Bidaia solidarioa Kolonbiara

Bidaia solidarioa Kolonbiara

168 min.

Bidaia solidarioa Kolonbiara

https://www.youtube.com/watch?v=eYXyVSqVu3Q

Esperientzia solidario horren bidez, 9 gaztek aukera izan dute Kolonbia, bertako biztanleak eta haiek tokiko garapenerako darabiltzaten parte hartzean oinarritutako ingurumen-gestioko prozesuak ezagutzeko.

Izan ere, 20 egun zoragarriko esperientzia paregabea bizitzeaz gain, benetako Kolonbian murgiltzea zen bidaiaren helburua, eta bertako jendea, landa-eremuaren errealitatea eta garapen iraunkorraren aldeko lankidetza ezagutzea.

Bidaia solidario horren ekimena LABORAL Kutxan sortu zen, gizarte-proposamen gisa, eta gure gazteekin partekatu nahi izan genuen.

Horretarako, Mundukide izan genuen lagun, Hegoaldeko herrialdeetan pertsonen gaitasunak sendotzeko eta garapen sozioekonomikoa hobetzeko helburua duen euskal fundazioa.

Mundukidek, bidaia antolatzen eta koordinatzen parte hartzeaz gain, gazteei laguntza eman zien bidaian zehar. Hain zuzen ere, Mundukideko bi lagun taldearekin ibili ziren bidaia osoan, biak ere esperientzia handikoak Brasilen, Mozambiken, Kuban eta beste herrialde batzuetan, eta, gaur egun, Kolonbiako garapen iraunkorraren eta kalitateko enpleguaren alde lanean ari direnak.

Aukeratzeko prozesua

Lehenago, ordea, aukeratzeko prozesu bat egin behar izan genuen, izena eman zuten 870 lagunen artean herrialde kafe-ekoizlera bidaiatuko zuten 9 gazteak hautatzeko.

Lehen zozketak 100 izen eman zizkigun, eta, aukeratzeko irizpideak aplikatu ondoren, 30 geratu ziren. Haietatik, bidaia egingo zuten 9ak hautatu genituen, elkarrizketa pertsonalen bidez.

Bidaia Kolonbiako lurretara

Behin Bogotan lurra hartuta, Suyusama elkarteko kide batzuek egin zioten harrera taldeari. Elkarte horrek parte-hartzean oinarritutako prozesuak sustatzen ditu, Nariño departamentuan tokiko eta eskualdeko iraunkortasuna kudeatzeko.

Hortik aurrera, 20 egun, 10 eremu eta helburu 1: bertako biztanleen eskutik herrialdean murgiltzea, bertako jendea eta errealitateak ezagutzeko.

Gauza asko ikasi genituen bidaian, eta konturatu ginen lankidetza funtsezkoa dela edozein ekimen, kultura edo gizarte garatzeko. Ulertarazi ziguten ez dagoela etorkizun onik ziurtatuta, mundu orekatu baten alde lan egiten ez badugu. Eta, batez ere, barneratu genuen gizartearen garapena eta aurrerapena azkartzekotan, emakumeak eta gizonak berdintzat hartu behar direla.

Baina, bidaia ez da hemen amaitu. Gure gazte bidaiariek hezkuntza-inguruneetan partekatuko dute euren esperientzia. Izan ere, ezagutarazten ez dena ez omen da existitzen. Eta, lankidetzari dagokionez, laguntza guztia ere gutxi da.


Zein da zure erreakzioa?