
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko iraileko proposamenak
2025-09-16
LKULTURA: Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, hauek dira 2025eko iraileko proposamenak
Lagunok, harpidedunok, irakurleok:
Euskaraz zer irakurri, ikusi eta entzun bila bazabiltzate, baditugu zuontzako gomendioak.
Iraileko gure hautaketa hasteko LABORAL Kutxaren podcastean elkarrizketatu genituen bi idazle aukeratu ditugu. Zehatzago esateko, haien azken nobeletan oinarrituta egin diren ikusentzunezko lanak. Pelikula eder bat, lehenbizikoaren kasuan eta hainbat audio-liburu bikain, bigarrenaren kasuan. Horrez gain, udako azken eta udazkeneko lehen hilabete honetan, genero beltzaren historia ulertzeko ezinbesteko autore jenial baten ipuin bat gomendatu nahi dizuegu, bere gonbidatuen psikologian zorroztasun ezohikoarekin murgiltzen den podcast bat, eta euskaraz idazteko lanak izugarri erraztuko dizkizuen tresna lagungarri bi.
🎥 Pelikula
Txani Rodriguez idazlearen eleberri sarituan oinarritutako pelikula honetan Irune da protagonista, zalantzaz beteriko emakume hipokondrikoa, aldiro Renfera deitzen duena, inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak ematen dizkion ezezagunaren ahotsa entzuteko.
📚 Audio liburuak
Guau plataforman, hainbat audio liburu daude entzungai, besteak beste, Harkaitz Canoren eleberririk ezagunena eta horrekin batera Beti oporretan eta Telefono kaiolatua ipuin liburuak eta Fakirraren ahotsa eleberria ere bai.
📙 Literatura
Edgar Allan Poerekin konparatzen zuen Jose Luis Borgesek bere literaturan eragin izugarria izan zuen G.K. Chesterton ingelesa, saiakeragile, pentsalari eta kritiko literario aparta, genero beltzaren aitzindaria, eta ipuin honetan agertzen den Brown apaiz-detektibearen sortzailea.
🎙️ Podcast-a
Bidepodcast honetan sortzaileak elkarrizketatzen ditu Katixa Agirrek gertutasunez, intimitate puntu batekin eta autoezagutzara bideratuak, Andoni Mutiloak kazetari eta aktoreak gorpuzten duen Jokin Ameztoi adituaren eta eneagrama izeneko tresna psikologikoaren laguntzarekin.
🗣️ Euskara
Euskaraz grabatutako audioak transkribatzen dituen lehenbiziko tresna honek hilero email bidez igorritako 10 audio doan transkribatuta jasotzeko aukera ematen du eta muga horiek gainditu nahi dituzten profesionalentzako ordaindutako zerbitzu bezala ere funtzionatzen du.
🗣️ Euskara
Hizkuntzak etengabe zabaltzen eta osatzen dira, errealitate berriak izendatzen dituzten esamolde eta hitz berriekin, eta euskaraz sortzen diren neologismo horiek jasotzeko sortu du UZEIk, bere baliabide linguistikoen katalogoa osatzen duen webgune hau.
Zein da zure erreakzioa?