikastetxean igarotzen dute eguneko zati handi bat. Horrenbestez, logikoa da ikastetxeetako instalazioetan gertatzen diren istripuen aurrean babestuta egotea, baita ikastetxean garatzen diren eskolaz kanpoko ekintzen eta haren babespean egiten diren joan-etorrien aurrean ere. Horregatik, nahitaez sinatu beharreko eskola-aseguru bat dago ikastetxe guztietan, eta urtean zenbateko txiki bat ordaintzen da eskola-matrikularekin batera. Baina, adi, aseguru hori DBHko 3. mailatik aurrerako ikasleentzat bakarrik baita derrigorrezkoa, graduondoko ikasketak barne, ikasleek 28 urte bete arte.

Hau da, haur-hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo DBHko lehen eta bigarren mailetako ikasleek ez dute nahitaez horrelako bat izan beharrik. Arrazoia oso sinplea da: haur horiek Gizarte Segurantzaren osasun-zerbitzuak estaltzen ditu. Dena den, ikasleen guraso-elkarte eta ikastetxe gehienek aseguru osagarri bat izaten dute adin guztietako ikasleak barne hartzeko.

Jangelan

Alergiak, intolerantziak, intoxikazioak... Jangelak ere baditu bere arriskuak, eta elikadura-segurtasunean egindako aurrerapenak direla-eta zerbait larria gertatzea oso zaila izan arren, ikastetxeek Erantzukizun Zibileko aseguru bat izaten dute ikasleak mota horretako egoeretatik babesteko.

Kirola

Jarduera fisikoa haurren eskola-curriculumaren barnean sartzen da; gainera, haurrek hainbat kirol-diziplinatako taldeetan eta lehiaketa federatuetan parte har dezakete. Kirol-instalazioetara igerilekuaz edo frontoiaz gozatzera, saskibaloi-partidu bat jokatzera edo gimnasia egitera joaten direnean ere aseguru baten babespean egoten dira, irrist egin, bihurduraren bat jasan edo beste istripuren bat izanez gero, estalita egon daitezen. Hala zehazten du Euskadiko Kirolaren Legeak, 77. artikuluan.

Parkean

Taekwondoko eskola amaitu eta alaba handik jaso ondoren, haren kulunkarik gogokoenak dauden parkean gelditu zarete. Zorte txarra izan duzue; alabak egoera txarrean zegoen kulunka aukeratu du eta eskumuturra hautsi du. Kulunka udal-instalazio bat denez, Udalari erreklamatu diezaiokegu. Horretarako, udaltzaingoari deitu eta hark atestatu bat egin behar du, eta lesioen parte bat eskatu behar da osasun-zentroan. Horrela, Udalaren Erantzukizun Zibileko aseguruari egin ahal izango diogu erreklamazioa.

“Nahi gabe izan da”

Seme-alabak badituzu, esaldia ezaguna egingo zaizu seguruenik. Nahi gabe gauza asko gerta daitezke eta, esaterako, auzoko norbaiti kristalak apurtu diezazkiokezu baloi batekin. Era berean, loreontzi batzuk erori edo beste gauza asko gerta daitezke. Ez da ezer gertatzen. Horretarako daude aseguruak. Horrelako egoeretan, etxeko aseguruek Familiako Erantzukizun Zibileko estaldura gaineratzen dute.

Baina ez daude beti estalita

Ikus dezakegun moduan, haurrak estalita daude ia gertakari guztien aurrean, baina, printzipioz, badira estali gabe geratzen diren salbuespenak ere. Pentsa dezagun, esaterako, haur batek ikaskide bati argazki-kamera bat uzten diola eta hari, oharkabean, kamera erori egiten zaiola. Kasu horretan ez litzateke estaldurarik egongo istripuak eragindako kalteak estaltzeko, kamera aseguratuta dagoen haurraren zaintzapeko elementu bat delako, eta hori ez litzateke Erantzukizun Zibil gisa hartuko. Era berean, aseguruak ez liguke estaldurarik eskainiko, gure semea edo alaba norbaitekin jolasten ari dela, ustekabean betaurrekoak edo jantziren bat apurtzen badio.

Zalantzak? Galderak? Badakizu LABORAL Kutxan bankan eta aseguruetan adituak garela eta planteatu nahi dizkiguzun galderei erantzuteko prest gaudela. Arreta bulegoetan bertan eskaintzea ahalbidetzen digun aparteko kudeaketa-eredu bat dugu finantza edo aseguruen alorreko edozein premiari erantzuteko eta, gure aseguruak merkaturatzen ditugunez, zure premietara hobekien egokitzen diren produktuak eskain diezazkizukegu. Etorri gu ikustera eta gauzak egiteko beste modu bat badela erakutsiko dizugu.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Inbertsio estrategiak