Enpresako BGAEak

Enpresako BGAEak

3 min.

Enpresako BGAEak

Herritar askok erabakitzen dute euren egungo diru-sarreren zati bat aurreztea etorkizuneko erretiroa biribiltzeko. Laboral Kutxako bazkide langileok, MONDRAGON taldeko kooperatibetako gainontzeko bazkideek bezala, autonomoetan kotizatzen dugu. Eta gure erretiroak kezkatu egiten gaitu. Horregatik, kooperatiben mugimenduaren ia hasieran, Lagun Aro, EPSV sortu genuen, gure beharretarako propio diseinatutako aurreikuspen-tresnarekin gure etorkizuna bermatzeko. Jakin nahi al duzu zer diren enpresako BGAE hau eta beste batzuk?

BGAE bat zer den

BGAEak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik aurkituko dugun finantza-produktuak dira. Langileei edo lan-bazkideei estaldura eskaintzen die erretiroa hartzean edo aurreikusitako egoeretan, hala nola, titularraren heriotza, iraupen luzeko langabezia edo ezintasun iraunkorra gertatuz gero. Lan-bizitzan zehar kapitalak gordetzen joatea da helburua, eta kapital horiek eguneratuz joaten dira fondoaren ardura duen erakundeak lortzen duen errendimenduaren arabera.

2012aren bukaeran, gestionatutako 20.000 milioi euroko muga gainditu zuten finantza-produktuok. Euskal Autonomia Erkidegoaren BPGaren herena da hori, 15en Europar Batasunean ematen den ehunekoaren antzekoa eta Espainiako datuak baino nabarmen handiagoa (BPGaren % 8,2 bakarrik).

BGAE motak

BGAEak norberarenak edo enpresakoak izan daitezke. Lehenengoan onuradunak berak egiten ditu ekarpenak, eta bigarrenean, berriz, ekarpenak enpresarenak edo bien artekoak izan daitezke.

Bi moten arteko alderik handiena likidezia da: banakako BGAEetan, lehen ekarpenetik 10 urte igarotzen direnean, inbertitzaileek euren dirua berreskura dezakete inongo azalpenik eman gabe.

Dirua eskuratzeko askatasun hori ez dute enpresako BGAEek eskaintzen. Horietan, kapitala erretiroa hartzean eta muturreko egoeretan bakarrik eskura daiteke, adibidez, titularraren baliaezintasuna, iraupen luzeko langabezia edo heriotza gertatuz gero.

Lagun- Aro, EPSV

Lagun Aro, EPSV da ondare gehien kudeatzen duen mota horretako fondoetako bat (enpresako BGAE), Geroa Pentsioak, EPSV, Hazia bbk, EPSV edo Elkarkidetza, EPSV direlakoekin batera.

Lagun-Aro, EPSV fondoan, prestazioak finantzatzeko, kooperatibek hilero kuotak ordaintzen dituzte mutualistak onuradun izan daitezen.

Ohiko prestazioak estaltzeaz gain (erretiroa, alarguntza eta ezintasun iraunkorra), Lagun Aro, EPSVk osoko estaldura eskaintzen die Laboral Kutxako bazkide langileei, barruan hartzen baititu, besteak beste, osasun-laguntza, aldi baterako ezintasuna, enplegurako laguntza, desgaituentzako laguntza, heriotzagatiko laguntza, amatasuna, aitatasuna…

Eta enpresa uzten badut?

Enpresako BGAEa duen langileak lana aldatzen badu ez du galtzen bere kontuan gordetakoa. Kapitala bertan gordeta gelditzen da eta finantza-errendimenduaren arabera eguneratuz joango da, aktiboan egongo balitz bezala, erritmo berean. Enpresako BGAEa denez ezingo du eskuratu, nahiz eta hamar urte igaro. Erretiroa hartzean edo aurreikusitako egoeretan bakarrik eskuratu ahal izango du.

Zure BGAEa beste erakunde batek kudeatzea nahi baduzu, transferitu egin dezakezu, betiere baldintza berberei eutsita: hau da, fondo berria aurreikusitako egoeretan bakarrik erabili ahal izango da.

Gure BGAEa –Lagun-Aro, EPSV– enpresakoa denez, MONDRAGONeko bazkideek ere ez dute erreskate-aukerarik. Kooperatiba uzten duen bazkidea mutualista etena izango da eta bere izenean dagoen kapitala onartuko zaio; halaber, kapital hori urtero eguneratuz joango da lortutako errentagarritasun errealaren arabera.

BGAEen fiskalitatea

BGAEek eta pentsio-planek fiskalitate berdina dute, jende askok uste ez badu ere. BGAEak Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik daude, eta erretirorako aurrezpen-sistemek (bai pentsio-planek eta baita BGAEek ere) bestelako fiskalitatea dute berezko ogasuna duten lurralde historikoetan eta erkidegoetan (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa). Hortik dator askoren nahasmena.

Ekarpenen ondoriozko murriztapenak

Pentsio-planen kasuan bezala, BGAEetara egiten diren ekarpenek eragin positiboa dute Errenta Aitorpenean, zerga-oinarria murrizten baitute (eta horren araberakoa izango da ordaindu beharreko zerga), betiere ogasun bakoitzak finkatutako urteko gehienezko mugaren barruan.

Enpresako BGAEen kasuan, ekarpenak partekatuak badira guk geuk jarritakoaren araberakoa izango da murriztapena. Ekarpenak enpresak egiten baditu berak bakarrik izango ditu zerga-abantailak.

Eskuratzeen PFEZa

Dirua berreskuratzean, eskuratze horiek lan-etekintzat hartzen dira, eta beraz, dagokigun PFEZa ordaindu beharko dugu.

Banakakoen BGAEetan bada salbuespen bat: kapital modura berreskuratzen bada (dena batera, hilez hile izan beharrean), eskuratutako % 40 salbuetsita dago eta ez dagokio zergarik ordaintzea (“garbi” ateratzen dugu); gainontzeko % 60a lan-etekin modura aitortuko dugu eta horren araberako zerga ordaindu beharko dugu (PFEZ tasa bera). Errenta modura kobratzen bada (hilez hile) % 100 egongo da zergapean.

Enpresako BGAEen kasuan (Lagun Aro, EPSV barne), errenta modura kobratzen direnez, zerga hilerokoa izango da eta dagokigun PFEZ tasa bera ordaindu beharko dugu, beste edozein lan-etekinekin egingo genukeen moduan.


Zein da zure erreakzioa?


Erlazionatutako beste kanalak

Autonomoentzako aholkularitza Finantza kudeaketa