Bizi-aseguruen erregistroa
2012-10-23
Bizi-aseguruen erregistroa
Gertaera gutxi dira maite dugun pertsona baten heriotza baino traumatikoagoak. Ziurrenik, gure eguneroko eginkizunei aurre egitea eragotziko digun egoera emozional batean murgilduko gaitu. Duela urte gutxira arte, bizi-aseguruen % 10 ez zen kobratzen, onuradunek horien berri ez zutelako.
Zorionez, 2007tik Justizia Ministerioak Europan aitzindaria izan den tresna bat eskaintzen du: Heriotzagatiko estaldura-aseguruen kontratuen erregistroa datu-base publikoa da, hildako edozein pertsonak bizi-asegururen bat zuen egiaztatzeko balio duena. Zerbitzu baliagarri horrek nola funtzionatzen duen azalduko dizugu.Pertsona gehienek bizi-aseguruetan pentsatzen dutenean produktu zehatz bat izaten dute buruan: hil ondoren hurbilekoei, izan ditzaketen diru-arazoei aurre egiteko, ordainsari bat eskaini nahi dien pertsona batek berariaz kontrataturiko aseguru espezifikoa. Aseguru horietako bat hartzen duenak bere hurbilekoei jakinarazten die, unea heltzerakoan aprobetxatu dezaten. Baina, bizi-aseguru asko definizio erraz horretatik kanpo daude, beste finantza-produktu batzuei loturik baitaude. Beraz, litekeena da hartzaileak kontratatu duenik ere ez jakitea.
Hipoteka gehienek ezaugarri horietako aseguruak kontratatzea eskatzen dute. Gauza bera gertatzen da mailegu pertsonalekin, nahiz eta zenbatekoa txikia izan. “Unit-linked” direlakoak ere kategoria horretan sartzen dira: abantaila fiskal handiko bizi-aseguruak dira, eta ekarpenak hainbat fondotan inbertitzen dira. Kreditu-txartelek, zerbitzurik ezagunenez gain, aseguru batzuk ere eskain ditzakete, eta horien artean heriotzagatikoa egon daiteke. Horretaz gain, Bankaseguru-produktuek (Patrimonio Seguro, Plazo Seguro 150%, Plazo Segur-Dos eta Patrimonio Doble Asegurado), beren finantza-osagaiez gain, heriotza kasuan aseguruaren zati bat eskaintzen dute. Zerrenda amaigabea da: kirol-federazioak, lanbide-elkarteak…
Azken finean, sumatu gabe hainbat bizi-aseguru izan ditzakegu. Horregatik, interesgarria da Heriotzagatiko estaldura-aseguruen kontratuen erregistroan egiaztatu ahal izatea.
Nola eskatu
Edozein pertsonak, hildakoarekin zuen lotura gorabehera, eska dezake informazio hori.Hil denetik gutxienez hamabost egun igaro behar dira eskatzeko. Informazio eskatzeko epemuga bost urtekoa da.
Lehen urratsa 790 eskabide-orria lortzea da. Honako hauek aurkeztu behar dira:
- Eskabidea egiten duenaren NANa, pasaportea edo bizileku-txartela.
- Hildakoaren NAN zenbakia.
- Erregistro zibilak eginiko heriotza-ziurtagiri literala.
- Tasa ordaindu izanaren egiaztagiria (3,58 euro eskabide bakoitzeko). Zerga Administrazioko Estatuko Agentziarekin kolaboratzen duen edozein entitatetan ordaindu daiteke.
- Justizia Ministerioaren 22 Lurralde Gerentzietako batean.
- Edozein erregistro zibiletan.
- Zuzenean edo postaz, Justizia Ministerioaren Hiritarren Arretarako Bulego Nagusian (Madrid, Plaza Jacinto Benavente, 3. 28012).
- Eta erarik erosoena: Internet bitartez, Justizia Ministerioaren webean, mjusticia.gob.es, "Herritarrei zerbitzuak" saileko "Norbere izapideak eta gestioak" atalean (beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea: adibidez, NAN elektronikoa).
Egiaztagiri horiek eskatzerakoan erabilitako bide beretik jasoko dira: zuzenean, postaz edo Internet bidez.
Administrazioak gehienez zazpi eguneko epean erantzuteko (indarrean dauden kontratuen eta entitateen izenen berri emateko) konpromisoa hartzen du. Hildakoaren izenean ez badago asegururik, berariaz jakinaraziko digute. Astebeteko epe horri jakinarazpena bidaltzen denetik heldu arte igarotzen den denbora gehitu behar diogu, postaz eskatu badugu.
Erregistroak hildakoak zer aseguru zituen adierazten digu, baita kontratuaren ondoriozko prestazioak ere, baina ez zein diren onuradunak. Hori dela eta, azken urratsa eman behar dugu: entitate aseguratzailera joatea, indemnizaziorik jasotzeko eskubiderik dugun jakiteko.
Bizirik dagoenean kontsultatzea
Herritar batek zer bizi-aseguru dituen kontratatuta jakin nahi badu, bizirik dagoenean ere egin dezake kontsulta. Kasu horretan, “heriotza-aseguruaren kontratuari buruzko informazio-oharra” da tramitearen izena eta aurreko kasuaren oso antzera egin daiteke. Baina berak bakarrik eska dezake. Komenigarria da tramite hori egitea, zer aseguru ditugun eta datu guztiak ondo dauden jakiteko.Erregistro baliagarria baina osagabea
Bizi-aseguruen erregistroa ideia baliagarria da, gure bizitzako unerik gogorrenetariko batean (hurbileko norbaiten heriotzan) lagungarri izan daitekeena, baina ez da perfektua. Askotan errepikatzen den kritiketariko bat hau da: bizi-aseguruetara mugatuta dagoela. Erregistro horrek, beraz, kanpoan uzten ditu baliaezintasun-aseguruak. Horiek bizi-aseguruak bezain garrantzitsuak dira, edo garrantzitsuagoak, titularrarengan zuzeneko eragina dutelako. Herritar askok ez dakite baliaezintasun-aseguru baten onuradunak direla. Ondorioz, egoera latz horretan daudenean, ez dute jakingo erreklamatu egin dezaketela.Zein da zure erreakzioa?