Bankuak, aurrezki-kutxak eta kreditu-kooperatibak. Ezagutzen duzu horien arteko aldea?

Bankuak, aurrezki-kutxak eta kreditu-kooperatibak. Ezagutzen duzu horien arteko aldea?

3 min.

Bankuak, aurrezki-kutxak eta kreditu-kooperatibak. Ezagutzen duzu horien arteko aldea?

Egungo gizartean, finantza-erakundeekin harremanak izatea ezinbestekoa da. Ezinbestean horiekin harremanetan gaude, horien bitartez egiten ditugun eragiketak direla medio, hala nola nomina-helbideratzeak edo mailegu-eskatzeak. Baina, ezagutzen ditugu zer motatako finantza-erakundeak dauden eta horien arteko aldeak? Eta garrantzitsuena, bezero garen aldetik, badakigu gure interesen arabera zer aukera den egokiena guretzat? Informazioz gainezka eta aukera-sorta handia dagoen gizarte honetan, kasu gehienetan, galduta sentitzen gara horrelako galderen aurrean.

Horregatik, hiru erakunderik ohikoenen arteko aldea argitzen saiatuko gara. Hona hemen horiek: bankuak, aurrezki-kutxak eta kreditu-kooperatibak. Hiru erakunde horiek sektore berean jarduten dute eta, nahiz eta sortu zirenean eremu desberdinetan aritzen ziren, egun zerbitzu oso antzekoak eskaintzen dituzte.

Beharbada guretzat ezagunena "banku" terminoa da. Funtsean, egiten dituen eragiketekin irabaziak lortzearen truke, dirua jasotzeaz eta mailegatzeaz arduratzen den bitartekaria da.

Aurrezki-kutxak bankuen antzekoak dira; funtsean, legegintza-alderdian baino ez dira desberdinak. Bankuak sozietate anonimoak dira, eta aurrezki-kutxak, berriz, sozietate mugatuak. Kutxek ez dute jaberik, kudeatzaileak dituzte, eta ez dute burtsan kotizatzen. Horregatik, kapital pribatuek ezin dituzte erosi.

Kreditu-kooperatibak

Kreditu-kooperatiben kasua konplexuagoa da; izaera bikoitza duten erakunde pribatuak dira: batetik, kooperatiba elkarteak dira, Kooperatiben Legeari lotuak; eta, bestetik, kreditu-erakundeak. Gainera, lurralde-mugak dituzte; hau da, beren estatutuetan finkaturiko lurralde-eremutik kanpo ezin dute jardun.

Erakunde horien titulartasuna bazkideei dagokie. Kooperatibako kide bakoitzak boto eskubide bera du, izan dezakeen kapitala gorabehera; hau da, parte-hartzea demokratikoa da. Kide guztiak maila berean daude, bereizketarik gabe, eta horrek, nolabait, erakundearekin inplikazio handiagoa izatera bultzatzen ditu. Kide bakoitza enpresaren funtsezko zatia da. Hori dela eta, bezeroari eskaintzen zaion zerbitzua gertukoagoa eta familiarragoa da.

Kudeaketa eta zuzendaritza

Kreditu-kooperatibak arautzen dituzten organo sozialak batzar nagusia, kontseilu errektorea eta Kontseilu Soziala dira. Azken hori langileen interesen eta nahien ordezkaritza eta ahotsa da barne-organoetan. Kooperatibaren egituraren parte da eta lan-arloan langileen interesak zaintzen ditu.

Aurrezki-kutxen kasuan, administrazioa, kudeaketa eta kontrola hiru gobernu-organori dagokie: Batzar Nagusiari, Administrazio Kontseiluari eta kontrol-batzordeari.

Bankuak, aldiz, Akziodunen Batzarrak aukeraturiko Administrazio Kontseiluak zuzentzen eta kudeatzen dituzte. Kasu horretan, jabeak akziodunak dira, eta botere-banaketa akzioen araberakoa da: akzio gehiago dituztenek boto gehiago dituzte, eta, beraz, botere handiagoa.

Mozkinen banaketa

Nahiz eta burutzen dituzten jarduerak antzekoak izan daitezkeen, egia esan, finantza-erakunde horien xedea oso desberdina da.

  • Bankuak irabazi-asmodun negozio pribatuak dira. Horiek, batik bat, errentagarritasuna bilatzen dute eta mozkinak jabeen artean banatzen dira, hau da, akziodunen artean. Beren baliabideak handitzeko kapitalen merkatuetara jo dezakete, eta aurrezki-kutxek eta kreditu-kooperatibek, berriz, ez.
  • Aurrezki-kutxak ere pribatuak dira, baina horien xedea soziala da. Gutxienez mozkin guztien % 50 Nahitaezko Erreserbetara bideratu behar dituzte, beren egungo eta etorkizuneko kaudimena bermatzeko; eta gainerakoa Gizarte Ekintzara bideratu behar dute. Orokorrean, banaketa honela egin ohi dute: % 60-40 edo % 70-30. Tokian erro sendoak dituzten erakundeak dira.
  • Kreditu-kooperatibek, nolabait, aurrezki-kutxen oso antzera banatzen dute mozkina: gutxienez mozkinen % 50 bideratzen dute Nahitaezko Erreserba Fondora. Aldea, berriz, honako hau da: % 10 Heziketako eta Sustapeneko Fondora bideratzen dutela, kooperatiba sustatzeko eta bazkide berriak erakartzeko; eta gainerakoa kooperatibako kideen artean banatu dezaketela, edo bestela, Borondatezko Erreserba Fondo batera bideratu.

Mozkinen banaketa finantza erakunde bakoitzean


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza Enpresa estrategia