Auto-aseguruei buruzko mitoak eta hiri-legendak

Auto-aseguruei buruzko mitoak eta hiri-legendak

3 min.

Auto-aseguruei buruzko mitoak eta hiri-legendak

Ibilgailua duen edonork badaki ezin duela autoa nahitaezko asegururik gabe erabili, eta bere beharrizan guztiak betetzeko aukera ugari dituela eskura. Alabaina, zurrumurruak hain erraz zabaltzen diren garai hauetan, beharbada ez du jakingo emakumeek ez dutela aseguruagatik gutxiago ordaintzen, eta ibilgailuaren koloreak ez duela eraginik prezioan. Aseguruei eta autoei buruzko mito horiek eta beste batzuk argituko dizkizugu, inork engaina ez zaitzan.

Emakumeek gutxiago ordaintzen dute aseguruagatik

Esan dizugun bezala… ez, ez da egia. Egia izan zen 2012ko abendura arte, eta estatistika-errealitate bat zegoen horren atzean: emakumeek, batez beste, gizonek baino istripu gutxiago izaten dituzte. 2012ko abenduan, ordea,Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak debekatu egin zuen horrela jokatzea, sexu-diskriminazioa zekarrela iritzi ziolako .

Beti da hobea arrisku orotako asegurua edukitzea

Zaila da horren baieztapen biribila egia izatea. Egia da ibilgailu berria (bost urte baino gutxiagokoa) baduzu, komenigarria izaten dela istripua edukiz gero autoaren prezioa estaliko duen asegurua edukitzea. Horixe azaldu genizun blog honetan bertan . Alabaina, ibilgailuen balioa nabarmen murrizten da eta, denbora pasatu ahala, hobe da aseguru-eredu merkeagoa aukeratzea, zure autora eta zure beharretara hobeto egokituko dena.

Ibilgailuaren koloreak prezioan eragiten du

Ez da egia. Hiri-legenda hori aspalditik bolo-bolo dabilen arren. Hori pentsatzen dutenen esanetan, kolore bizia (horia edo gorria, adibidez) duten ibilgailuek gehiago ordaintzen dute asegurua, istripu gehiago izaten dituztelako. Badira kontrakoa diotenak, ordea: kolore bizia (hala nola horia) duten ibilgailuek estatistikoki istripu gutxiago izaten dituztela, adibidez behe-lainoa dagoenean hobeto ikusten direlako eta, horregatik, aseguruak merkeagoak izaten direla. Bi baieztapen horiek, elkarren artean kontraesankorrak izateaz gain, faltsuak ere badira, biak ala biak: aseguru-etxeek ez dute ibilgailuaren kolorea aintzat hartzen polizak merkatzeko edo garestitzeko.

Aseguruak urtebete eta hilabeteko iraupena izaten du

Beste sineskeria hedatu bat da aseguruaren balio-aldia nahitaezko 12 hilabeteak baino hilabete luzeagoa dela. «Dohaintzazko hilabete» hori ematen omen du aseguru-etxeak, poliza eguneratu eta ordainketa egiteko. Ez da horrela, baina: poliza automatikoki eguneratu ez, eta hilabete hori joaten utziko bagenu, ez genuke ibilgailuan benetako estaldurarik izango eta, istripua izanez gero, konpainiak uko egin liezaioke ordaintzeari.

Istripu-parte bakoitzeko garestitu egiten da polizaren prezioa

Gidari askok partekatzen dute beldur handi hori. Benetan, ordea, aseguru-konpainia gehienek ez dute zure poliza garestitzen partea ematen duzunean. Konpainia askok, bezeroak erakartzeko borrokan gero eta gehiagok, urtean hiru istripu-parte emateko aukera eskaintzen dizute, horren truke aseguruaren zenbatekoa handitu gabe.

Eta istripu-parterik ematen ez baduzu, aseguru-prima jaitsi egiten da

Aurreko puntuan bezala, baieztapen hori zehaztu egin beharko litzateke. Aspaldian ez baduzu parterik eman, ziurrenik aseguru-etxeek eskaintzen dituzten hobarien gorenera iritsi zara eta, beraz, ez da gehiago murriztuko. Izan ere, ez da albiste txarra: inolako parterik ez ematea da gerta dakizukeen gauzarik onena, horrek erakusten baitu bolantean oso fidagarria zarela.

Kontuz ibilgailuaren estrekin

Hasieran esan dugun bezala, poliza bat kontratatu aurretik prestazioak ondo aztertzea komeni izaten da. Aseguru gehien-gehienetan, adibidez, autoaren estra batzuk (hala nola GPSa edo aleaziozko hagunak) ez dira estalita gelditzen, salbu eta poliza hartzean negoziatu eta berariaz kontratuan agertzen badira.

Polizaren prezioa igo egiten da seme-alabak badituzu

Beste mito faltsu bat. Egia da konpainiek poliza formalizatzen dutenean datu asko hartzen dituztela, besteak beste aseguru-hartzaileak seme-alabarik ote duen. Halere, laukitxoan bai idazten baduzu, horrek ez du esan nahi aseguruaren prezioa igo egingo denik. Besterik da aseguru-hartzaileak 25 urtetik beherako seme-alabak edukitzea, seme-alabok gidabaimena edukitzea eta noizbehinka aseguratutako ibilgailua erabiltzea. Hala bada, ez da beharrezkoa beste poliza bat egitea, baina bai konpainiari horren berri ematea, noizbehinkako gidari gisa ager daitezen. Aseguru-etxe batzuen ustez, aldian behingo gidariak egoteak arriskua dakar (are gehiago 25 urtetik beherakoak badira edo 5 urte baino gutxiago badaramatzate gidabaimenarekin) eta, horregatik, deskontuak ezartzen dituzte berariaz gidari bakarra egongo dela adierazten duten polizetan.

LABORAL Kutxan auto-asegururik onena aukeratzeko jakin behar duzun guztia azalduko dizugu

LABORAL Kutxa n banka eta aseguruen eredu paregabea daukagu, eta alor horretan dituzun beharrizanei erantzun ahal diegu. Zeure autoaren poliza kontratatzeko jakin behar duzun guztia azalduko dizugu, sinatu aurretik dena garbi eduki dezazun. Nahi baduzu, zeure aseguruaren prezioa online kalkulatzeko aukera duzu, era guztietako modalitateak eskainiko dizkizugu, eta horien artean zuretzat egokiena zein den azalduko dizugu, zeure aholkulari pertsonala bihurtuko den pertsona adituaren laguntzarekin. Gainera, aukerako estaldura batzuk ere badituzu doan, eta beste abantaila batzuk ere bai, hala nola bizitza osorako % 10eko deskontua auto-aseguruan edota autoa doan garbitzeko txeke bat, soil-soilik guri deitzeagatik.


Zein da zure erreakzioa?