Zer egin dezakezu auzokide edo negozio zaratatsuak hurbil badituzu?
2019-12-24
Zer egin dezakezu auzokide edo negozio zaratatsuak hurbil badituzu?
Auzo zaratatsuan bizi zara? Gehiegizko zarata intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubidearen urratzetzat hartzen da. Zer eskubide dituzun kontatuko dizugu, eta arazo gogaikarri hori bukarazteko zer egin dezakezun.
Oso ohiko arazoa
Estatistikako Institutu Nazionalaren 2017ko datuen arabera, Espainiako familien % 15,2k auzokideek sortutako edo kanpotik datozen zaratak sufritzen ditu, eta aisia da kexa gehien eragiten dituzten jardueretako bat. Arazo hori badaukazu, zenbait aukera dituzula jakin behar duzu lehenbizi:- Adiskidetsua: arazoa adeitasunez konpontzea da, zarata egiteari uzteko eskatuz egiten duenari.
- Administratiboa: administrazio-salaketa jar daiteke Udalean. Udaltzaingoak egiaztatzen badu dezibel-kopurua onartutako mailatik gorakoa dela, espediente bat irekiko dio arduradunari; zigorra jarri eta neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu ahal zaio.
- Administrazioarekiko auzi-bidea: Administrazioaren gelditasuna edo jarduketa-eza sala daiteke, eta kalte-ordain bat eskatu haren egintzen edo ez-egiteen ondorioengatik.
- Judiziala: jarduera gogaikarriak bere horretan jarraitzen badu, arduraduna auzitara eramateko aukera dago, betiere, poliziak edo enpresa aditu batek egindako neurketak emanez, jarduera hori bertan behera utz dezan eta kalte-ordain bat eskatzeko, zaratak insomnioa eta beste osasun-arazo batzuk eragin baititzake. Zaratak osasun-arazorik sortu badu, komeni da testigantzak eta ziurtagiri medikoak izatea. Oso baliagarria izan daiteke hasieratik abokatu baten zerbitzuak kontratatzea, pauso okerrik ez emateko, batez ere arazo larria bada eta pertsona askori eragiten badie.
Zer egin dezakezun, hasiera-hasieratik
Lerro hauetan, banan-banan eta ordenan azalduko dizugu zer egin dezakezun zaratak eragindako arazoak amaitu daitezen:Hobe, onez onean. Hartu arnasa sakon, eta, lehen neurri gisa, egin elkarrizketaren alde. Denok bete behar ditugu oinarrizko bizikidetza-arauak. Lehenik eta behin, kontuan izan salaketa jartzea ez dela desiragarriena.
Eskatu komunitateko lehendakaria den auzokideari bitartekotza-lanak egiteko, arduradunari esan diezaion zarata gogaikarria sortzen duen jarduera berehala bertan behera uzteko. Jabetza Horizontalaren Legeak 7. artikuluan jasotzen duenaren arabera, komunitateko lehendakariak horrelako eskaerak egin ditzake. Ahal dela, idatziz.
Borondate ona eskatzea bakea berreskuratzeko nahikoa ez bada, eskura dauden lege-baliabideetara jotzeko unea da. Zarata-mailak gainditzea eta horren ondorioz lasaitasuna nahastea intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubidearen urratzetzat hartzen da. Kasu horretan, gogoan izan:
- Batasunak indarra dakar. Hobe da demanda komunitateak Arazoa ez bada konpontzen, zaratak sortzen dituenaren aurka demanda bat jartzea onar dezake jabekideen batzarrak. Lehenago esan dugunez, zaratak bertan behera uzteko eskatzeaz gain, kalte-galeren ordaina eska daiteke. Halaber, salatutako pertsonari etxebizitza edo lokala denboraldi baterako erabiltzeko eskubidea kentzeko ere eska daiteke, edo, etxea alokatuta badu, kontratua amaitzeko.
- Komeni da gehienezko zarata-mailak gainditzen ote diren aldez aurretik egiaztatzea. Horretarako, salaketa jarri behar da udaltzaingoan, zarata-maila neur dezan, edo enpresa aditu bati txostena eskatu. Horri esker, soinu-mailak gainditzen direla frogatu ahal izango da epaitegian. Demanda jartzean, komeni da bizilagun guztiak sartzea, kalte-ordainik egonez gero eragindako pertsona guztiek jasoko bailukete.
- Komunitateak demanda ez jartzea erabakitzen badu, zuk erabaki beharko duzu auzitegietara partikular gisa joko duzun ala ez. Presio handiagoa egiteko, zure etxe-aseguruari eska diezaiokezu izapideak egiteko, betiere, kalte-erreklamazioaren estaldura baduzu. Ez ahaztu frogak funtsezkoak direla epaiketetan (zarata sortzen duenari bidalitako kexa-idatziak, polizia-etxean jarritako salaketak, zenbait unetan egindako neurketak…).
Eta, erratz-makinaren kasuan bezala, zarataren arduraduna Udala bera bada? Bietako bat, edo tokiko administrazioak bere arauak urratzen ditu, edo herriko mugak permisiboegiak dira. Horrelako arazoak dituzten herrietan, herritarrak sinadurak bildu dituzte, tokiko administrazioari arduratsuagoa izan dadin edo ordutegiak eta onartutako zarata-mailak gehiago murriztu ditzan eskatzeko.
Azkenik, zaratak eraikineko elementuetako batek eragiten baditu (igogailu zaratatsua, soinu gehiegi egiten duten hodiak…), Eraikina Antolatzeko Legeak urtebetetik hiru urtera bitarteko epeak ezartzen ditu, behin etxebizitza ematen digutenetik aurrera, enpresa sustatzaileari eraikuntza-akatsak zuzendu ditzan eskatzeko. Isolamendua oso garrantzitsua, eraikineko zaratetatik zein soinu-kutsadura orokorretatik babesten gaitu eta.
Zein da zure erreakzioa?