Bertsozalearekin dugun akordioa berritu eta Euskara Ibiltaria erakusketa martxan jarri dugu berriro
2019-12-03
Bertsozalearekin dugun akordioa berritu eta Euskara Ibiltaria erakusketa martxan jarri dugu berriro
Gaur abenduaren 3a da, Euskararen Eguna. Hori dela eta, gogora ekarri nahi dizuegu zer garrantzitsua den gure hizkuntza zaindu eta babestea. Izan ere, euskara askoz egoera larriagoan egongo litzateke, milaka pertsonak eta ehunka erakundek desagerpenaren amildegitik ateratzeko borroka egingo ez balute.
Bertsozale Elkartearekin dugun akordioa beste lau urterako berritu dugu
Duela lau urte, lankidetza-hitzarmena sinatu genuen LABORAL Kutxak eta Bertsozale Elkarteak. Haren bidez, babesa eman diogu elkarteak herriaren berezko kultura-adierazpen hori bultzatzeko egiten duen lanari. Kontuan izan behar dugu bertsolaritzak jendea erakartzeko ahalmen itzela erakutsi duela azken hamarkada hauetan, hein handi batean Bertsozale Elkartearen lanari esker.Lankidetza berritzeko akordioa joan den astean sinatu genuen, LABORAL Kutxaren egoitzan. Uste osoa dugu lankidetza horrek balio izango duela elkarteak beste lau urtean lanbidearen, hezkuntzaren eta dibulgazioaren alorretan betetzen duen eginkizun zabalari eutsi ahal izan diezaion.
Euskara Ibiltaria martxan jarri dugu berriro
Zenbait proiekturen inguruan aspalditik babesten dugun beste erakunde bat Euskaltzaindia da, Euskararen Akademia. Proiektu horietatik interesgarrienetako bat Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da. Ikerlan luze eta zabal horrek euskararen askotariko lexikoa jasotzen du liburukiz liburuki, kontzeptu berberak lurralde bakoitzean nola adierazten diren jasotzen duten ikusizko eduki handiko mapen bidez.Aurtengo Euskara Ibiltaria erakusketa joan den ostiralean aurkeztu zen, eta dagoeneko ikusgai dago Donostiako leku enblematiko batean: San Telmo Museoan.
Doctor Deseoren euskarazko diskoa babestu dugu
Horrez gain, atsegin handiz jakinarazi nahi dugu atzo bertan, Durangoko Liburu eta Disko Azokaren bezperan, dagoeneko mitikoa den musika-talde batek euskara hutsean egiten duen lehen diskoa aurkeztu zela. Doctor Deseoz ari gara. Orain baino lehen, euskarazko hainbat kanta egin izan ditu talde horrek, baina orain LABORAL Kutxaren babesa izango duen proiektuarekin datoz. Hamahiru abesti dituen disko bilduma da eta dagoeneko entzun daiteke Maketoen Iraultza izeneko lehenbiziko kantua. Esaguzu zer iruditzen zaizun!Jakin nahi duzu zer gehiago egiten dugun euskararen alde?
LABORAL Kutxan saiatzen gara argi eta garden jokatzen gure politika guztietan; izan ere, nahi dugu bezeroak hartu ditugun konpromisoen betetzearekin zorrotzak izatea. Gardentasun hori gure hizkuntza-politikara ere eraman nahi dugu, jakina. Horregatik, urtez urte, euskararen inguruan egindako guztia kontatu izan dugu blog honetan.Gogoraraziko dizugu:
- Euskara LABORAL Kutxan: zure eskubidea, gure konpromisoa. Jakin nahi duzu zein den euskararekin dugun konpromisoaren historia? Entitateko euskara-arduradun Iñaxio Garroren laguntzaz, azalduko dizugu noiz hasi ginen lehen euskara-planarekin, zein diren gure egungo konpromisoak bezeroekin eta zergatik dugun LABORAL Kutxa izena.
- Gure hizkuntza-politika sare sozialetan. Kontatuko dizugu nola eramaten dugun geure hizkuntza-politika blogera, Twitterrera, Facebookera, Linkedinera, Instagramera eta buletinetara, euskararen ikusgaitasuna errazteko helburuz. Aukera elebidunak eskaintzen dizkiegu irakurle guztiei, eta aukera elebakarrak LABORAL Kutxarekin komunikatzeko euskara aukeratu duten bezeroei, 70.000 gora baitira.
- Hizkuntza-kudeaketaren Urrezko Bikain ziurtagiria lortu duen lehen finantza-erakundea da LABORAL Kutxa. 2016an lortu genuen Urrezko Bikain ziurtagiria, Eusko Jaurlaritzak ematen duen hizkuntza-egiaztapen nagusia, euskara zerbitzuko eta laneko hizkuntza izan dadin egin ditugun etengabeko ahaleginak direla eta. Ziurtagiri hori lortu duen lehen finantza-erakundea gara.
- Euskara eta teknologia LABORAL Kutxan. Kutxazain automatikoetan euskara erabili duen lehen erakundea izan da LABORAL Kutxa. Gure Online Banka guztiz elebiduna da, bai webeko bertsioan bai appekoan, eta elebidunak dira, era berean, gure onlineko presentzia guztiak, bai gure webgunea eta webgune korporatiboa, bai Gaztenpresaren eta Enpresen Bankaren webguneak ere.
Zein da zure erreakzioa?